Bizkaira urtero 85.000 turista gehiago erakartzeko plana

Bizkaira urtero 85.000 turista gehiago erakartzeko plana

Aitziber Laskibar Lizarribar

Begi bistakoa da asko handitu dela turismoa Bizkaian. Bisitarien jomuga nagusi bihurtu diren guneak lepo bete dira azken urteetan, eta hiriburua ere atzerritarrez josi da hainbat sasoitan. Instituzioek kaleratutako datuek berresten dute joera hori: azken lau urteetan %20,1 hazi da turista kopurua Bizkaian, eta ostatu gauak %25,3. Marka guztiak hautsi dira, zalantzarik ez dago. Baina gehiago nahi dute instituzioek. Turista gehiago erakarri nahi dituzte Bilbora eta Bizkaira, eta plan oso bat prestatu dute: 2019-2025 Turismo Ekintza Plana.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak elkarlanean egindako plana da datozen zazpi urteei begirakoa. Bilbao-Bizkaia markarekin gauzatuko dute plana, eta 93 ekintza izango ditu marka horren babesean. Horretarako bederatzi milioi euro bideratuko dituztela jakinarazi du Imanol Pradales Bizkaiko Garapen Ekonomikorako foru diputatuak: “Sektorea sustatzeko” lau milioi euro jarriko dituzte, eta beste bost milioi “ekitaldi handiak erakartzeko”. 2018an izan ziren nazioarte mailako ekintza erraldoiei liluraz begiratzen diete oraindik, eta, hori berdintzea zaila dela badakiten arren, halako ahalik eta gehien erakartzea amesten dute.

Hiru helburu nagusi ezarri dituzte datozen zazpi urteetarako ekintza planean. Lehenik eta behin, “etengabeko hazkundea” nahi dute jasotako turismoari dagokionean. Zenbakia ere jarri diote helburuari: bisitari kopurua urtero %5 handitu dadila; alegia, urtetik urtera 85.000 turista gehiago etortzea Bizkaira. Gaur egun 1,7 milioi bisitari hartzen ditu lurraldeak urtean, eta 2025. urterako 2,4 milioi izatea dute helburu.

Bisitariak bertan denbora gehiago gera daitezela ere helburutzat zehaztu dute plangintzan aldundiak eta Bilboko Udalak. Azken urteetan gora egin du kopuru horrek ere, eta bisitariko bi gaueko batez bestekoa gainditu da lehen aldiz. Kostaldean 2,16 gauekoa da batez bestekoa, Gernika aldean 2,36koa, eta 1,82koa Bilbo aldean. Hiriburuko batez bestekoa 1,97koa da. Bi gaueko langa gainditu arren, egonaldiak gehiago luzatu nahi dituzte planaren sustatzaileek. Urteko %6 handitu nahi du igarotako gau kopurua; urtero, 200.000 gau gehiago izan daitezela. Hala, urtean hotel eta ostatuetan egiten dituzten 3,4 milioi gautik 5 milioi gaurako jauzia egin nahi dute zazpi urte barrurako.

Horretarako azpiegiturak gehitzen ari direla gogoratu du Pradalesek, harro: eraikitzen ari diren hotel berriak direla-eta mila logela gehiago egongo direla turisten zain, datozen urtetan. 2015ean %35eko okupazio maila izan zuten Bizkaiko hotelek, eta iaz, %58 egon ziren beteta, Europako rugbi finalak, MTV sariak eta 50 Best Restaurants moduko ekitaldi erraldoien eraginez.

Turismoa gehitu dadila ez ezik, turismoaren hazkunde hori “kualitatiboa” izan dadila hartu dute bigarren helburutzat aldundiak eta udalak: turista bakoitzak diru gehiago gastatzea. Bi multzotan banatu dute bisitariek egiten duten gastua planaren sustatzaileek: Espainiako Estatuaren muga barrutik datozenak talde batean sartu ditu, eta mugatik kanpo datozenak bestean. Estatutik datozenek 297 euro uzten dituzte, batez beste. 2025erako gastu hori handitzea nahi dute bi instituzioek; ordurako, batez beste 365 euro xahutu ditzala bakoitzak. Espainiaren mugetatik kanpotik datozenek diru gehiago uzten dute oro har; batez beste, 398 euro. Bada, zazpi urte barru kopuru hori 510 eurokoa izan dadila nahi dute.

