Peru Azpillaga
Urteak daramatzate akordioa lortu ezinik Karrantzako Udalak eta Bilbo Bizkaiko Ur Partzuergoak. Bizkaiko beste udalerri batzuk bezala, Karrantza ez dago partzuergoak kudeatzen duen sarearen barruan, eta, egun, udalaren esku dago bai kontsumo uren bai saneamendu sareen gestioa. Horregatik, bai udala eta bai Bizkaiko Diputazioa hitzarmen bat egitearen alde azaldu dira. Alde, baina ez ados; hain zuzen ere, behin partzuergoan sartuta abeltzainek uragatik ordaindu beharko luketen tarifa bilakatu baita hitzarmena egiteko oztopo nagusia.
2004. urtean eskatu zuen udalak partzuergoaren parte izatea. Geroztik, diputazioak ere zenbait azpiegitura eraiki ditu, horien gestioa etorkizunean partzuergoaren esku gera zedin. 2012. urtean, ordea, indar aldaketa izan zen udalean. EAJk alkatetza galdu zuen, eta Karrantza Zabala plataformak eskuratu, EH Bilduren babesarekin. “Ikusi genuen hitzarmenak ondorio larriak izango zituela herriko abeltzainentzat, eta, beraz, prozesua etetea erabaki genuen, arazo horri soluzio bat bilatzeko”, azaldu du Karrantzako alkate Raul Palaciok.
Karrantzan ehun azienda inguru daudela azaldu du, eta, beraz, “funtsezkoak” direla tokiko ekonomiarentzat. “Hitzarmena egiten badugu, abeltzainek askoz gehiago ordaindu beharko dute uraren truke, eta horrek ondorio larriak izango ditu sektorean”. Esne behi batek egunean ehun litro ur baino gehiago edaten du. Partzuergoan sartuko balira zenbait aziendak itxi egin beharko luketela dio Palaciok.
“Diputazioak berak egindako ikerketak, gainera, arrazoia ematen digu”, dio alkateak. Hala, tarifa %50 murrizteko eskatzen du. Jasotako azken proposamenean, partzuergoak onartu zuen tarifa %25 jaistea eta udalaren esku uztea beste %25a ordaintzea. “Guk ezin dugu hori ordaindu; partzuergoan sartzeko egun dugun ur sarea berriztu beharko genuke, eta hori dirutza da guretzat; ez dugu horretarako baliabiderik”.
Gogoratu duenez, Karrantza Bizkaiko udalerririk handiena da; “tutueria sarea, beraz, oso zabala da: kilometro asko hartzen ditu, eta, gainera, zaharkituta dago”. %25eko murrizketa horrekin ere, abeltzainek orain baino hamabi aldiz garestiago ordainduko lukete ura, eta, esan bezala, horrek hainbat azienda ixtea ekarriko luke. “Ur sarearen obrak haiek ordainduko balituzte, prest egongo ginateke abeltzainen tarifaren beste %25a guk ordaintzeko”, adierazi du Palaciok.
Udaleko kideek EAJ barne, abeltzainen gehiengoak eta Bizkaiko EHNE sindikatuak babestu dute alkatearen kontraeskaintza, baina badirudi partzuergoa ez dagoela amore emateko prest. “Hori gutxi balitz bezala, diputazioa mehatxuka hasi da, eta, orain dela gutxi, Ura Uraren Euskal Agentziak zigortu egin gaitu ur araztegi bat ez izateagatik”. Salatu duenez, araztegiak diputazioak eraikitzen ditu, eta adierazi die partzuergoan egon arte ez duela bat eraikiko. “Beste udalerri batzuekin ez du hala jokatu, Lanestosarekin eta Artzentalesekin, adibidez”.
Horretaz gain, diputazioak adierazi du Karrantza partzuergoan sartu ezean azken urteetan eraikitako azpiegituren mantentze lana ordaintzeari utziko diola. “Argañedako baltsaren mantenuaz ari dira; orain dela urte batzuk eraiki zuten, eta hasieratik arazo mordoa eman ditu. Txarto egin zuten; lurrak mugitu egiten dira, eta urtero dirutza ordaintzen dute hori konpontzeko”, salatu du Palaciok; “guk ezin dugu hori ordaindu, eta, gainera, ez da gure ardura”. Alkatetza jada EAJrena ez denez, orain “presa eta zigorrak” nagusi direla dio Palaciok: “Ez dugu uste horiek modu egokiak direnik”.
Palaciok berak nabarmendu du haiek ere partzuergoan sartzearen aldekoak direla eta udalarentzat positiboa litzatekeela uren gestio guztiaren ardura ez izatea; “baina ez edozein preziotan”. “Uren sarea oso zabala da; gestioa egiteak lan handia eskatzen digu, eta mantentze lana ere garestia da. Beraz, partzuergoan egoteak on egingo liguke, eta baita ingurumenari ere. Aitzitik, ez gaude gure aziendak arriskuan jartzeko prest”, argudiatu du. Hala ere, akordio bat lortzeko esperantza baduela dio.