Natalia Salazar Orbe
Eguna irauli. Gauari astindua eman eta kalera atera. Iluntasuna argitu eta jardueraz betetako ospakizunez gozatu. Horixe proposatu du, beste urtebetez, Gau Zuriak. Bilboren sorreraren 718. urteurrena ospatzeko, argiz, musikaz, kolorez eta ikuskizunez jantziko ditu hiriko hainbat kale eta txoko. Hain zuzen, antzerkia, musika, bideo-mappingak, argi eta soinu ikuskizunak eta esperientzia sentsorialak prestatu dituzte bilbotarrek zein bertaratzen diren bisitariek gozatzeko.
Aurten, berritasun nabarmena iraupenari dagokiona izango da. Orain arte, gau bakarrean biltzen zituzten Gau Zuriaren ospakizunak. Oraingo honetan, bi gauetan egingo dituzte. Gaur eta bihar, Bilbo unibertsora bidaiatuko dute bertaratzen direnek. Proposamenak ugariak dira. 30 jarduera izango dira aukeran, bi gau horietan.
21:30ean abiatuko dituzte Bilboren urteguneko ospakizunak, gaur eta bihar, 01:30era arte. Agertokiak askotarikoak izango dira: elizak, aretoak, egoitzak edota plazak. Ikus-entzuleek zentzumenak erne-erne izan beharko dituzte ibilbide osoan zehar aurkituko dituzten eskaintzez gozatzeko. Ikuskizunak tarte berezia hartuko du ehun urte bete dituzten Euskaltzaindia eta Indautxuko eskolak omentzeko.
Ikusgarria. Argiztapenari zein tamainari eta oihartzunari erreparatuta. Halakoxea iragarri eta aurreikusi dute Gau Zuria: txori eta lore ikaragarri handiak, argi konstelazioak eta oihartzun interaktibozko jolasak edota txotxongilo erraldoiak.
Jardueretako asko erabat interaktiboak izango dira. Bi gau horietako protagonista garrantzitsuenetakoak ikus-entzuleak izango baitira: bilbotarrak zein kanpotik iritsitako bisitariak. Betiere, proposatutako esperientzia desberdin, berezi eta parte hartzaileetan aritzeko prest dauden herritarrak.
Atxurin egingo dute saioetako bat: Gizakunde elizan. Musika klasiko eta garaikidez osatutako argi eta soinu ikuskizun bat eramango dute hara. Erabat itxuraldatuta agerraraziko dute espazioa. Lau zatitan eta lau musika mugimendutan banatutako pieza taularatuko dute: introspekzioa, bilaketa, transfigurazioa eta betetasuna mamituko dituzte mugimenduok. 22:00etan abiatuta, 45 minutu oro eskainiko dute saio bat. 01:00etan emango diote hasiera horietako azken ikuskizunari.
Azkenaldian Martzana kaiari eman nahi dioten itxura exotikoari helduko dio Gau Zuriaren egitarauak ere. Chill out gune bilakatuko du Bilbo 700 fundazioak.
Zazpikaleetan elkartuko dira Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoa, Bilboko Koral Elkartea, San Antonio Iralabarri korala eta San Antonio abesbatza. Santiago katedralaren atarian kontzertuak eskainiko dituzte. 21:00etan eta 23:00etan hasiko dira saioak.
Musikatik antzerkirako bidea egiteko aukera izango dute Euskal Museora joaten direnek. Asteon zabaldu duten klaustro estalian Bertse antzezlana taularatuko du La Historia y La Villa de Bilbaok. Bilboren idiosinkrasiak ezagutu eta ulertzeko, iraganerako bidaia aurkeztuko dute. Hiriaren sorrerari, hazkundeari eta garapenari buruzko gako batzuk aletuko dituzte. Gaur egungo hiri eredura iristeko ibilbidea laburbiltzen duten lau emanaldi egingo dituzte gaur eta bihar: 22:30ean, 23:15ean, 00:00etan eta 00:45ean.
Euskaltzaindiak mende bateko ibilbidea egin duela oroitzeko, eguzki lorez apainduko ditu egoitzako balkoiak. Hala, 1918ko irailaren 5a ekarriko dute gogora: Eusko Ikaskuntzaren lehen kongresuan Euskaltzaindia sortzeko erabakia hartu zuteneko eguna.
Argi-itzalak, efektuak eta irudi bitxiak izango ditu ezaugarri Gau Zuriak. Arriaga plaza, esaterako, unibertso zabalaren geraleku bihurtuko dute. Bilbo Unibertsoa kokatuko dute bertan: bertakoek zein bisitariek aztertu ahalko duten planeta instalazioa. Egunez ere jarrita utziko dute, eta, gauez, Holst musikagilearen doinuarekin piztu eta argituko dute, ibaiertzari kutsu bitxi berezia emanez.
Ikusten denaren eta irudika daitekeenaren arteko oreka bilatzen zein hausten lagunduko dute ikuskizunek. Areatzako estalpea argiz osatutako tunel handi bilakatuko du Beyond izeneko instalazioak. Bertaratzen direnek argi efektu bereziak antzemango dituzte. Argiak sortzen dituen perspektiba eta denbora efektuak nabarituko dituzte, tunel batean bidaiatzen ariko balira bezala.
Argia da, zalantzarik gabe, Gau Zuria bereizten duen ezaugarri nagusia. Udaletxearen fatxada bera ere argi proiekzio baten pantaila bihurtuko dute. Irudiez gain, argien efektuekin programatutako soinu banda bat entzungo da. Hiriko doinuak, gizakien eta portuko jardunaren soinuak eta musika estilo askotarikoen doinuak uztartuko ditu ikuskizunak.
