Historiaren adabakiak josten

Historiaren adabakiak josten

Natalia Salazar Orbe

Oharkabean pasatu dira haien aztarnak. Hala pasarazi dituzte. Ezkutuan. Isilarazita. Historia garaileek idazten baitute. Eta haiek idatzi nahi izan dute emakumeena ere. Andrek eurek berba hartzeko garaia dela iritzita, Ondarearen Europako Jardunaldiek emakumeek historian zehar jokatu duten rola azpimarratuko dute aurten, Ondarea, emakumeen emaria leloa ardatz hartuta. Ekarpen horiek aletzen ari dira urrian. Bizkaiko 70 udalerritan 300 jarduera baino gehiago garatzen ari dira. Denak ere doan. Ehun bisita gidatu, 70 solasaldi, 21 erakusketa, hiru antzezpen eta antzerki lan, hiru kontzertu eta dastatzeak antolatu dituzte hainbat erakundek eta elkartek elkarlanean. Aukera zabal horren lagin bat besterik ez da hemengo hau.

ABANTO

Begirada askotarikoaz gerturatuko dira batean eta bestean proposatutako jarduerak emakumeek egindako ekarpenetara. Bizkaiko historiaren eta lurraldearen bilakaeraren subjektu gisa aurkeztuko dituzte batzuetan. Hainbat emakumeren ekarpenaren berri izango du jendeak jardueroi esker. Besteak beste, Dolores Ibarruri Pasionaria Espainiako Alderdi Komunistako buruzagi historikoa hobeto ezagutzeko aukera izango da. Pasealdia antolatu dute Abanton, hilaren 21erako, Gallartako Meatzaritzaren museotik abiatuta, Pasionariaren Muskizko etxeraino.

Ezagun egin diren emakumeen beste muturrean historiatik desagerrarazi direnak ere badaude. Emakumeak ez egoteko arrazoiei buruz hausnartzeko bidea zabalduko du urriaren 28rako antolatu duten ibilaldi gidatuak: Absentzia baten kronika: emakumeak eta garai bateko meatze trena. Ez dago emakumeek Bizkaiko meategietan egin zuten lana zalantzan jartzen duenik. Baina zergatik ez ziren aritu trenaren esparruan? Galdera horri erantzuten saiatuko dira.

ARTZENTALES

Izango da zalantza eta zurrunbilo horren guztiaren barruan gertuko bizipenei helduko dienik ere. Aurten hurbilekoak pisu handia hartuko baitu: gertuko ondareak, etxe barruko guneak, egunerokotasunarekin zerikusia duten jankindurien sorkuntzak eta transmisioak, hain zuzen. Bizitza istorioak jardueraren bitartez, hitza emango diete kontakizunen bidez tokiko bertako izaeraren mamia den kultur ondarea jakinarazi eta egun ere jakinarazten duten emakumeei. Ondare ukigarria zein ukiezina zabaldu dutenei: errezetak, ohiturak edota ordutegiak transmitituz. Artzentalesen jendea lehenago nola bizi zen eta egun nola bizi den erakutsiko duten emakumeen lekukotzak jasoko dituzte, esaterako, ibilbide gidatuan.

ATXONDO

Emakume ezagunak, herritar xumeak zein kondairetako protagonistak izango dituzte aztergai jarduera askotan. Mari, Anbotoko ama zein Zeanuriko Lamiñategiko laminek indar handia izan dute euskal mitologian. Irudi horien guztien esanahiari buruzko galderak aireratu nahi dituzte: errealitatearekin bat datoz edo idealizatutako ereduak dira? Nork hautatu du eredua? Nori? Eta, batez ere, zergatik eta zertarako?

Atxondon Mari Zaharraren bila mendiko ibilbidea egingo dute hilaren 20an, gazteleraz. Anbotoko pareta bertikalean duen bizilekua ikusteko aukera izango dute parte hartzen dutenek.

