Peru Azpillaga
Kaleak eta artea. Ezingo litzateke ulertu bata bestea gabe. Kalean marrazten da eguneroko bizitza eta arteak koloreztatzen du bestela grisa eta hutsa izango litzatekeen zirriborroa. Gaur egun antzoki eta teatro handiekin lotzen dugun arren, artea kalean jaio zen, eta badira oraindik ere beren jardun profesionala bertan garatzen dutenak; aire zabalean, hiritarrekin batera; elkar elikatuz eta batak bestearengandik ikasiz.
Horretarako sortu zen, hain zuzen ere, Leioako Umore Azoka, Euskal Herrian kaleko arteari eskaintzen zaien jaialdi nagusietariko bat. Hamaika konpainia batzen dira, eta kaleko artistek, hiriari maskara kentzen diote, eta ezkutuan dagoen antzokia uzten dute bistan. Hala, urtez urte, hiriko kaleak umorez eta kolorez betetzen dira, artearen espresio desberdinak nahastearen bidez.
Zirkua, magia, antzerkia, dantza… egitasmoaren ezaugarri nagusietako bat da diziplenen arteko oreka. Hori dela eta, Umore Azokak denetarik biltzen du bere programan, eta, aurten, hemeretzigarren edizio honetan, 100 emanaldi baino gehiago eskainiko ditu. Horietako asko, gainera, estreinaldiak izango dira. Estreinaldiak baitira aurtengo bereizgarri nagusietako bat. Guztira, programazioaren %50 inguru: batzuk Euskal Herrian lehen aldiz ikusiko diren emanaldiak izango dira, eta besteak, aurrez antzokietan estreinatu baina kalean aurrenekoz erakutsiko direnak.
Horretarako, munduko toki askotatik etorritako konpainiak izango dira Leioan. Baina azokak benetan nabarmentzekoa den ezaugarriren bat badu, hori, euskal konpainien presentzia eta kalitatea da. Hain zuzen ere, guztira arituko diren 40 konpainietatik 21 Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritakoak dira. Besteak beste, Ganso & Cia, Hortzmuga Teatroa, Lasala, Pez Limbo edota Proyecto Larrua.
Nazioarteko konpainiei dagokienez, adierazgarria izango da konpainia katalanek izango duten parte hartzea. Herrialde Katalanetako sei talde izango dira Umore Azokan, eta, horretaz gainera, Txileko, Frantziako, Espainiako eta Herbehereetako lanak ikusi ahal izango dira, besteak beste.
Azkenik, Umore Azokak tokiko artisten alde ere apustua egiten duela erakutsiz, Leioako bertako hiru antzerki eta dantza konpainia bildu ditu programako atal lokalean. Antolatzaileek adierazitakoaren arabera, 500etik gora proposamen jaso dituzte, eta horien artean hautatu behar izan dute. Hori egiteko, bi irizpide izan dituzte oinarritzat batik bat: kalitatearen eta diziplinen arteko oreka. Azokak, garrantzi handia eman izan dio beti mota guztietako diziplinak batzeari, eta antzerkia, dantza eta musika ardatz nagusiak diren arren, umoreak, magiak eta suak ere lekua izango dute.
Umorea kaleetan barreiatuz
Umore Azokak irauten duen asteburuan zehar, Leioako kaleak antzoki erraldoi bat bilakatzen dira. Hamaika motatako antzerki eta emanaldiek betetzen dute egun osoko egitaraua, eta, horri esker, noiznahi, algarak eta umorea dira nagusi hiriko txokoetan. Guztira, hamabi gune izango dira, eta antolakuntzak, programa aurrera eramateko, hamabost antzezleku atonduko ditu. Guztiak, ordea, ez dira aire zabalean egongo. Halaber, kalerik kale ibiliko diren konpainiak ere izango dira, eta haien ikuskizuna gunetik gunera gauzatuko dute.
Iaz, 37.000 bisitari izan ziren Leioako Umore Azokan, eta, izandako arrakasta ikusita, bai udalak eta bai Foru Aldundiak, artearen alde egidako apustua berretsi dute. Udalak, adibidez, 221.300 euroko inbertsioari eustea erabaki du, Umore Azokaren bidez, urtero, Leioa arteen hiriburu bilakatzea lortzen dutelako.
Negozioetarako tartea
Aitzitik, Leioako Umore Azoka, ekitaldi eta antzezlanetaz aparte, erabateko azoka bat da. Beraz, parte hartuko duten konpainientzat erakusleiho izateaz gain, negozioak eta kontratuak ixteko beta ere izango dute artistek eta programatzaileek. Leioako kaleak, beraz, tratuak egiteko gune ere bilakatuko dira eta, antolatzaileek zehaztu dutenez, jada 200 programatzaile inguruk eman dute izena Umore Azokan egoteko.
Horretaz gain, arte eszenikoen hainbat elkartek egun hauek biltzarrak eta solasaldiak egiteko baliatuko ditutze, horien artean, Artekale elkarteak. Kultur Leioako erakusketa azoka, topaketa profesionalerako gune bilakatuko da, Artekale espazioaren bitartez. Esparru horretan egingo dira, beste jarduera batzuen artean, umore meeting izeneko bilera azkarrak; elkarrekintza eta ikuskizunen kontratazioa erraztea helburu.
Artekale elkartea, kaleko artea bultzatzen eta indartzen saiatzen den elkartea da, eta, horretarako, espazio publiko zein pribatuko eragileak batzen ditu. Adierazi dutenaren arabera, bi helburu nagusi dituzte: kaleko arteei babesa adieraztea eta merkatu artistikoan eragitea. Halaber, kaleko arteen mundua Euskal Herrian izaten ari den gorakada nabarmendu dute. Horren adierazgarri da, besteak beste, elkartearen bazkide kopurua; gaur egun, badira 57 ere.
Leioako Umore Azokaren eragiteko ahalmena ere azpimarratu dute elkartekoek, “banaketarako, inspiraziorako eta ikuskizunen sorkuntzarako espazio” moduan definitu dutena, eta, gainera, euskal konpainiei aukera “paregabea” eskaintzen diena.