Ainhoa Larrabe Arnaiz
Ohiko bihurtu zaie astelehenero protesta egitea, eta helburuak lortu bitartean hala jarraituko dutela diote pentsiodunek. Argia da duten aldarrikapena: 1.080 euroko gutxieneko diru sarrera nahi dute, “duintasunez” bizi ahal izateko. Urtea hastearekin batera hartu zituzten pentsiodunek kaleak, eta azken hamarkadetako mobilizaziorik jendetsuena gidatu zuten martxoaren 17an; Hego Euskal Herriko hiriburuetan, 170.000 pertsona inguru atera ziren protesta egitera. Bilbon, zehazki, 115.000 lagun manifestatu ziren, eta argazki bera ateratzeko asmoa dute bihar. Pentsio sistema publiko duina aldarrikatuko dute berriz ere. Jesusen Bihotzetik abiatuko da mobilizazioa, 18:00etan, eta udaletxean bukatuko dute ibilbidea.
Pentsioen auziak aurrekontuen negoziaziotik kanpo egon behar duela uste dute pentsiodunek. “EAJren eta PPren arteko akordioarekin ala akordiorik gabe, aurten %1,6 igotzea eskatzen dugu”. Pentsiodunek egindako presioari erantzunez, eta Espainiako Gobernuko aurrekontuen gatazkaren harira, PPk eta EAJk akordioa erdietsi zuten joan den hilabetean, datozen bi urteetan pentsioak KPI kontsumo prezioen indizearen arabera eguneratzeko. Pentsiodunak “desmobilizatzeko” ahalegina ikusi dute Pentsionistak Martxan plataformakoek EAJk eta PPk hartutako neurrian, eta astelehenean argi adierazi zuten helburuak lortu bitartean mobilizazioekin jarraituko dutela. Pentsiodunek Espainiako Gobernua egiten dute gaur egungo egoeraren erantzule, eta Euskal Herriko alderdi politikoen ordezkariei eskatu diete biharko mobilizaziora joan daitezela. Iñigo Urkullu lehendakariari ere egin diote gonbita.
Emakumea eta pentsioduna
Emakume pentsiodunek duten “zigor bikoitza” salatu zuten Euskal Herriko pentsiodunen plataformako kide diren hainbat andrek. Beraien egoera salatzeko agerraldia egin zuten joan den astean, eta salatu zuten gaur egun indarrean dagoen pentsio sistemak “ikusezin” egiten duela soldatapeko lanik gabeko sektorea; kasu gehienetan andreek egiten dutena. “Gutako askok ez dugu aukerarik izan aintzat hartutako lan batean aritzeko, baina bizitza osoa eman dugu lanean; bai etxean eta bai etxetik kanpo. Herri honen aberastasunaren %50 guri esker lortu da, eta, sistema hau manten dadin, beharrezkoa da gure lana. Baina ez digute biderik uzten pentsio duina izan dezagun”.
Pentsioetan dauden ezberdintasunak ere salatu dituzte. “Lanpostu batean lan egin duten emakumeei onartzen zaie erretiro pentsioa. Baina gizonena baino %70 txikiagoa da”.
Pentsionistak Martxan plataformako emakumeek argi dute ezberdintasun hori pentsio sistematik harago doan arazo bat dela. “Sistema bera da [ekonomiko zein politikoa] arazoa”. Hori ikusarazteko, larunbatean kaleak hartzeko deia egin zuten. “Dei berezia egiten diegu enplegutik baztertuta eta gaizki izendatutako etxeko lanak egin dituzten emakume orori, Euskal Herriko hirietako kaleetara irten daitezen pertsona eskubidedunak garela ozen aldarrikatzeko. Ahalegina egingo dugu ikus gaitzaten eta gure lanaren balio erreala ordaindu dezaten”.
“Desmobilizatzeko” saioa
Azken hilabeteetan, Euskal Herriko hainbat eragile politiko eta sozialek babesa eman diote pentsiodunen aldarrikapenei, eta, biharko mobilizazioa jendetsua izan dadin, parte hartzeko deia egin dute askok. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna osatzen duten elkarteen eta sindikatuen kasua da.
Pentsio sistema “goitik behera” aldatzea beharrezkoa dela azaldu zuen Mikel Noval ELAko kideak, plataforma osatzen dutenen izenean. EAJk eta PPk pentsioen eremuan erdietsi duten akordioa “adabaki” gisa izendatu zuen Novalek, eta herritarrak “desmobilizatzeko” ahalegina nabari duela. “Kalera ateratzen diren pertsonak etxean geratzeko bi urteko adabakia jarri dute”. Novalek gogorarazi du populazioaren kopuru handia dela pentsioduna. “Biztanleriaren %24 dira, eta jasotzen duten batez besteko kopurua oso txikia da: 1.157 euro EAEn, eta 1.070 Nafarroan. Pentsioena eztabaida politikoa da, ez teknikoa”.
LAB sindikatuko Bea Martxuetaren esanetan, sistema pribatizatzea dute helburu. “Alternatibak egon badaude, eta egingarriak dira: soldata duinak, enplegu duinak eta zerga sistema progresioa. Horiek dira egoera iraultzeko dauden alternatibak. Eta hau guztia lortzeko borrokan jarraituko dugu”.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna osatzen duten eragile eta sindikatuek zein Pentsionistak Martxan plataformako kideek, biek azaldu dute pentsio duinen aldeko eskaera egitea gizarte osoari dagokiola, eta ez soilik gaur egun pentsioa jasotzen dutenei. Biharko protestara gehitzeko deia egin dute horregatik.