AULESTIA

Herri jakintzak gorde eta transmititzeko ipuinak baliatu izan dira gizarte askotan. Bizkaian, Peru eta Marixe etxe askotara sartu ziren ipuinetako pertsonaiak izan dira. Pertsonaia horien atzean zer dagoen eta nolako gizartea eratu zuten aztertuko dute datorren ostiralean Aulestiko udaletxean egingo duten hitzaldian.

BAKIO

Gero eta ikerketa lan gehiagori esker apurka azaleratzen ari badira ere, ezkutuan geratu da urte luzez gerra garaietan emakumeek izan zuten lekua, egin zuten ekarpena eta pairatu zituzten sufrimenduak. 1936ko gerran Bakioko emakumeek izan zituzten bizipenak eta esperientziak ezagutarazi eta historian eta ondarean izan duten egitekoa gogoraraziko dute hilaren 19an. Hitzaldia izango da, eta, horrez gain, Aranzadi zientzia elkarteak memoria historikoa berreskuratzeko egin duen lanaren dokumentala emango dute. Saioak euskaraz egingo dituzte.

BALMASEDA

Etxeko lanak emakumeari zegozkion eginbeharra izan dira urte luzez. Hark zuen familia zaintzeko ardura, etxea garbitzekoa eta kozinatzen aritzekoa, besteak beste. Hala ere, sukaldaritza lanbide gisa eratzean, gizonezko sukaldariak izan dira osperik handiena hartu dutenak. Balmasedan, erakusketa baten bidez erakutsiko dute emakumeek sartu zituztela sukaldaritza tradizionalean teknika modernoak. El Amparo eta bere sukaldariak izenburupean, La Enkartada museoan hilaren 18tik aurrera ikusi ahalko den erakusketan, omenaldia egingo diete Felipa Egileorri eta haren alaba Ursula, Sira eta Vicenta Azkarai Egileorri. Denak izan dira Bilboko El Amparo jatetxeko sukaldariak. Sukaldaritza garaikideari ekarpen garrantzitsua egin zioten: hain zuzen, euskal sukaldaritzako lehen errezeta liburu modernoa osatu zuten.

BARAKALDO

Sukaldean zein etxean egindako beharrez gain, emakumeek industriaren arloan egin duten ekarpena azaleratzeko helburua dute beste jarduera batzuek. Andreek industria iraultzari zer ekarpen egin zioten ekarriko dute gogora, besteak beste, Barakaldon egingo duten ibilbide gidatuan. Aztergai izango dute herria erabat aldatu zuen industria garapen hartan zer zeregin izan zuten emakumeek. Industrializazio prozesua gizonei soilik lotzen dien imajinarioa zabaldu, eta prozesu hura ahalbidetu zuten emakumeak dagokien lekuan jarriko dituzte. Batzuk soldatapeko lanetan aritzen ziren. Beste batzuk, berriz, etxeko lanez arduratzen ziren. Batzuk zein besteak behar-beharrezkoak izan ziren prozesu hartan. Horixe utzi nahi dute agerian urriaren 21ean—gaztelaniaz eta 28an euskaraz egingo dituzten ibilbideetan.

BILBO

Aukera zabala eskainiko dute Bizkaiko herri gehienek. Hiriburuan bertan ere, jarduera ugaritan parte hartzeko eskaintza izango da. Denetariko ertzetatik helduko diote, batean eta bestean, emakumeen emariari. Ertz horietako bat modari lotutako kanonarena izango da. Berreginen museoan antolatutako tailer batean aztertuko dute gizarte arauek zer eragin izan zuten Grezia klasikoko emakumeen edertasunetan. Hortik abiatuta, helburua da kanon haiek Mendebaldeko gizartean emakumeen ikuspegian izan duten garrantziaz jabearaztea. Datorren asteartean egingo dute hurrengo saioa, euskaraz.

