Eider Mugartegi
Kolorea deigarri egiten da Jose Pablo Arriaga artista markina-xemeindarrak Osteko kalean daukan tailerreko ate paretik igarotzean. Kaleko begirada erakartzen duen ezaugarri hori ez da izaten ohikoa haren lanetan; ez du inoiz kolorerik erabiltzen, zuria eta elementu naturalak besterik. Bere tailerra bihurtu du erakustoki, gainera, lehenengo aldiz hori ere. Erabaki zail bat hartu behar izan du artistak: bere aitonak duela 85 urte hasitako tradiziozko egur taillatzea bukatzea; haustura horren isla da erakusketa.
Bi obratan bereizten du sorkuntza berria. Alde batetik, belaunaldietatik Arriaga sendiak egin dituen Euskal Herriko kutxa tradizionalen ateak eta piezak plastikozko poltsetan batu, eta hutsean gorde ditu denbora luzean erabili nahi ez diren arropak bezala, eta larru, burdin, egur edota granito itxurako elementu edo kolorez estali ditu. Artistak azaldu duenez, plastikoan ontziratuta egonik, babestuta, artelanari ez dio axola gainean zer kolore jarri. “Barruan dagoena da garrantzitsua, baina kanpoan dagoenak ez dio eragiten”. Hori dela-eta jarri dio estalkia pieza bakoitzari.
Balio barik
Mundua ere bide horretatik doala dio artistak: balioek ez omen daukate garrantzirik. “Aurreko garaietan, altzariak egiteko materialak zeukan pisua. Intxaur arbola, gaztainondoa… egur oneko altzariak erabiltzen ziren, betiko izaten ziren, balioa zeukaten. Gaur egun, ordea, tinta pixka batekin tonua emandako edozein aglomeratu nahikoa da jendearentzat. Bide horretatik goaz, eta inor ez da arduratzen”.
Ordea, artistarentzat taillek balio handia daukatenez, hutsean gorde ditu, eta, gero, kanpoan egiten denak “bost axola”. Gainera, hutsean gordeta egon arren, eta nahiz eta apaindura izan gainetik, azpian dagoena sumatzen da argi-argi. Balioa duen pieza geldirik dago, baina garbi erakusten du zer den. Muturtxo eta eskutoki batzuk ere jarri dizkie. Batzuk eskegita jarri ditu tailerreko hormetan, noiz berrerabiliko zain; txikiagoak kutxen gainean daude, itxaroten.
Anaiarekin zerikusia
Tailerreko hormetan zintzilikatutako bigarren bilduman, koloretako plastikoek egurra estaltzen dute, eta egurrek plastikoen lana egiten dute, zakarrontziak balira bezala. Taillek bi aukera dituztela dio artistak: apaingarri moduan jarraitu edota gorde eta denbora luze batera berriro agertu. “Plastikoaren garaipenak menperatu du artisauen eskulangintza. Horregatik, une honetan, taillak hondakinen kudeaketari men egitea beste aukerarik ez du”.
Bigarren obrak zerikusia dauka taillak egiteari utzi eta lanbide berrian hasi den artistaren anaiarekin. Arriagak azaldu duenez, plastikoarekin lotura zuzena dauka anaiaren lan berriak, eta gaur egun plastikoak daukan nagusitasun hori adierazi nahi izan du bere lanean, zaborrari eta birziklatzeari buruzko instalazio bat sortuz. Horretarako, euskal taillak, plastikoa eta kolorea elkartu ditu, eta bere obretan errepikatzen den bereizgarri bat gaineratu die: mugimendua. Arriagaren lanek tolestura edo kurbadura bat izaten dute, eta tolestura hori eman dio egurrari.
Jose Pablo Arriagak taillak egitea ez da ohikoa izaten. Beste bide bat aukeratu zuen artistak bere sormena adierazteko, altzari edo eskulturen bidez. Sinbologia propioa sortu, eta egiten dituen piezetan islatzen du eskultoreak. Hala ere, taillak egin dituen aldietan sinbolo bat errepikatu du beti: lorea. Markina-Xemeingo karkabetako ateak edota Arantza hotelarentzat diseinatutako ateak apaintzeko erabili zuen, era berean, lore hori. Eta Arriagaren obra berriaren ezaugarrietako bat ere bada lore txiki bera. “Lorea eta puntua errepikatuz testura bat sortzen da. Puntu bat, beste puntu bat, hurrengo beste bat errepikatuz doa, eta sare bat sortzen da”.
Lagunarteko ekitaldi batekin inauguratu zuen artista markina-xemeindarrak Hutsean deitu duen erakusketa berria. Eta nahi duten guztiek bisitatu ahal dute orain, tailerraren ordutegian.