Emakume sarea landan lanean

Emakume sarea landan lanean

Uxue Gutierrez Lorenzo

Hirigune zaratatsu eta jendetsuetatik kanpo, irudi bat uzten dute landa guneetako parajeek: han-hemenka sakabanatutako baserriak, mendi gune malkartsuz inguratuta, bakarti bezain isil. Etxaldeko Emakumeak taldeko Maritxu Arroyok azaldu du eremu horietan bizi diren emakumeen egoera bereziki gogorra dela: “Baserriko emakumeak bakarturik bizi dira. Ez dute elkarren berririk, eta hori izan da gure lehen helburua: bakardadea apurtu eta emakume baserritarren sare bat osatzea”.

Orain zazpi urte osatu zuten taldea, eta hasiera-hasieratik izan dute argi oinarria: “Auzolanaren espiritua berreskuratu nahi genuen, elkarlanean lan egin eta aliantzak sortzeko”. Eta, ideia hori buruan zutela, auzolandegiak antolatzeari ekin zioten. Duela hiru bat urte egin zuten aurrenekoa, “proiektu pertsonal bakoitzari erantzun kolektibo bat eman nahian”. Beharraren arabera hautatzen dituzte tokia eta egitekoa, eta etzi egingo dute auzolandegia, Zamudion.

Baratzenea proiektua garatzen laguntzeko oinarriak finkatzea da asmoa, soroko lurra landuz. “Taldeko emakume batek Zamudion duen negutegi bat martxan jartzera goaz oraingoan. Garbitu, eta lurra prest utziko dugu udaberrian uzta landatu ahal izateko”, dio Arroyok. 09:00etan jarri dute ordua, eta lana bukatzean elkarrekin bazkaltzeko gonbita ere egin diete emakumeei.

Ahalegin horretan, zenbait leku ezagutu dituzte dagoeneko. Iaz, esaterako, Antzuola (Gipuzkoa) eta Zeberio izan zituzten geraleku. Neguko aldian oilategi bat eraiki zuten Antzuolan, eta udazkenean sagar bilketan jardun ziren Zeberion. Arroyok jakinarazi duenez, urtaro bakoitzeko auzolandegi bat antolatzen saiatu dira, eta, orain artekoan, Bizkaian eta Gipuzkoan izan dira guztiak. Dena dela, Nafarroara egingo dute salto lehenengoz udaberrian, beharrak hala eskatuta.

Taldearen osaerak eragina izan du horretan. Izan ere, talde sustatzaileko kide gehienak bizkaitarrak direla aipatu du Arroyok; eta, ondorioz, ekintza gehien Bizkaian egiten dituztela. Hala ere, herrialde bakoitzean talde “autonomoak” eratzea da xedea. Oraingoz, orotara laurogei bat emakumek osatzen dute sarea, baina beste alorretako emakumeekin ere harremana dutela dio Arroyok: “Mugimendu feministarekin oro har aliantzak sortu nahi ditugu. Harremanetan gaude Emakumeen Mundu Martxarekin, Bilgune Feministarekin eta Mamiki konpartsarekin”.

Izan ere, lanak batik bat baserri inguruetan egiten dituzten arren, Arroyok aipatu du edozein jardunbidetako emakumeak bertaratu daitezkeela, baserritar izan edo ez: “Gure taldean feminismoarekin identifikatzen gara, eta horregatik gonbidatzen ditugu mugimendu feministan aritzen diren emakumeak auzolanera. Momentu polit bat sortzen da emakume baserritarren eta gainontzeko emakumeen artean”. Horrela, “hiriko feminismoa” sorora hurbiltzeko aukera suertatzen dela uste dute taldekideek. “Batzuetan, feminismoak ez du landa eremuetara begiratzen; hiritik datorren mugimendua da, bertan sortua. Eta, askotan, emakume baserritarrak ez dira oso identifikaturik sentitzen”.

Hausnarketa hori abiapuntu zutela hasi ziren baserriko andreak batzen, etxaldeko mugimendu mistoa ernaltzen ari zen une berean.Orduantxe sumatu zuten emakumeek bakarka batzeko beharra, landa guneetan bizi diren andreen errealitatea islatu guran. Sorreratik, bi mugarri izan dituzte: elikadura burujabetza eta feminismoa. Bi norabideetan jarduten dute, bietan nabari baitute hutsunea.

Batetik, etxaldeetako mugimendua ernetzearekin batera hasi ziren emakumeak euren kabuz antolatzen, elikadura burujabetza oinarri zuten proiektuetan ikuspegi feminista eransteko asmoz. “Etxaldeko mugimendu mistoa maskulinizatua eta zahartua dago. Dinamika hori apurtu nahi dugu”. Eta, bestetik, berriz, feminismo “urbanoan” euren ikuspegia txertatzeko beharra ikusi zuten. “Mugimendu feminista nekazari munduko emakumeen ikuspegiarekin ere kutsatu nahi dugu”. Aldebiko jarduna ardatz, proposamen jakin bat gorpuztu dute, baita izena jarri ere: agroekofeminismoa.

Agroekofeminismoa

Kontzeptuaren funtsa azaldu du Arroyok: “Gure proposamen politikoa da agrofeminismoa. Feminismoak bizia jartzen du erdigunean, eta guk elikadura jartzen dugu biziaren erdigunean”. Oinarri horri helduta garatu dituzte eztabaida, barne prozesua eta lehenbiziko urratsak.

Arlo ekonomikoari eta afektiboari: pauso horiek bi alorrei egiten diete erreferentzia. Batetik, garapen iraunkorra sustatu nahi dute eredu agroekologikoaren bidez. Eta, horrez gain, harremanetan jarri nahi dute arreta, elikadura burujabetza oinarri hartuta.

Alde horretatik ere, emakumezkoen jakintza berreskuratu nahi dute; izan ere, haien aburuz, andreek landa guneetan dituzten lan asko ez dira aintzat hartzen. “Gure proiektua integrala izan dadin, andreen lanak ikusarazi behar dira: sukaldeko lanak, etxeko zaintza edo abereen elikadura. Orain arte, lan osagarriak esaten zaie”.