Peru Azpillaga
Metal musikaren etxe bilakatuko da, gaur eta bihar, Dimako herria. Han izango da Dimetal Fest musika jaialdia, eta hantxe bilduko dira, besteak beste, Euskal Herriko metalzale asko. Beltzez jantziko da, beraz, Dima asteburuan, askorentzat ezezaguna den baina masak mugiarazten dituen musika estilo baten zaleei harrera beroa egiteko.
Dimetal Fest jaialdia 2015. urtean jaio zen, Dimako zenbait lagunek heavy metalaren inguruan duten zaletasunaren ondorioz. Geroztik, urtero haziz joan da, eta aurten, lehenengoz, bi egun iraungo du. Hala ere, antolatzaileek argi izan dute hasieratik; heavy metalaren Bizkaiko festa handiak doako jaialdi bat izan behar zuen ezinbestean: “Jaialdi honekin erakutsi nahi dugu posible dela beste jaialdi eredu bat, pertsonek antolatua eta pertsonentzat dena, agentzia eta enpresa handien interesetik urrun”, azaldu dute Dimetaleroak kultur elkartekoek.
Haiek erabaki zuten bazela garaia heavy-metal musika plazara ateratzekoa, eta, horretarako, jaialdi euskaldun eta herritarra osatu dute. Urte osoan hainbat ekintza egiten dituzte heavy metalarekin lotuta, eta Dimetal Fest da horietatik garrantzitsuena. “Orain arteko edizioak egun bateko jaialdiak izan dira, bi agertokirekin, herriko frontoi txikian eta herriko gaztetxean, eta, beraz, Arratiako jendea biltzen genuen batik bat; baina, aurten, hori aldatu nahi izan dugu”, adierazi du Jani Etxabez Dimetaleroak elkarteko kideak. Haren esanetan, Euskal Herrian ez dago haienak bezalako tamaina duen eta doakoa den jaialdirik: “Beti izaten dira oso handiak, sarrera oso garestiekin, eta horri kritika egin nahi genion, jaialdi handi bat eginez baina gure filosofia gordez: autogestioa eta doakotasuna, hain zuzen ere”. Aurten, beraz, arriskatu egin direla azaldu du. Lau agertoki atondu dituzte herrian zehar, eta, horietan, bi egunez, metalari lotutako hainbat estilotako 30 musika talde arituko dira.
Taldeak lotzeko orduan ere, asko zaindu dute euskararen eta emakumeen presentzia. “Euskal Herriko talde asko arituko dira, batez ere Arratia aldekoak. Horretaz gain, emakumeen taldeak ere sartu ditugu, eta jaialdian duten presentzia handitu”. Kanpoko zenbait talde ere ekarri dituzte, eta, beraz, kartel “potentea” atondu dutela nabarmendu du Etxabezek. “Sona handiko zenbait talde arituko dira. Euskaldunen artean, adibidez, Anestesia aipatuko nuke; eta kanpotik etorriko direnen artean, Angelus Apatrida eta Crisix”. Emakumeei dagokienez, Alma Culter, Sonambula, Afterlife edota Songs of Annubis moduko taldeak arituko direla erantsi du Etxabezek. Gainera, bihar EH Matxete agertokian arituko diren talde guztiak hasiberriak dira. “Eurei ere eman nahi genien jaialdi handi batean jotzeko aukera. Askotan, halako jaialdietan ez zaie aukerarik ematen talde hasiberriei, eta, gure ustez, talde horiek funtsezkoak dira metal musika gordetzeko. Beraz, leku propio bat ematea erabaki dugu”.
Dimetaleroak kultur elkarteko kideek hainbat ekintza egiten dituzte urte osoan Dimetal Fest jaialdia aurrera ateratzeko. Besteak beste, kontzertu bereziak antolatzen dituzte Azken Gaua Infernuan eta Gaurik Ilunena Fest, elkartearen edota jaialdiaren kamisetak saltzen dituzte, eta umeentzako ekintzak ere prestatzen dituzte Txikirock jaia. “Autogestioaren bidez finantzatzen dugu jaialdia; hala, doakotasunari eusteko, egitasmo ugari antolatzen ditugu. Aurten, zozketa ugari jarri ditugu martxan, eta kamiseta piloa ari gara saltzen”, azpimarratu du Etxabezek.
