Ainhoa Larrabe Arnaiz
Getxon hasi, eta 166,4 kilometroko ibilbidea egingo dute ehunka txirrindularik datorren asteazkenean, Oiz mendian jarriko duten metara iristeko. Abuztuaren 25ean abiatu zen Espainiako Vuelta, eta Bizkaiko lurrak zeharkatuko ditu hilaren 12an, lehiaketaren 17. etapan. Historikoki, eztabaida iturri izan da kirol proba, eta egoera politikoaren arabera igaro ditu euskal lurrak. Bizkaian, adibidez, 33 urte egin zituen bertatik igaro gabe, 1970eko hamarkadaren bukaeraz geroztik. Baina 2011tik hona, ia urtero zeharkatu du lurraldea. Milaka herritar bilduko da errepide bazterretan lasterketan zehar, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapena eramango du Gure Esku Dago plataformak Libertad es decidir, etorkizuna gure esku dago goiburupean. Deialdia bultzatzeko, ekitaldia egingo du plataformak igandean, Oiz mendiko San Kristobal ermitaren aurrean, 12:00etan.
Kirola eta aldarrikapena, biak uztartuko dira datorren asteko ekitaldian. Izan ere, kirol probari begiratuz gero, gogortasuna izango da hilaren 12ko etaparen ezaugarria, 20 kilometro inguruko igoeran bukatuko baita kirol saioa. Orotara, Bizkaiko bost mendate igo beharko dituzte txirrindulariek: Zugaztieta, Gaztelugatxeko, Lehoitz Gane, Gontzegaraine eta Bizkaiko balkoia, azkenik.
Euskal Herriko hamazazpi txirrinduari ari dira lehian: Muriaseko Jon Aberasturi, Aritz Bagues, Mikel Bizkarra, Gari Bravo, Mikel Iturria eta Oscar Rodriguez; Astanako Omar Fraile eta Pello Bilbao; Bahraineko Ion eta Gorka Izagirre; Caja Ruraleko Alex Aranburu eta Jonathan Lastra; Skyko Jonathan Castroviejo; Trekeko Markel Irizar; Dimension Datako Igor Anton; eta Cofidiseko Loic Chetout. Sailkapenean, lehen postuetan sendo dago gaur-gaurkoz Ion Izagirre gipuzkoarra.
Kirol lehiaz harago
Txirrindularitzaz harago doaz ekitaldiari buruz emandako iritziak, ordea: ekitaldiak izango duen eragin ekonomikoa azpimarratu dute ordezkari politikoek azken hilabeteetan. “Nolakoak garen ikusaraziko dugu, eta lurraldean ditugun altxorrak ere erakutsiko ditugu”. Unai Rementeriaren hitzetan, mundu mailako 190 herrialdetan emitituko da lasterketa, eta aukera baliatu nahi du Rementeriak. “1,5 milioi ikusle ditu, batez beste, Espainiako Vueltak, eta, ondorioz, milioika egongelatara iritsiko da Bizkaia”.
Datuak ere eman dituzte: lasterketan zuzenean ala zeharka parte hartzen duten 3.500 laguni aterpe emango diela lurraldeak etaparen bezperan eta, ondorioz, ostalaritzan 300.000 euroko irabaziak sortuko direla. Hala ere, aldundiak ez du aipatu Espainiako Vueltako etapan zenbat diru gastatuko duen guztira.
Erakustaldia egin nahi dute asteazkenean, asmo handiagoak baitituzte etorkizunerako: 2019 edo 2020rako Frantziako Tourra hartu nahi dute Bilbon, eta eginahaletan ari dira Bizkaiko ordezkariak horretarako. Joan den urtetik, Tourraren etapa batek Bizkaia zeharkatu dezan lanean ari dira Bilboko Udala eta aldundia, elkarlanean, eta Christian Prudhomme leihaketa frantsesaren zuzendariarekin bilerak ere egin dituzte. Bada, indar handiagoa hartu dezake proposamenak datozen hilabeteetan, aurtengo Tourrean Senpere eta Ezpeleta (Lapurdi) herrien artean jokatutako erlojupekoan Euskal Herriko zaleek jaso zituzten laudorioen ondoren. Frantziako Tourreko antolakuntzak berak esker oneko mezuak igorri zizkien zaleei sare sozialetatik, eta bide bazterretan pilatutako euskal herritarren jarrera txalotu zuten hainbat txirrindularik ere.
