Natalia Salazar Orbe
Historian zehar bereizi egin dira herri musika eta musika kultua. Herri musikak ez du izan musika kultuak besteko aitorpenik. Gaur egun ere hala gertatzen da, sarri asko. Batere aitorpenik ez zuten estilo batzuek, ordea, prestigioa lortu dute urteekin. Jazzarena da adibiderik argienetako bat. “Basatien musikaren itzulera” gisa deskribatu zuen New York Times egunkariko kazetari batek, 1924an. Handik hamarkada batzuetara, AEBetako Kongresuak “ohiz kanpoko altxor nazionaltzat” jo zuen. Ibilbide oparo horretan aurrera egin du jazzak, eta mundu osora zabaldu da. Euskal Herrian ere sustraitu da. Bizkaian, erro sendoak ditu Getxoko jaialdiak. Han dute zaleek urteroko zita. Asteazkenaz geroztik martxan dute Nazioarteko 42. Jazzaldia. Izen handiko artistak igoko dira oholtzara. Gaurtik igandera bitartean Algortako Biotz Alai plazan ikusi ahalko dira Billy Hart, Chano Dominguez eta Michel Camilo.
“Aniztasuna eta kalitatea”. Horiek jasoko ditu jaialdiak, Iñaki Saitua zuzendariak iragarri duenez. Jazz klasikoa, bokala, eta afrolatindarra flamenko ukituz bustita taularatuko dute. Gaur “mundu osoan erreferentea den bateria jotzailea” ikusteko aukera izango dute ikus-entzuleek. Billy Hartek artistarik entzutetsuen ondoan ondu zuen bere karrera. Besteak beste, Miles Davis, Joe Zawinul, Wayne Shorter, McCoy Tyner, Pharoah Sanders eta Herbie Hancockerren ondoan.
Bateria birtuosoari, berriz, flamenko doinuak aireratuko dituzten piano ukituek emango diote lekukoa. Bihar, Chano Dominguez flamenko-jazzaren irudi handienetako baten txanda iritsiko da. Bi estiloak uztartzeko duen abilezia agerian utziko du andaluziarrak agertokian.
Michel Camilo dominikar piano jotzaileak eta Tomatito gitarra jotzaileak izango dute jaialdia bukatzeko egitekoa. Bi musika tresnon arteko bikotea ez da ondo moldatu historian zehar. Hala ere, sonoritate hori konbinatzeko zailtasunei aurre egin zieten bi artistok, bikote mota hori ia kanon bihurtzeraino. Duela 30 urte baino gehiago hasi ziren elkartzen. Igandean elkartuko dira, berriz ere, oholtzan.
Belaunaldi berriak
Ibilbide luzea egin duten musikarien ondoan, belaunaldi berrien proposamenak ere hartuko dituzte jaialdian. Bi eratan taularatuko dituzte eskaintzok. Batetik, Taldeen Lehiaketako finalera iritsi diren taldeak ariko dira. Bestetik, Hirugarren Milurtekoa atalak ere proiektu gazteentzako oholtza eskainiko du.
Gaur eta bihar, aurreko egunetan egin dutenari jarraituz, Taldeen Lehiaketan parte hartzen ari diren taldeek kontzertu nagusien aurretik egingo dute emanaldia. 21:00etan igoko dira oholtza gainera, egun batean zein bestean. Lehiaketa horren finalera iritsi diren taldeek zuzenean aritzeko aukera izango dute orduan. Horrek Europako jazz gaztearen lanaz gozatzeko aukera emango du.
Gaur, Alemanian sortutako Bilderband ariko da. Eta, bihar, azkenaldian hainbat sari eskuratu dituen Alexey Leon Quartet taularatuko da Chano Dominguezen aurretik. Igandean, lehiaketaren irabazleari egokituko zaio kontzertu nagusien aurreko emanaldia egitea.
Algortako Geltokia plazan egingo dituzte Hirugarren Milurtekoa ataleko emanaldiak. Horietan ere proiektu gazteen proposamenak ikusi ahalko dira. Sarrera ez da ordaindu behar. Han ikusi ahalko dira Euskal Herriko Trizak taldea, Belgikatik iritsitako Martin Salemi hirukotea eta Madrilgo (Espainia) Lucia Rey hirukotea ere.
Musika estilo bat ez ulertzea argudiatzen dute askok gustatzen zaien ala ez galdetzean. Musikarentzako entzumenik eza edo prestaketa falta izaten dira beste argudioetako batzuk. Adituek argi dute: belarria trebatu egin behar da. Alde egin behar da musika gustu subjektiboetatik, eta ikasi egin behar da musika entzuten: haren ezaugarriak antzematen, identifikatzen eta ulertzen. Horretarako, garrantzitsua da txikitatik musika sentitzen eta bizi izaten irakastea, eta ikastea. Musikarekin heztea eta arlo horretan trebatzea. Gero eta zabalduago dagoen hausnarketa da. Getxoko Jazzaldian ere etxeko txikienengan pentsatutako kontzertua antolatu dute. Bihar egingo dute, Algortako Geltokia plazan. Madrilgo Jazz for Children konpainiak “kontzertu espontaneoa, dibertigarria eta didaktikoa” taularatuko du. Haurrek marrazki bizidunen filmetatik ezagutzen dituzten abestiak interpretatuko dituzte: Aladdin, Frozen eta Gru filmetako kanturik ezagunenak. Jazz estandarra ere landuko dute bideo jokoen kantuekin eta soinu banda ospetsuekin uztartuta. Interpretazioen artean azalpen arinak ere emango dituzte, antzeztuta. Gaztetxoek eta helduek musikari buruz ikastea da helburua.
Jazzari zukua ateratzeko, jam session saioek borobilduko dituzte emanaldiak. Gaur eta bihar egingo dituzte, Miguel Salvador Qtren eskutik, Algortako The Piper’s Irits pubean.
Musikaren gaineko ezagutza zabaltzea. Estilo guztiei aukera ematea. Entzun, barreneraino iristeraino. Estilo guztiek merezi duten arreta jarrita. Denak dira artea, sormenaren astindua; mezu bat edo sentimendu bat transmititu nahi duten diziplinak. Getxoko jaialdiak agerian uzten du prestigioz, abileziaz eta esanahiz betetako estiloa dela jazza.