Peru Azpillaga
Folk musikaren uholdeak Bizkaia blaituko du asteburu honetan. Gurean ohikoak ez badira ere, folk musikaren doinuek Ermuko eta Getxoko kaleak hartuko dituzte Folkez Blai eta Getxo Folk jaialdien bidez. Urteak daramatzate bi udalerriek folk jaialdi horiek antolatzen, eta, musika estilo bera jorratzen badute ere, oso bestelakoak dira. Bata, folk taldeen lehiaketa bat da, eta Euskal Herriko edota Kataluniako, Galiziako eta Espainiako talde gonbidatuekin osatzen du egitaraua. Bestea, ordainpeko eta doako kontzertuekin antolatutako jaialdia da, Euskal Herriko zein nazioarteko taldeak biltzen dituena.
Hala ere, bada lotzen dituen ezaugarri bat. Urtero, Ermuko Folkez Blai lehiaketako irabazleak, hurrengo edizioko talde gonbidatu modura jardun ez ezik, Folk Getxon ere jotzen du; aurten, halaxe egingo du Gipuzkoako Ghost Number & His Tipsy Gypsies taldeak.
Ermuko Folkez Blai lehiaketa herriko folk taldeek eta udalak martxan jarritako proiektua da. Haren helburua da folk musika sustatzea eta hedatzea, eta, horretarako, oinarrira jo eta talde hasiberriei aukera bat eskaintzen die. Lehiaketak bi fase izaten ditu, eta irabazleak 3.000 euroko saria jasotzen du. Aurten, hamahirugarren edizioa izango du. Lehenengo fasean, taldeek beraien grabazioak bidaltzen dituzte, eta, horiek entzun ostean, epaimahiak sei talde aukeratzen ditu bigarren faserako.
Talde horiek, irailaren bigarren astean antolatzen den jaialdian jotzen dute aurten, gaurtik, igandera, beste talde gonbidatu batzuekin eta aurreko edizioko irabazlearekin batera. Lehiaketako taldeek 45 minutu eta ordubete bitarteko kontzertua eman behar dute, eta, igandean, azken emanaldiaren ostean iragartzen da nor izan den irabazlea. Tokiko bertako taldeek ez dute parte hartzen lehiaketan, baina bai antolakuntzan eta epaile lanetan.
Tradizio handiko jaialdia
Jaialdi heldua da Folk Getxo, baita klasikoa ere musika estilo horren zaleentzat. Eta ez da gutxiagorako, sortu zenetik 34 urte baitaramatza folkaren hazia Bizkaiko lurraldean ereiten. Horretarako, urtero-urtero, bai Euskal Herriko, bai nazioarteko taldeek osatutako egitarau oparoa atontzen du, mota guztietako erritmoak bilduz. Lau egunez, beraz, hamar kontzertu hartuko ditu Areetako Geltokia plazan, eta, horretaz gain, lankidetza eta kulturen arteko aniztasuna bultzatzen dituzten zenbait ekitaldi izango dira.
Kontzertuen plazan bertan, Elkartasun unea deituriko azoka egongo da, Gobernuz Kanpoko Erakundeen eta zenbait elkarteren mota guztietako postuekin. Ibaiondo kalean, berriz, zenbait herritako eskulangintza produktuen azoka egongo da goizez eta arratsaldez, eta, Erromoko Santa Eugenia plazan, zenbait herritako platerak dastatu ahal izango dira Munduko Terraza gunean.
Asteburua borobiltzeko eta musika herritar guztien belarrietara eramateko, kale banden desfileak egongo dira egunero, bai Areetan eta baita Erromon ere. Era berean, herriko txikienek Hortzmuga taldearen Jule antzerkia ikusi ahalko dute, igandean, 12:30ean.