Zabalduago

Hirugarren helburu nagusitzat, datorren turismo hori “jasangarria” izan dadila da, Xabier Otxandiano Bilboko Garapen Ekonomikorako zinegotziaren hitzetan. Horrek zer esan nahi duen, plana aurkezteko txostenean jaso dute: “Nazioarteko merkatuen eskaria indartu nahi da, bai eta errepikapen tasa ere, ondo banatuta dagoen goi denboralditik kanpoko fluxua sortzeko, bai urteko une ezberdinetan, bai Bilbao-Bizkaia barruko lekuetan”. Alegia, atzerritik etorritako turistak nahi dituzte batez ere, goi denboraldietatik kanpo ere etor daitezela, oraingoz bisitarien jomuga nagusi ez diren lekuetara ere heldu daitezela, eta etortzen direnak berriro ere etor daitezela. Hain zuzen, Espainiako Estatuaren mugetatik kanpo datozenen errepikapen kopurua da gehien handitu nahi dutena; egun, turista horien %11 dira itzultzen direnak, eta 2025erako %25 izan daitezela nahi dute planaren sustatzaileek.

Eskaintza berezien sortak

Hiru helburu nagusi horiei begirakoa da aurkeztu duten ekintza plana, eskaintza sortak oinarri dituena. Hain zuzen, gaur egun Bizkaira iristen den turista lurraldeak berez dituen altxorrek erakarrita etortzen dela ondorioztatu dute Pradalesek eta Otxandianok; etorri izanaren arrazoia ez dela eskaintza erakargarriak aurkitu izana. Horixe izango da, beraz, planaren ardatza: kanpotarrentzat berezi izan daitezkeen eskaintzekin sorta diferenteak osatzea. Horrela jende gehiago erakarriko dutela uste dute, turista horiek denbora luzeagoz geratuko direla bertan, eta diru gehiago xahutuko dutela.

Sei “produktu programa” osatu dituzte hartarako, besteak beste paisaiak, ibilbideak, tradizioa eta kultur ekitaldiak amu dituztenak. Gastronomia eta erosketak egiteko proposamenak ere txertatzea gomendatzen du txostenak, diru gehien uzten duena horixe dela gogoratuta.

Guzti horrekin, turismoak ekonomian pisu handiagoa izango duela espero du aldundiak. Azken urteetako hazkundearen ondoren, turismoak Bizkaiko barne produktu gordinaren %5,3 sortzen duela kalkulatu du, eta eragin hori areagotu nahi du.

Sei oroduktu programa

Ibilbide luzeak. Turismoa lurraldean zabaltzea eta gastua handitzea ditu helburu. Kostaldeko herrien ibilbideak egingo dituzte, natur parkeenak eta arkitekturari zein nortasunari lotutakoak, besteak beste.

Ekitaldi handiak. Basque Fest zigilua sortu, eta eskualde bakoitzean nazioarte mailan erreferentziazkoak izango diren ekitaldiak indartu edo sortzea proposatu dute. Mundaka Fest da eredu horren adibide bat.

Bizkaiko txakolina. Uribe, Busturialdea, Enkarterri, Durangaldea, Lea-Artibai. Bizkaiko herri askotan ekoizten da txakolina. Turismo produktu gisa egituratu, eta askotariko eskaintza sortak sortuko dira.

Nitxo produktuak. Bizkaian badira balio erantsia duten eta interesa sortzen duten hainbat alor. Horiek ikusarazi nahi dituzte eta produktu espezializatuak sortu. Diru gehiago uzten dute.

Ikono handiak. Turismo ikono handien garrantzia nabarmendu, eta inguru horiek edertu eta egokitu nahi dituzte; aparkatzeko eremuak hobetu eta zerbitzuak osatu. Gaztelugatxe da adibide bat.

Txangozaleentzat. Eguneko proposamenek Bilbon egonaldiak luzatuko lituzkeela diote, eta eskualdeetara ere bideratuko liratekeela. Erosketa eta gastronomiarekin uztartzeak diru sarrerak areagotuko lituzke.