Etorkizuna bermatzeko zorian

Etorkizuna bermatzeko zorian

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Kinka larrian egon da Leioako Vicrila beira lantegia azken urteetan; zorrari ezin eutsiz eta hartzekodunen konkurtsoan. Baina badirudi egoera iraultzen ari zaiola. “Zainketa Intentsiboetako Unitatetik atera da”. Hala uste du Fernando Bermejillo Vicrilako zuzendari nagusiak. 2016tik egon da inbertitzaile bila, eta joan den hilabetetik Mivaricar taldearen esku dago enpresa. Aurrera begira jarri eta lantegiaren etorkizuna ziurtatzeko 12 milioi euroko inbertsioa egingo dutela iragarri berri dute Vicrilaren jabe berriek: lantegiaren ahalmena handitu, ekoizpen baldintzak hobetu eta produktu berriak sortzeko lau urteko plana osatu dute. Egun 235 behargin daude lanean, eta, datorren ikasturtea bukatzen denerako, ahalmen osoan aritu nahi dute enpresako arduradunek. Gaur egun, minutuko 105 kopa ekoizten dituzte bertan.

1890ean sortu zen Vicrila enpresa, eta Leioako Lamiako auzoan egon da beirategia ordutik. Ostalaritzarako eta etxeetarako beira puztuzko eta prentsatuko edalontziak eta kopak ekoizten dituen enpresa bakarretakoa da. Bada, datozen urteetan merkatua zabalduko dutela iragarri du enpresaren zuzendaritzak. Azken urteetan beirategiak izan duen ziurgabetasunari bukaera eman nahi diote horrela.

Aurrera begira jarri da Vicrila, baina ez dira gutxi atzean utzitakoak. Izan ere, Mivaricar taldearekin adostutako lan hitzarmenean, aurreikusita dago beirategiko langile denen soldata %25 jaistea batez beste, eta lantaldea ere murriztu egingo da: urtearen hasieran 270 behargin zeuden, eta 234ra murriztu dute orain. Dirudienez, Mivaricarrek enpresa erosteko jarritako baldintzetako bat izan da soldatena. Enpresarekin adostutako neurriak “gogorrak” direla onartu dute sindikatuek, baina azaldu dute “hartu beharreko neurriak” zirela, aintzat hartuta enpresa hartzekodunen konkurtsoan zegoela.

CCOO, UGT, ELA, USO, AVT, LAB eta CUC sindikatuek dute ordezkaritza enpresan, eta denek babestu dute lan hitzarmena. Nolanahi ere, etorkizunean baldintzak hobetu daitezen lanean jarraituko dute sindikatuek. Bide beretik, industria plana adostea beharrezkoa dela azaldu dute.

Hamarkada bat egin behar da atzera azken urteetan lantegiak izan duen egoera ulertzeko; hain zuzen, 2009ko apirilera, 1971tik Vicrilaren jabe zen ARC Frantziako multinazionalak enplegua erregulatzeko espedientea aurkeztu zuen unera. Lehen kolpea izan zen ordukoa, baina ez azkena: handik hilabete gutxira jakinarazi zuen ARCk lantegiaren jarduera behin betiko etengo zuela 2013rako, Europan “gehiegizko ekoizpen ahalmena” zuelakoan. Iragarri zuen soldatak izoztu eta erregulazio espediente gehiago ezarriko zituela 2013ra bitarteko bost urteetan.

Egoera ikusita, enpresako zuzendaritzak konpainia erosi zion Frantziako multinazionalari, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Gutxi iraun zuen barealdiak, ordea, 2016ko abenduan hartzekodunen konkurtsora bidali baitzuten lantegia enpresaren jabe berriek. Inbertitzaile bila egon da enpresa ordutik, egoera ekonomiko larrian, harik eta Mivaricar taldeak enpresa erosi duen arte.

Aurten bertan, urte hasieran sortu zuten Mivaricar. Beren-beregi, Leioako beirategia erosteko, Euskal Herriko hainbat enpresarik sortu zuten taldea, eta ekainean egin ziren Leioako beirategi historikoaren kargu.

Nazioartera hedatu

Enpresa egonkortzeko neurriak hartu dituzte orain, eta datozen urteetan bultzatuko dituzten proiektuen artean, bi azpimarratu ditu enpresako zuzendariak: tenplaketa linean egingo dituzten berrikuntzak eta dekoraziorako serigrafiaren eremukoak. Ekoizpenean egingo dituzten inbertsioez gain, AEBetako eta Europako merkatuetan zabaltzeko ahalegin berezia egingo dutela azaldu du Bermejillok. Iaz, enpresa hartzekodunen konkurtsoan zegoen bitartean, 46 herrialdetan saldu zituen produktuak beirategiak, eta merkatu hori are gehiago zabaldu daitekeela uste dute; betiere, “etxeko merkatua begien bistatik galdu gabe”.

Ziurgabetasunak atzean utzita, aurrera begirako plana adostu dute beirategi historikoan Mivaricar taldeak eta langileek.