Antzinako Greziako zeremonietan argiak eramaten zituzten lanpadoforo zeritzenen irudia gogora ekarriko dute Uribitarten. Abandoibarran, kalejira argitsu batean ibiliko dira Lampadophoreak izendatu dituzten egitura puzgarri handiak.
Ikusmenaz gain bestelako zentzumenak ere astindu nahi dizkiete emanaldiekin bisitariei. Konfetizko ekaitz handi bat irudikatuko duen argi eta musika ikuskizuna eramango dute Bizikidetasun plazara, Isozaki dorreen arteko zabalgunera. Zortzi metroko diametroa duen kupula garden bat jarriko dute, eta parte hartzen dutenek sentituko dute elurra ari duela irudikatzen duten kristalezko bola horietako batean daudela.
Gaua argiztatzeaz gain, naturari erreparatuko diote zenbait ikuskizunek. Kasu batzuetan, naturaren indarra bera goraipatuz; bestetan, modu artifizialean irudikatuz. Albiako lorategiak, esaterako, tulipa lanparez osatutako natura hil batek apainduko ditu. Era guztietako estanpatuak eta kolorezko ehundik gora pantaila jarriko dituzte han.
Zabalguneak hainbat arte diziplinatako ikuskizunak hartuko ditu: elkarren atzetik jardungo diren musika, dantza eta sormena ez dira faltako 21:00etatik 00:00etara. Hamar ikuskizun eskainiko dituzte gaur eta bihar.
Naturako soinu lasaigarriak gauaren isiltasunean. Horixe eskainiko du Henao kaleko ikuskizunak. Bertako zuhaitzetan ariko dira bi txori, bereziki saio horretarako sortutako emanaldiaren barruan.
Quim Moya margolari eta performerrak 15 metroko horma irudi bat margotuko du, zuzenean, Rekalde aretoan. “Izarrezko unibertso bat” irudikatuko du bertan. Izarrak itsasgarri argitsuak izango dira, eta instalazioa bisitatzen dutenei banatuko dizkiete. Aukera izango dute pintura kolektibo horretan parte hartzeko.
Landare munduaren indar handia erakusteko asmoz, argizko lorategi baten bidez giro magikoa sortuko du Flower Power instalazioak, Moyua plazan.
Lurra eta unibertsoa eskutik lotuta irudikatuko dute ospakizunek. Azkuna zentroko atrioaren burdinazko zutabeek argi konstelazio bat sostengatuko dute. Iluntasunean argituko diren ehunka sokak, elkar gurutzatuta, laino artegagarri bat sortuko dute. Tom Dekyevere artista belgikarraren sorkuntza da.
Unibertsotik Bilbora salto eginda, hiriaren adierazgarri den baldosa interaktibo bihurtuko dute, eta, era horretara, joko handia emango du Indautxu plazan. 36 metro koadroko instalazio interaktiboak abestu egingo du norbait berarekin jolasten denean.
Ohiko paisaia irauliko dute zenbait proposamenek. Esaterako, Ertzilla kaleko oinezkoentzako tartean kolorez jantziko dituzte kaleko argiak.
Mende bateko ibilbidea ospatzeko, kolorez jantziko dira Indautxuko eskolak. Ricardo Bastida arkitektoaren eraikina hiru dimentsioko irudiak proiektatzeko erabiliko dute.
Hiru dimentsioko argi irudiak baliatuko dituzte Casilda Iturrizar parkean ere laser argi futuristaz egindako eszenografia ikusgarriak eratzeko.
Teknologia berriak alde batera utzita, Gau Zurian klasikoei helduko dienik ere bada. Arte Ederren Museoko bisitariei musika klasikoko zuzeneko emanaldia eskainiko diete.
Ikusi, ukitu eta parte hartu. Horixe sustatuko dute hainbat emanaldik. Esaterako, Artetxe Kondearen zumarkalean jarriko duten argi instalazio parte hartzailean bisitariek beraien itzalaren proiekzioarekin jolasteko aukera izango dute.
Sormenari astindua emanda antolatu dituzte emanaldietako asko. Besteak beste, ikus-entzunezko muntatze batekin sinkronizatutako hiru bateria astinduko ditu Maextromek, Iberdrola dorrearen parean.
Agertoki orok ohikoa ez duen kutsu bitxia hartuko du. Guggenheim museoan magia hori gauzatu ere egingo da, sei aztiren eskutik. Aztiok argia eta magia uztartuko dituzte bihar gauean.
Argiztapena, bideo-mapping-a eta soinua uztartuko ditu Splash instalazioak Deustuko Unibertsitateko fatxadan.
Gau Zuriak oihartzun interaktibozko jolas bat eramango du Bizkaia aretora. Esku batek interfaze baten gainean egiten dituen mugimenduak espazioan gorpuztuko dira argi geruzen bidez.
Birziklatzearen garrantziaz jabetzeko, plastikozko poltsak baliatuta egin dituzte Abandoibarran jarriko dituzten loreontzietako lore argitsuen orriak. Han ere, magiaz betetako eremu batean murgilduko dira bisitariak.
Evaristo Txurruka kaiko kale-argiak galaz jantziko dituzte Gau Zuria iritsi dela iragartzeko.
Itsasadarra Itsas Museoan artez eta swing dantza estiloaz uztartutako gauak eskainiko dituzte Four Friends taldeak eta Eider Saratsaga abeslariak. Hiru emanaldi izango dira: 21:30ean, 22:30ean eta 23:30ean.
Lau metroko txotxongiloek Zazpikaleak animatuko dituzte, erritmo eta mugimenduekin sinkronizatutako musika eta argi efektuekin.