Natalia Salazar Orbe
Argi koloretsuz jantzi dira herrietako eta, bereziki, Bilboko kaleak. Kate handietako dendetako erakusleihoek elurra irudikatzen dute, Euskal Herriko giroa beharrean, Zirkulu Polar Artikoan girotutako txokoak balira bezala. Eklipsatuta geratu dira izatez eguna luzatzen hasten delako ospatzen zen neguko solstizioaren ospakizunak. Gabon giroa sumatzen hasia den garai horretarako kultur eskaintzak ere izan ohi du susperraldia. Jardueraz bete dituzte datozen asteetarako egitarauak herri txiki zein handiek. Lagin txiki bat besterik ez da ondokoa.
Umeak izango dira Gabon garaiko protagonista nagusiak, baina helduentzako proposamenak ere aurreikusi dituzte bateko eta besteko herrietan. Arrigorriagan, zinema, antzerkia, tailerrak, kirola eta haurrentzako jarduerak uztartzen dituen egitaraua prestatu dute. Besteak beste, patinaje artistikoko erakustaldia eta Black is Beltza filmaren emanaldia izango dira.
Gabonaldia programa iragarri dute Barakaldon, abenduaren 21etik urtarrilaren 5era bitartean. Berritasunen artean, haurrentzako zirko tailerrak eta zirko emanaldiak aurkeztu dituzte. Hala ere, adin guztientzako 70 jarduera baino gehiago prestatu dituzte. Horien artean dago Beldurrezko Tunela: Lutxanako Teknikaren Museoan jarriko dute, 12 eta 35 urte arteko herritarrei zuzenduta dago, eta tunelean sartzen direnek pertsonaia ilunak, ezusteak eta misterioa aurkituko dituzte.
Barakaldon bertan, Umeen Gabonetako Parkea hartuko du, beste urtebetez, BECek, abenduaren 19tik urtarrilaren 5era.
Kultur eta kirol emanaldiak uztartuko dituzte Berangon, datozen asteetan. Apika taldeak Olentzeroren lagunak ipuina kontatuko du, etzi. Umeak izango dira protagonista hilaren 26an eta 27an ere: Gabonetako Umeen Parkea irekiko dute frontoian, eta bertan jolasak, tailerrak eta atrakzioak aurkituko dituzte herriko haurrek eta gazteek. Gazteria taldeak Ispiluan zehar errusiar balleta interpretatuko du, abenduaren 29an.
Berritasunekin dator aurten Bermeoko gabonetako egitaraua. Izotz pista jarriko dute, hilaren 28an, Lameran. Urtarrilaren 6ra arte goizez eta arratsaldez zabalduko dute. Bi euroren truk, ordu erdiko txanda batean parte hartu ahalko da. Jasotzen duten dirua helburu solidarioetara bideratuko dute. Urtero legez, puzgarriak jarriko dituzte Arene kiroldegiko igerilekuan. Gaur eta bihar Gabonetako azoka berezia egingo dute.
Ikuskizunei dagokienez, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen urteroko zitarik ez da faltako. Musua aurkeztuko dute, hilaren 27an. Abenduaren 20an, berriz, gospel kontzertua eskainiko du Goizargi Gospel Choir taldeak, Kafe Antzokian.
Hiriburuko kaleak eta aretoak Gabonetako protagonista izan ohi diren umeentzako jarduerez beteko dira. Azkuna zentroak, Gabonak Arte esperientzia artistikoko programaren bidez, arte garaikidea ezagutarazteko aukera emango du. Arte biziak, musika, ikus-entzunezkoak, literatura zein ilustrazioak baliatuko dituzte. Abenduaren 27tik urtarrilaren 4ra arte ikus-entzuleak protagonista bihurtuta, harritzeko, esperimentatzeko eta jakinmina bultzatzeko aukera eskainiko dute.
Euskalduna jauregiak abendu hasieran hasi zuen Gabonak programarekin jarraitzen du. Txikienen zaletasunetatik abiatuta, helduenen gustuko izan daitezkeen obretara bitarteko aukera zabala dago. Musika klasikoko kontzertuak, antzerkia, musikalak, dantza… Eskaintzarik ez da faltako. Euskarak presentzia izango du umeei zuzendutako bost ikuskizunetan: Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Musua, Alizia musikala, Pinotxo, Baleuko ekoizpen etxearen 3txulo, eta Pausokaren Go!azen 5.0 saioak. Azken bi horiek EiTBren bitartez egin dira ezagun. Helduek ere izango dute zer ikusi. Klasika blokean hainbat musika emanaldi hartuko dituzte. Eta Dantza blokeak, berriz, bi ballet ikuskizun ekainiko ditu: Moskuko Estatu Balletaren Beltxargen aintzira eta Intxaur-hauskailua.
Gainerakoan ere, eskaintza zabala izango da Bilboko txoko anitzetan. Erripako kaian Ametsen Fabrika txikigunea kokatu dute, izotz pista eta guzti. Horrez gain, gaur hasita, Gabonetako Azoka zabalik dago Areatzan. Baita Gabonart artisau azoka ere.
Auzoei begira, gaika antolatu dituzte jarduerak. Santutxun umorezko bakarrizketak programatu dituzte; Errekalden, zirku emanaldiak; Uribarrin, pailazoak eta clownak; Deustun, bertsolariak, euskarazko antzerkia eta Harkaitz Cano idazlearekin antolatu duten topaketa poetikoa izango dira, besteak beste.
Gaur hasi eta urtarrilaren 6ra arte luzatuko da gabonetako egitaraua, Durangon. Izotz pista jarriko dute aurten ere, Landako Gunean. Abenduaren 22tik urtarrilaren 6ra arte egongo da zabalik. Ikastaroak hartzeko izena ere eman daiteke. Horrez gain, hainbat jarduera iragarri dituzte, besteak beste, erakusketak, kontzertuak, antzerkiak, kirol ekitaldiak, kalejirak, txu-txu trena edota zirkua eta haur parkea.
Gabonetako Haur Parkea jarriko dute abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra, Ermuan. Puzgarriak, ohe elastikoak, ludoteka, jolasak zein bideokontsolak aurkituko dituzte herritarrek kiroldegian. Antzerkiak eta ikuskizunak ere ez dira faltako.
Gastronomia, mendia eta haur zein helduentzako ikuskizunak uztartuko ditu Gernika-Lumoko gabonetako egitarauak. Haurrentzako zirku tailerra antolatu du Zirkozaurre konpainiak, hilaren 22rako. Hurrengo egunean Iluntzarrerako mendi irteera prestatu du Go-Zale mendi taldeak. Merkatu plazan, berriz, gastronomia lehiaketa egingo dute egun horretan bertan. Barraskilorik gozoenak nork prestatu ariko dira goizean hasita lehiakideak. Hilaren 28, 29 eta 30ean Umeen Gabonetako Parkea irekiko dute, Jai Alai pilotalekuan. Dantzak, ikuskizunak eta puzgarriak izango dira bertan, besteak beste.
Gabonetako hiru haur parke izango dira, aurten ere, Santurtzin. Bata, Gernika parkean jarriko dute; bestea, Kabiezesen, eta hirugarrena, Mamarigan. Horrez gain, Peter Pan musika-antzerki ikuskizun inklusiboa iragarri dute urtarrilaren 2rako. Serantes kultur aretoak, berriz, Gabonetako Kontzertu Nagusia hartuko du abenduaren 29an. Bertan ariko dira, besteak beste, Celia Alcedo soprano santurtziarra eta Lars Jorge tenorea.