Ainhoa Larrabe Arnaiz
Arkitekturaren lehen zantzutzat hartzen dira monumentu megalitikoak. Hitzaren etimologiak berak dio zeri egiten dion erreferentzia, “harri handiak” esanahia ematen baitiote mega eta litos grezierazko berbek. Duela 6.000 urteko gizakiek eraiki zituzten, eta hildakoak ehorzteko sortzen zituztela diote aditu gehienek. Eztabaida dago, hala ere. Hainbat ikerlariren arabera, lurradeen arteko mugak markatzeko ere erabiltzen zituzten monumentuak. Funtzio geografikoez gainera, astronomikoak ere eman zaizkie. Herritarrek, usadio zaharrekin eta kondaira mitologikoekin ere lotu dituzte mendi horietan dauden azpiegiturak.
Denborak eta gizakiaren jardunak higatu dituzte harritzar gehienak, eta monumentu megalitikoak direla asmatzea zaila litzateke, inguruan hala azaltzen duten seinalerik egongo ez balitz. Euskal Herriko Atlas Megalitikoan 3.797 monumentu inguru daude jasota. Nafarroan daude erdiak baino gehiago, eta Bizkaian 135 identifikatu dituzte. Sasiek estalita eta hautsita ageri ohi dira. Horregatik, ez litzateke harritzekoa izango datozen hamarkadetan aztarna gehiago aurkitzea.
Ingalaterrakoak eta Irlandakoak dira ikusgarrienak eta ondoen kontserbatu direnak, baina Bizkaia ere aberatsa da monumentu megalitikoei dagokienez. Orain arte, 17 megalito multzo aurkitu dira lurraldean zehar barreiatuta, eta, guztiak babestu eta ezagutzera emateko asmoz, ondare izendatu zituen Jaurlaritzak.
Multzoka banatuta
Neolito eta Brontze Arokoak dira Bizkaian aurkitutako monumentu gehienak eta lau multzo nagusitan banatu daitezke: trikuharriak, tumuluak, harrespilak eta menhirrak. Etxola forma duten trikuharrien irudia ezagutzen da gehien, baina gutxi dira zutik dirautenak, eta, are gutxiago, estalki eta guzti kontserbatzen dituztenak. Milaka urte igaro dira eraiki zituztenetik, eta gutxi zaindu dira ordutik. Horixe da, hain zuzen, monumentuak ondare historiko izendatzearen arrazoi nagusietako bat.
Tokian-tokian, ibilbideak egokitu dituzte aztarna megalitikoetatik, eta herrialdeko historiaurrea edota naturguneak ezagutzeko parada eskaintzen dute ibilaldiek. Jentilekin lotu izan dira monumentu megalitikoak Bizkaian, eta horregatik, jentil-harri izena hartzen dute, hainbat tokitan, trikuharriek; eta jentil baratze izena, aldiz, harrespilek.
Bizkaian, Enkarterrikoa da historiaurreko aztarnategi gehien biltzen dituen eskualdea; eta, megalitoen kasuan ere, hantxe daude Bizkaiko estazio gehienak. Sei multzo handi daude: Aioz, Alene, Armañon, Balgerri, Eretza eta Hormatza. Nolanahi ere, herrialdeko eskualde ia guztiek dute monumentu megalitikoren bat bisitatzeko.
Bizkaia eta Burgos arteko haranean dago Aiozko estazio megalitikoa, Karrantzako lurretan. Herrialdean dagoen multzorik handienetakoa da, orotara, 26 monumentu baititu: 16 trikuharri, 9 tumulu eta menhir bat. Bernia eta Aiozko mendiguneetan daude arrasto gehienak, eta horrexek ematen dio izena estazio megalitiko osoari.
Aztarna guztien artean, Fuentellano izeneko trikuharria da ikusgarriena, estalki eta guzti baitirau zutik, eta eskualdeko ingurunea ikuskatzeko talaia ezin hobea eskaintzen du haren kokalekuak.
Monumentu gehienetan indusketa arkeologikoak egin dituzte, eta azpiegituren inguruan aurkitutako elementuak zein garaitakoak diren zehazteko eta gehiago ezagutzeko balio izan dute azterketek.
Kantabriarekin (Espainia) egiten du muga Alengo megalito guneak, eta Artzentales, Sopuerta eta Turtziozko udalerrietako lurretan barreiatuta daude estazioa osatzen duten 21 monumentuak. Enkarterri ingurunea meategien ustiapenarekin lotzen bada ere, udalerrietako mendiguneetan badira zaharragoak diren gizakien aztarnak ere. 10 tumulu, 9 trikuharri, zutarri bat eta harrespila batek osatzen dute multzoa.
Perutxote izeneko harrespila izan daiteke Alengo multzoko elementuen artean bereziena dena. Sei harrik osatzen dute egitura borobila, eta metro inguru garai da handiena. Izen bera duen menhirra du alboan, eta haraneko ikuspegia eskaintzen duen Herrerako larreetan dago.
Karrantza haranean eta Turtziozen dago Armañongo estazio megalitikoa, izena ematen dion mendigunean, hain zuzen. 14 elementu ditu, eta trikuharriak dira horien erdiak eta tumuluak dira beste erdiak. Kareharriz osatutako mendigunea da Armañon, eta, horregatik, zaila da harriz osatutako monumentu megalitikoak berezko paisaitik bereiztea. Nolaahi ere, ingurune berezian dago Armañongo multzo megalitikoa, 200 haitzulo baino gehiago baitaude han, tartean, Torka del Karlista izenekoa: Europako leizerik handienetakoen artean dagoena.
