Natalia Salazar Orbe
Ikusezinak batzuentzat. Pena sentimenduaren sorrarazleak beste batzuentzat. Egoera horretara nolatan irits daitekeen galdera bueltaka askoren buruetan. Kalean bizi. Batetik bestera. Egunero. Nola biziraun daiteke era horretan? Galdera horri erantzungo diete bizimodu horretako protagonistek eurek Homeless Film jaialdian. Etxerik gabeko pertsonek sortu, ekoitzi eta antzeztutako lanak jaso eta erakusten dituen munduko jaialdi bakarrean. Datorren asteazkenean eta ostegunean ikusi ahalko dira, Bilboko Bizkaia aretoan, etxegabeen errealitatea kontatzen duten hainbat lan.
Jaialdiaren helburua argi azaldu du Monica Fandiño Bizitegi elkarteko kudeaketa aurreratuko arduradunak: “Gurea ez da etxegabeei buruzko lanak biltzen dituen jaialdia. Etxegabeek eurek bizi duten egoera eta errealitatea antzerkiaren edo zinearen bidez islatzeko jaialdia da. Pertsona horien errealitatea islatzeko modua da, baina, batez ere, haiei ahotsa ematekoa. Herritarrek eurekiko beste ikuspegi bat izatea nahi dugu”.
Homeless Film Festival Manchesterren (Erresuma Batua) sortu zen, 2011n. Eta handik ekarri zuten Bilbora. Antzerkia eta arte grafikoak gehitu dizkiote orain arte zinea oinarri zuen jaialdiari.
Bizitegiko bi antzerki taldek eta Sevillako eta Bartzelonako beste bik interpretatuko dituzte euren lanak. Bilboko Kuskurrum taldeak hamar urteko ibilbidea egin du Bizitegirekin. Kuskurrum en su salsa taularatuko dute. “Talde hau buruko osasun arazoak zituzten pertsonen errehabilitazio kognitiboa hobetzera bideratuta dago”. Zenbatu taldeak, bestalde, No les importamos lana taularatuko du. “Taldeak etxegabeengan jartzen du arreta. Sentsibilizaziora eta salaketara bideratuta dago”.
Sevillatik, berriz, Mujereando konpainia iritsiko da, Quejio de una diosa antzezlana aurkezteko. “Genero indarkeria pairatu duten emakume etxegabeak dira protagonistak. Antzerkiaren bidez azalduko dituzte euren bizipenak. Lagungarria zaie ahalduntzeko, ahalmenak garatzeko, hobeto sentitzeko eta baita euren errealitatearen berri emateko ere”.
Antzerkiaren atala asteazkenean gauzatuta, hurrengo egunean zinea bihurtuko da jaialdiko protagonista. Elkarlan proiektua gauzatu du Bizitegik hainbat ikastetxerekin, gizartearen errealitate horren berri helarazteko. Etxegabeek eurek ematen diete ikasleei euren bizipenen eta historiaren berri. “Helburua da ikasleak etxegabeen errealitatearekiko sentsibilizatzea”.
Hogei etxegabe aritu dira Bilboko eta Santurtziko hainbat ikastetxe eta institututan World Cafe metodologia erabilita euren bizipenak kontatzen. Gero, ikasleek etxegabeei buruz duten ikuspegia erakusten dute egiten dituzten film laburrek. “Ekarpena aberasgarria da. Izan ere, denek dakite etxetik gertu pertsonaren bat kartoi artean bizi dela. Baina askok ez du pentsatzen gaua ere bertan pasatzen dutela, etxerik ez dutela”.
Esperientzia burutu duten ikastetxeetako ikasleen eta irakasleen garapenak oso ondorio interesgarria duela uste du Fandiñok. “Ikasleen begirada erabat desberdina da etxegabeekin egon aurretik eta ostean”. Izan ere, antolatzaileen arabera, errealitate horri buruzko hitzaldi batera joanda baino gehiago ikasten dute protagonistekin eurekin talde txikietan hitz eginda. 400 ikaslek hartu dute parte aurten esperientzia horretan. Denera, hirurogei film labur inguru osatu dituzte. Finalisten lanen emanaldia egingo dute jaialdian.
EHUko Gizarte Zientzia eta Komunikazio Fakultateko laurogei ikaslek ere parte hartu dute jaialdirako film laburrak eratzeko lehiaketan. Ostegun arratsaldean aurkeztuko dituzte finalistak jendaurrean. Asteazken goizeko emanaldiak ikasleei zuzendutakoak dira. Hala, herritarrei arratsaldeko saioetara joateko deia egin diete antolatzaileek.
Garrantzitsu deritzo Fandiñok etxegabeen egoerak ezagutarazteari. Izan ere, zenbaki zehatzik eman ez badu ere, Bizitegin jabetu dira azken urteetan gora egin duela, “asko”, Bilbon kalean bizi direnen kopuruak. Horrez gain, larrialdietako baliabideetara gero eta emakume gehiagok jotzen dute. “Seme-alabak dituzte euren kargu, eta egoera zaila da, ez baitago familiei ostatua emateko lekurik. Eta guregana jotzen duten gizonek denbora luzea daramate kalean”. Horra hor egia gordina.