Natalia Salazar Orbe
Itsasoari begira bizi den herri bat da Bermeo. Hari lotuta egon da mendeetan, hura zaintzen, haren astinduei eusten eta handik edaten. Arrantzale, saregin, sardinasaltzaile eta neskatilaz josita, itsasoarekiko eta arrantzarekiko loturarik estuena izan duen Busturialdeko herria da. Horrek idiosinkrasia berezia eman dio Bermeori. Izaeraz harago, hizkuntza bera ere jantzi eta aberastu dute itsasoarekin lotutako berbek. Bereziki, arrainen izenek. Azken urteetan erabat aldatu da irudi hori. Ahaztuak dira itsasontziak portuan sartu orduko talaiatik abisua eman eta arraina deskargatzera jaisteko egunak. Orain, herritar gehienek ez dituzte ezagutzen garai batean hartzen ziren arrain mota guztien izenak. Arrainon izen zientifikoez gain, bermeotarrek eurek emandako izenek ere garrantzi handia izan dute: itsasoko espezieak izendatu ostean, ezaugarri jakin batzuk dituzten gizakiak izendatzeko ere erabili dituzte izen horiek. Ondare hori guztia berreskuratzeko eta ezagutu ez duten edo ahaztear duten belaunaldiei ezagutarazteko, erakusketa bat jarri dute Arrantzaleen Museoan: Arrainak Bermeon: izena hartu eta izena emon.
Arrainen ilustrazioak dituzten bederatzi paneli eta ikus-entzunezko bati esker, bertaratzen direnek arraina zer den ezagutuko dute. Arrainen izenak zer-nolakoak diren jaso dute, nondik datozen, zenbat espezie dauden… eta portu batetik bestera arrainen izenetan dauden aldaerak ikusi ahalko dira. Baina bereziki Bermeoko arrainen izendegia jaso dute. Izan ere, bertako arrantzaleek harrapatzen zituzten arrainen izenak bereziak dira; gehienek badute horretarako zergatia.
Historiaren eta gizartearen bilakaerarekin batera, galduz joan dira izendapen asko. Hala ekarri du gogora Aingeru Astui Bermeoko Arrantzaleen Museoko zuzendariak. Arrazoiak ere eman ditu: “Gaur egungo harrapaketak ez dira garai batekoak. Urte barruan sei edo zortzi arrain mota hartzen dituzte; ez dira hartzen lehenagoko beste. Eta berba bat ez denean erabiltzen, galdu egiten da”. Hori eragozteko harri koskorra jarri nahi du museoak. “Bermeon erabiltzen ziren arrainen izenak berreskuratu nahi ditugu”, azaldu du Astuik.
Pertsonen izaerak
Gainera, izendapenok harreman bitxia izan dute herriarekin eta herritarrekin. Herritarrek eman diete izena arrainei, eta arrain horietako batzuen izenak pertsonen izaerak izendatzeko erabili dira gero. “Pertsonen egoerei, izaerei, jarrerei edo itxura batzuei buruz hitz egiteko, arrain baten izena aipatzen da”.
Adibideak ere eman ditu: “‘Txo, ez hadi izan tolle!’. Horrek esan nahi du pertsona xantarra, alferra edo utzia ez izateko. Edo ‘Beitu ha itsukidxe!’, ondo ikusten ez duenari aipamen egiteko”. Tolle eta itsukidxe bi arrain mota dira, Bermeoko hizkeran. “Halako berbak arrainen izenak ziren hasieran, baina pertsonak deskribatzeko ere balio izan dute gerora. Pertsonak ipintzen dio izena arrainari, eta, gero, arrainek pertsonei. Horiek ere berreskuratu nahi ditugu”.
Pertsonak izendatzeko izen horietako batzuk ez dira galdu, eta oraindik ere erabiltzen dira. “Batzuk mantentzen dira. Hala ere, erabiltzen dituenak agian ez du jakiten zehatz zeri buruz ari den”.
Bermeotarrek hartutakoak
Arrantzaleen Museoko gorengo solairuko hormak janzten dituen erakusketako arrainen izen guztiak Bermeoko arrantzaleek harrapatutako espezieei dagozkie. “Denak dira bertakoak. Batzuk tropikalak dira, baina bertoko baxurako ontziek harrapatzen dituztenak dira. Hain zuzen, Bermeoko arrantzaleek arrainei ipinitako izenak dira”.