Armañongo estazioaren jarraipena da. Turtzioz herriaren mugan dago Eskitzako mendatetik abiatu ezkero, eta 9 azpiegituraz osatuta dago. Elementu gehienak hautsita daude, eta nekez bereiz daitezke aztarnak.
Zortzi monumentuk osatzen dute Ordunte inguruan dagoen Balgerriko multzoa: bi trikuharri eta zazpi tumulo daude. Aipatutako elementu horiez gainera, bestelako azpiegiturak ere baditu estazioak inguruan, baina oraindik frogatu gabe dago zein garaitakoak diren. Inguruan egin diren indusketa arkeologikoetan, silexa aurkitu da, historiaurreko gizakiek erabilitakoa.
Arabarekin muga egiten du Gorbeiako parke naturalak, eta, herrialde batean zein bestean, ugariak dira historiaurreko aztarnak. Bizkaikoan 21 monumentu daude. Gutxi aztertu da eskualdea, Arabakoarekin alderatuz gero. Jaurlaritzak emandako datuen arabera, mendizaleek eta Gorbeiako parkea bisitatzen dutenen ibilbideetatik gertu daude aurkitu direnak, eta ibilbide horietatik kanpo ere izango direla uste da.
Galdames eta Gueñes artean dago Eretzako multzoa, eta sei monumentu megalitiko biltzen ditu, orotara: hiru trikuharri, bi tumulo eta harrespila. Eretza mendiak ematen dio estazioari izena, hantxe baitago azpiegituretako bat.
Hiru trikuharri daude Bizkaia eta Gipuzkoa arteko Kalamua mendian. Duela hamarkada bat, Diruzulo tumuloa suntsitu zuten inguruan egindako lanek. Diruzuloko tumuloa Jose Migel Barandiaran arkeologoak katalogatu zuen trikuharri gisa 1934an Kalamuara egindako bisitaldi batzuetan, inguruko beste megalitoekin batera.
Ia itsasoaren mailan dago Munarriko landako megalito multzoa. Sopela, Berango eta Urduliz artean banatzen dira estazioak biltzen dituen 7 egiturak. Kostaldeko herritetatik gertu egonik lurraldean dauden gainontzeko aztarnak baino egoera okerragoan daude, eta horiek babesteko neurri bereziak hartu dituzte horregatik.
Oiz mendia Bizkaiko begiratokia dela esan ohi da, eta deiadar mendietako bat izateak berezi egiten du tontorra. Parke eolikoa jarri ziotenetik, lurraldeko mendiguneen artean gehiago bereizten da. Sei monumentu daude Oizen eta horietako bi dira trikuharriak.
Sollubeko estazio megalitikoan dauden 8 monumentuak ezagutzeko ibilbideak egokitu dituzte eskualdean: 21,5 kilometrokoa bat, eta 6,7 kilometrokoa bestea. Biek ala biek Urdaibaiko itsasadarreko ezkerraldeko herriak lotzen dituzte: Bermeo, Mundaka, Sukarrieta eta Busturia.
Azken hamarkadan, hainbat azterketa arkeologiko egin dituzte, bai eta historiaurreko hainbat pieza aurkitu ere: tartean, apaindutako hainbat objektu eta gezi puntak. Duela 3.000 urte egin zituztela ondorioztatu dute azterketek.
Elementu bakarra du Anesko estazioak: izena ematen dion trikuharria, hain zuzen. Berezitasunen bat badu, dagoen kokagunea da, hiru lurralde batzen diren eremuan baitago: Burgosko Mena harana, Arabako Aiara eta Bizkaiko Urduña udalerrien artean dago.
2001. urteean aurkitu zuten Zamudion dagoen tumulua, eta, historiaurreko monumentua zela argitzeko egin zituzten azterketen ondorioz, 2003. urtean sartu zuten Txorierriko ibarrean dagoen egitura monumentu megalitikoen multzoan. Txorierri eta Mungiako haranaren artean dago Larrazabal tumulua, eta megalito multzoaren inguruan egindako azterketetan historiaurreko gizakiek erabilitako harrizko tresneria ere aurkitu da. Horregatik uste dute adituek historiaurreko gizakien bizitokia izan zela eskualde hori.
Nolanahi ere, gutxi aztertu da Txorierri eta Mungia inguruko ibarra, eta aztarna gehiago aurkituko dituztelakoan, ikerketa gehiago egingo dituzte eskualdean.
Zamudioko tumuluaren antzera, bakarrik dago Munjozuri trikuharria ere. Nabarniz eta Ereño arteko Illuntzar mendikatean dago, Urdaibaiko ibarraren eskuinaldeko mendigunean. 1990ko hamarkadan egin zuten topo megalitoarekin eta ordutik hainbat lan arkeologiko egin dituzte eskualdean. Egindako lanei esker, historiaurreko gizakiek erabilitako silexa eta bestelako harrizko materialak aurkitu dituzte, besteak beste.
Urkiolan dago Pagotxuetako tumulua, Abadiño eta Lemoa artean. Siputzuetako trikuharria du aldamenean. Urkiolako ingurunea oso gutxi aztertu da, eta etorkizunean azpiegitura gehiago aurkitzea aurreikusten da.
Artxanda eta Galdakao artean dago tumulua, baina ez da nahi bezain ondo kontserbatu eta aztarnari buruzko informazio gutxi dago.