Datozen hilabeteetan zehaztuko da zertan geratzen diren Tourra Bizkaiko hiriburura erakartzeko saiakerak. Bien bitartean, norabide horretan egingo den erakustaldia izango da asteazkenekoa: Bizkaiak Tourra hartzeko duen gaitasuna erakustea dute helburu aldundiko ordezkariek. Bestalde, Espainiako Vueltako antolakuntzak hizkuntzarekin hartuko duen jarrera ikusteko dago; zehazki, megafoniatik elebitasuna bermatuko duten eta euskarari zer-nolako tokia egingo dioten etaparen harira sortuko dituzten afixa informatiboetan.
Garaiaren araberako bidea
1978az geroztik, hiru hamarkada baino gehiago egin zituen Espainiako Vueltak Bizkaiko lurretatik igaro gabe. 17. eta 18. etapak hartu zituen urte hartan, eta etapa banaren helmuga eta abiapuntua izan zen hiriburua: Ampuerotik (Espainia) Bilbora egin zuen 17. etapan, eta Bilbotik Amurriora 18.ean. Urte luzeak egingo zituen lehiaketak Bizkaiko lurrak berriz zapaldu gabe; 33 urteren ondoren, 2011n itzuli zen Espainiako Vuelta Bizkaiko lurretara.
Ondorengo aldietan, Iruñean egin ziren hainbat etapa. Baina 1994koa izan zen azkena: 13.a Zaragozatik (Espainia) abiatu eta Iruñera iritsi zen, eta 14.a, Iruñean hasi eta Cruz de la Demanda gainean (Espainia) amaitu. Itzuliaren ibilbidea Hego Euskal Herriko lurretatik kanpo marraztea erabaki zuten orduan, egoera politikoak hala eraginda. Hortaz, hamazazpi urte egin zituen euskal lurrik zeharkatu gabe.
Orduko egoerari lotutako erabakia izan zen 2011koa ere: Patxi Lopez sozialista zen orduko Jaurlaritzako lehendakaria, eta kirol proba Euskal Herrira itzul zedin ahaleginak egin zituen legegintzaldiaren hasieratik. PPren babesa izan zuen lehen unetik, eta, ia bi hamarkadaren ondoren, Espainiako Vuelta erakartzea lortu zuen Lopezek. 19 eta 20. etapak —azken-aurreko biak— igaro ziren euskal lurraldeetatik: Noja herritik (Espainia) Bilborako bidea egin zuen lehenak, eta Bilbotik Gasteizerakoa bigarrenak. “Vuelta hemen geratzeko itzuli da”. Hala azaldu zuen orduko ekitaldiaren ondoren Javier Guillen Espainiako Vueltako zuzendariak. Ordutik, ia urtero zeharkatu ditu euskal lurraldeak.
Aldarrikapenen bideak
Herri mugimenduak errezeloz begiratu izan dio ekitaldiari. ESAITek hainbat protesta egin ditu kirolaren erabilpen politikoa salatzeko, eta eragile politiko eta sozialen laguntza izan du bide horretan. Vuelta euskal lurretatik igaro den aldi guztietan euskal nazioa aldarrikatu du taldeak. 2015ean, bere bidea amaitutzat eman zuen ESAITek, eta, ordutik, apalagoak izan dira Espainiako Vueltaren harira tokian-tokian egin diren protestak.
Aurten Gure Esku Dagok hartu du aldarrikapenen testigua, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko mezua lau haizeetara zabaltzeko deia egin du. “Frantziako Tourraren azken-aurreko etapa Lapurditik igaro da aurten, eta, mosaiko ikusgarri baten bidez, munduari adierazi diogu Euskal Herria bizirik dagoela eta herri gisa aurrera egin nahi dugula”. Bada, irudi bera zabaldu nahi du Gure Esku Dagok datorren asteko ekitaldian.