Peru Azpillaga Diez
Zurrunbilo batean biraka dago Atlhetic Club. Zazpi urteren ostean, Josu Urrutia presidenteak, alde batera pausoa eman eta hauteskundeetara deitzea erabaki du. Arrazoiak ez zaizkio falta. Kirol alorrari dagokionez, taldeak azken bi denboraldietan izandako beheranzko joera mantendu da aurten ere. Zurrunbilotik irten ezinik, Eduardo Berizzo entrenatzailearen aldeko apustua egin zuen Urrutiak. Azken apustua. Zurrunbiloan harrapatuta geratu baita Berizzo ere, eta, Ligako 14 partidatan garaipen bakarra eskuratu ostean, asteartean kanporatu zuten. Gaizka Garitano bigarren taldeko entrenatzaileak hartu du bere lekua.
Orain dela hilabete bat jakinarazi zuen Urrutiak abenduaren 27an izango zirela Athletic Club taldearen presidentea erabakitzeko hauteskundeak. Futbol taldearen norabide ezak, klubaren gainontzeko arloetan ere eragin nabaria izan du. Zantzuak errealitate bilakatu ziren: jokalari ohiaren proiektua agortuta zegoen eta Urrutia ez zen hauteskundeetara aurkeztuko. Hala, hautagai posibleen izenak agertzen hasi ziren: Javier Aldazabal, Jose Angel Corres, Mario Fernandez, Jose Antonio Jainaga… Denek ezezkoa eman zuten eta hautagaitzak aurkezteko epea irekita ere, hautagairik ez zen ageri ortzimugan. Goizetik gauera, ordea, zurrunbiloan bueltaka, presidentziarako lehia guztiz itzulikatu eta bi hautagai agertu ziren: Aitor Elizegi sukaldaria, eta Alberto Uribe-Etxebarria, Josu Urrutiaren zuzendaritza batzordean zazpi urtez kontuzain lanetan ibilitakoa.
Beñat Zarrabeitia kirol kazetaria Athleticen egunerokotasunean murgilduta dabil. Bere aburuz, hainbat irakurketa egin daitezke jazotako azken gertakarien inguruan. Azaldu duenez, lehenik eta behin, aipatu behar da Josu Urrutiaren agintaldiak (2011-2018) “nolabaiteko inflexio puntua” ezarri duela aurreko 25 urteetan gertatutakoarekiko: “Lantalde osoa berria zen, ez zegoen aldez aurretik zuzendaritza batzordeetan ibilitako kiderik eta horrek hauspo berri bat ematen zion klubari”. Hala, Urrutiaren proiektuak babes politiko eta sozial handia lortu zuen. “Gainera, kirol arloan Bielsarekin eta Valverderekin izandako emaitza onak eta emakumezkoen taldeak 2016ko Liga irabazteak ibilbide oparoa marraztu zuten”.
Zarrabeitiaren esanetan, ordea, hain zuzen emakumezkoen Liga garaipenaren ospakizunarekin batera hasi zen “nolabaiteko distantzia bat” sortzen Urrutiaren eta “EAJko sektore batzuren artean”. Urrutiak publikoki kritikatu zuen “berdintasunaren afera ezin zela soilik taldearen bizkar gainean utzi”. Geroztik, eta batez ere Valverdek taldea utzi ostean, emaitzek ez dute taldea lagundu eta, Zarrabeitiaren ikuspuntutik, “argi geratu zen Urrutiak albo batera emango zuela pausoa”.
Eszenatoki berri bat ireki zen orduan. “Hasieratik arlo ekonomikoak markatuta egon da, batez ere abalen kontuagatik”. Kirolaren Legeak hautagaiak behartzen ditu abal bidez ordaintzera aurrekontuaren %15. “Urrutia eta bere lantaldea sartzean, txikiagoa zen aurrekontua, 60 milioi ingurukoa; egun bikoiztu egin da, eta gauzak bide onetik badoaz, are gehiago handitzera joko du”. Bazirudien litekeena zela aurreko zuzendaritza batzordetik eratorritako hautagaitza bat egotea, hala izatekotan, ez zelako abalik ordaindu behar. Nagusiki, hiru izen zeudela azaldu du Zarrabeitiak: Aldazabal, Corres eta Uribe-Etxebarria. Gainontzekoek ez zutenez argi ikusi, azken horrek egin du aurrera. “Egun hauetan ikusi da babes politiko handia duela, eta seguraski, gehiago izango ditu datozen egunetan”.
Aurrean Aitor Elizegi sukaldaria eta Bilbao Dendak-eko presidentea izango du. Hasiera batean bere hautagaitza atzera bota ostean, aurkeztea erabaki du. Zarrabeitiaren ustez, El Correo eta Telebilbaoren babesa du Elizegik, baina ez du uste “urrutira” joango denik. “Lehenik, ostirala arte [gaur arte] du sinadurak lortzeko epea, eta ikusi beharko da zer gertatzen den”, ondorioztatu du.
Hauteskundeak baldintzatu ditzaketen gaiei buruz galdetuta, Zarrabeitiak argi du azken finean dena leku berera doala: “Kirol talde bat izanik, pilota aurkariaren ate barruan sartzea da helburua, beraz, kirol alorraren egonkortasuna bermatzea eta lehiakortasuna berreskuratzea izango da garrantzitsuena”.
Hala ere, askotariko korapiloak ere badirela aipatu du; bai “estrukturalak” —Lezamaeren inguruko lanketa, egokitzapenak egitea edota Amorrorturen ordezkoa hautatzea—, baina baita bestelakoak ere: “Harmailaren kontua dago, egun giroa hotzegia da eta ezinbestekoa da hori aldatzea. Klubaren demokratizazioa eta bazkideen parte hartzea sustatzea, abalaren alorra argitzea nahiz eta ekonomikoki taldea ondo egon kopuru ikaragarri altua delako, eta baita emakumezkoen taldean sakontzea ere”.
Horri guztiari, gainera, entrenatzailearen kargugabetzea gehitu behar zaio orain. Aitzitik, Zarrabeitiaren ustez, ez du zertan “eraginik” izan behar. “Gaizka Garitanok hartu du orain taldea eta ikusi beharko da zer nolako emaitzak lortzen dituen”. Hortaz, momentuz gauzak horrela mantenduko direla dio. “Azkenean, futbola apetatsua da eta, taldeak bi garaipen jarraian lortzen baditu, Garitano kritstoren entrenatzailea izango da denontzat eta ez da horren inguruan hitz egingo”, argudiatu du.
Presidente berriari dagokionez, bietako edozein izanda ere Urrutiarekiko alde “nabaria” egongo dela deritzo Zarrabeitiak. “Urrutiak profil altua du: jokalaria, kapitaina izana da; hedabideak, futbolariak eta kodeak ezagutzen ditu eta bera ordezkatzeak beste estilo bat ekarriko du”. Gainera, Urrutiak batzordean lidertza “oso sendoa” zuela dio, eta orain “elementu koralagoak” egon daitezkeela: “Gauza asko mantenduko dira, baina ez da eredu eta estilo berdina izango, Urrutiak oso profil markatua zuen”. Hori dela eta, Zarrabeitiak argi du: “Beste ziklo bat abiaraziko da”.