Emakume aitzindariak izango ditu gogoan, bestalde, Itsasadarra Itsas Museoak. Merkataritzako ontzidiko lehenengo emakume pilotu eta Nautika eta Itsas Garraioko doktore eta EHUko Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoko Itsasketa Zientzia eta Tekniketako irakasle Itsaso Ibañezen eskutik, itsas mundura gerturatuko dira. Bizkaiko emakumeak ez ziren merkataritzako ontzidian sartu 1979ra arte, horretarako trebakuntza eskaini zitzaien arte. Emakume haiek izan zuten zeregina zein gaur egun dutena aztertuko dituzte hilaren 16an egingo duten elkarrizketaren bidez.

Gizarteak ezarritako rolak hautsi eta mugak zeharkatzen dituzten emakumeekiko mespretxua ez da gauza ezezaguna gaur egun ere. Aspalditik datorren kontua dela ikusaraziko dute bihar Zazpikaleetan barrena egingo duten ibilbide gidatuan. 1600. eta 1800. urteetako girora eramango dituzte parte hartzaileak. Emakumeek otzanak eta gizonen mendekoak izan behar zuten, orduko pentsamoldearen arabera: amak eta emazteak, besterik ez. Ibilbidean zehar eredu hori hautsi zuten zenbait emakumeren istorioak kontatuko dituzte. Gizarteak euren aurka izandako erreakzio gogorren berri emango dute.

DERIO

Etxean, kalean zein lanean izan duten presentziari erreparatu ostean, kultur transmisioan zeregin garrantzitsua duten abestietan emakumeek zer-nolako lekua izan duten aztertu ahal izango da Derion. Emakumeak euskal baladetan hitzaldia emango du Labayru fundazioak, datorren asteazkenean. Ama, emazte, errain, alaba edota amorante gisa azaldu dira, asko eta askotan, euskal baladari esanguratsuenetan.

GETXO

Tokiko bertako emakumeek historian izan duten lekua dute ardatz jarduera gehienek. Baina bada beste herrialde batzuetatik Euskal Herrira etorrita egin dituzten ekarpenei erreparatu dienik ere. Getxon, esaterako, Migrazioa eta zainketa bideak argazki erakusketa zabalduko dute astelehenetik azaroaren 10era bitartean, Algortako azokako erakusketa esparruan. Getxon finkatuta egonik zainketa lanetan diharduten emakume emigratuen historiak ditu ardatz. Emakume horiek Bizkaiko gizarte garaikidean duten zeregina ikusgai egin, zabaldu eta horrekiko sentsibilizazioa sortu nahi du erakusketak.

OROZKO

Gizarteak ezarritako arauak ustez hausten zituzten emakumeen aurkako zigorrei erreparatuko diete Orozkon ere. Oraingoan, izen-abizenak dituen emakume baten historiaren bidez: Manuela Uribarri. Torrelandako errotarien semearekin elkartzen zen ezkutuan. Haurdun geratu zen, baina mutilak ez zuen haurra semetzat aitortu, Uribarri behin baino gehiagotan beste gizon batekin hizketan ikusia zutelako. Gertaera haren ondorioz, ohorea galdu zuen emakumearen familiak. Hiru kilometroko ibilbidearen bidez, edozein emakume ugalkorra zenetik hil arte zigortzen zuten herri ohiturak ekarriko dituzte gogora.

ZEANURI

Bistakoa da historia hori guzti hori jaso eta zabaldu beharraren garrantzia. Ezagutaraz dadin eta ahatz ez dadin. Helburu hori dute Zeanurin osatu duten Akordetan naz, ahiztu ez iteko dokumentala osatu dutenek ere. Herriko emakumeen bizipenak gal ez daitezen osatu dute. 1936ko gerra bizi izan zuten ume haien bizipenak jaso dituzte. Ama zirenen eginbeharrak familian, beldurrak, gosea, bonbardaketak edo erbestealdia, besteak beste. Hori guztia, bizipen haiek gal ez daitezen.

Zer pentsatua emango dute jarduera horiek guztiek; hausnarketarako bidea irekiko dute, ahanzturarena itxi eta historia osatua agerrarazten duten bitartean.