Ehundik gora espezie jaso dituzte. Horietako asko hemengo kaletan arrantzatzen zituztenak dira. “Normalean, asko hartzen diren arrainak —bokartak edo atuna, adibidez— migrazio arrainak dira. Baina bertako kaletan aurki daitezkeen gehienak bertokoak dira. Gaur egun ez dira harrapatzen, ez dutelako balio handirik. Ondorioz, izen horiek ez dira erabiltzen. Patroi gazteei ere gertatzen zaie. Sarri deskuiduan harrapatzen dituzte arrain batzuk, eta ‘zer ote da hau?’, galdetzen dute. Orain, hemen, espezie jakin batzuk harrapatzen dira: atuna, bokarta eta zimarroia, besteak beste”.
Lehenago, denetariko espezieak hartzeko joera zuten arrantzaleek. “Ale bakarra besterik ez bazen ere, hartu egiten zuten. Jakiten zuten zeinek balio zuen salmentarako eta zeinek ez. Eta izena izaten zuten arrain bakoitzarentzat”.
Bestelako erabilerak
Arrain batzuek, jateko ez izan arren, bestelako erabilera batzuk ere izaten zituzten garai batean. “Adibidez, arrain batzuen gibela, urtuta, kriseiluetan argia egiteko erabiltzen zen. Urtuta, olioarekin sua piztu, eta argia egiten zuten. Beste batzuen azala arotzentzako lixa moduan erabiltzen zuten. Orain, ordea, lixa lortzeko ez zara joango arrain baten bila haren azala hartzeko, badaude-eta lixa industrialak. Eta argia pizteko ere nahikoa dugu botoi bati ematea; ez da behar gibelik horretarako. Beraz, oso aspaldi galdu zen arrain horien interes komertziala”.
Salmentetan kontsumorako interesa ere galdu dute beste askok. “Gaur egun, salmentetan saltzen diren espezieak bai, baina gehiago ez da ikusten. Lehenago, lebazaleen salmenta arratsaldeko seietan egiten zenean, beti egoten ziren legatza edo bisigua, baina beste espezie batzuk ere ikusten ziren. Interes gutxiagokoak ziren, baina aurki zitezkeen liridxuek, gardak, marraidxuek, espaginek, garrikuek… Hainbat espezieren bizpahiru pieza egoten ziren, eta saldu egiten ziren”.
Izen horiek guztiak berreskuratzea da, beraz, erakusketaren helburua. “Jendeak jakin dezan existitzen direla eta, mantentzea lortzen ez badugu ere, gutxienez jasota gera daitezela”.
Izen saltsa
Arrainek izen zientifikoa izaten dute, zientzialariek jarritakoa. “Latinez izendatzen dituzte. Baina horietako batzuk ere aldatu egiten dira denborarekin. Izan ere, gerta daiteke espezie bat familia jakin batekoa dela pentsatu izana eta urteekin konturatzea beste familia batekoa dela. Orduan, izen zientifiko hori ere aldatu egiten zaio”. Nazioartean onartzen den bakarra da izen zientifikoa. Bi berbak osatzen dute: generoaren izenak eta berariazkoak. Horren adibide da Diplodus sargus.
Izen zientifiko horietatik zuzenean hartzen dute izena arrain batzuek. Beste batzuek, berriz, itxuraren arabera lortu dute beraiena. “Esaterako, itsas zapoa. Zergatik deitzen zaio horrela? Itsusia delako. Edo urreburua. Zergatik jarri zaio izen hori? Buruan urre kolorea daukalako. Itsas katuak, bestalde, katuaren antza du”.
Zerrenda luzea eratu dute. Itxurari ez ezik, espezieon jarduerei ere erreparatzen diete izendapenetako batzuek. Besteak beste, erridxo arraina aipa daiteke: erreketatik gora ere sarri sartzen dela dio izenaren ondoan jasotako azalpenak.
Bada sor daitezkeen zalantzak argitzeko xehetasunik ere. Esaterako, hegalaburra eta hegaluzea zein diren argi ageri da zerrendan. Atuna atun zuria da, eta arrain hegaluzea. Oso ona da jateko, freskotan zein kontserban. Zimarroia, berriz, atun gorria da, eta hegalaburra. Hori ere oso ona da freskotan zein kontserban jateko. Haginzorrotza ere jaten da, baina ez da atuna edo zimarroia bezain preziatua. Bestalde, errolfina Bermeoko arrantzaleek Ekuatore Afrikan eta Indiako ozeanoan harrapatzen duten espezierik garrantzitsuena da. Yellowfin izen ingelesetik abiatuta izendatu dute bermeotarrek era horretan.
Historia, arrantzaren bilakaera, euskara eta herri hizkuntza uztartzen ditu, beraz, ekainera arte bisita daitekeen erakusketa horrek. Astuik berak jasoa eta argitaratua zuen informazioa baliatuta prestatu dute. Itsasoari begira kokatutako museoak herriaren ondarea babesteko beste saiakera bat.