Horretaz gain, herri osoak lan handia egiten duela aitortu du, eta jendeak inplikazio maila handia izaten duela. “Herriko jendeak asko laguntzen gaitu, eta udalak ez digu trabarik jartzen. Gainera, dimoztarrak beltzez janzten dira, tabernetan metal musika entzuten da, eta boluntario lanetan ere parte hartzen dute”. Etxabezek azaldu duenez, izan ere, boluntario ugari behar dira halako jaialdi bat antolatzeko, besteak beste, barran, kontzertuetan edota segurtasun lanetan aritzeko; “beti dago zerbait egiteko”. Hala ere, jendea animatu egiten dela dio, bai herrikoa eta baita kanpotik datorrena ere: “Inplikazioa handia izaten da”.
Era berean, Dimetal Fest ez da soilik kontzertuak barnebiltzen dituen jaialdi bat. Larunbaterako, egun osoko egitaraua antolatu dute, beste motatako ekintza askorekin. Goizean, solasaldi bat izango da heavy metalaren inguruan, eta, ondoren, herri kirolak egongo dira. “Aitor Atutxa ibiliko da aizkorari emanez; bitartean, musikari batek gitarra joko du”. Metal olinpiadak ere egingo dituzte, heavy metalari lotutako lehiaketa gisara: Mosh jauzia, biblia jaurtiketa, katxia tragoz edatea… “Giro paregabea dago egun osoan, eta jendea animatu egiten da parte hartzera; hori da onena”.
Aurten, jende andana biltzea espero dute, baina, sarrerarik ez dagoenez, ez dira ausartzen kopuru bat esatera. “Azkenean, metal munduan gabiltzanok elkar ezagutzen dugu, eta piloan joaten gara beti batetik bestera”. Iruñetik, Gasteiztik, Bilbotik eta Bermeotik autobusak egongo direla azaldu du Etxabezek, eta atzerriko jendea ere etortzekoa dela. “Txekiar Errepublikatik, Esloveniatik… kanpoko jaialdietan ezagututako metalzaleak ere bilduko dira. Askorentzat, jaialdi hauek ez dira oso ezagunak, baina arrakasta handia izaten dute”. Hori dela eta, aurten kanpalekurako gune bat atontzea erabaki dute. “Kanpaldi librea izango da, eta bakoitzak ahal duen moduan moldatu beharko du, beti errespetuz jokatuz”.
Elkartasunerako tartea
Dimetal Fest jaialdian arituko diren taldeen artean, istorio berezia duen talde bat izango da: Auritz. AEN autismoaren espektroko nahasmenduan sentsibilizazio lana egiteko jaio zen Auritz taldea, eta Auritz, laino eder hori literatura eta musika uztartzen dituen proiektua abiatu zuten. Hor, AEN sindromea duen ume baten istorioa kontatzen da. Liburua eta soinu banda uztartzen dituen proiektuaren helburua da irakurle zein entzuleak sentsibilizatzea eta sindrome horren ondorioak ezagutaraztea. AEN sindromea duten pertsonek, dituzten ezaugarriengatik, gizartearen parte sentiarazteko laguntza behar dute. Halako kasuek sortzen dituzten zailtasunetan sakondu ere egin nahi du Auritz proiektuak. Adibidez, familia kontziliazioan, autismoa duten haurren behar berezietan, laguntza sozial zein ekonomikoetan…
Mikel eta Gorka Bizar anaiek abiatu zuten proiektua, eta Auritz taldea osatu zuten proiektuaren soinu banda konposatzeko. Haien abestiak entzun ahal izango dituzte Dimetal jaialdira biltzen diren pertsonek, baita liburua erosi ere. Liburuan, istorio errealak fikziozko mundu paralelo batekin nahasten dira. Hala, sortzaileen helburua da ulertaraztea AEN sindromedun pertsonek zer-nola ikusten dituzten gauzak; fantasiazko zein benetako istorioa bidez, familia horien errealitatea ezagutaraztea.