Aitziber Laskibar Lizarribar
Loiuko aireportuak azkenaldiko hazkunde “ikusgarriaren” bidetik jarraitzen badu, aireportua handitzeko prest dago Aena. Hala adierazi du Jaime Garcia-Legazek, aireportuaren kudeaketaz arduratzen den taldeko presidenteak. Adierazi du hazkundeari ez diola inolako mugarik jarri nahi, eta, aireportua handitu behar bada, pozarren egingo dituela hartarako lanak.
Bide horretan plangintza egina duela azaldu du Aenako presidenteak, Europako airelineek BECen egin duten kongresuan. Baina aurrera begirako asmoa dela zehaztu du: 2021etik haragokoa dela landua duten plangintza. Edonola ere, ziurtatu du aireportuak azken bi urteetako abiaduran hazten jarraitzen badu egitasmoa aurreratzeko arazorik ez duela izango.
Bidaiari kopurua etengabe handitu da azken bi urteetan Loiun, errekorrak etengabe hautsi dira, eta aurten bost milioi bidaiaritik gora jasoko dituela aurreikusten da. Hala ere, hazkunde maila hori mantentzea zaila dela eta, Aenako presidenteak ez du uste handitze horretarako premia egongo denik, aukera mahai gainean duen arren.
Beste neurri bat bai, baieztatu du: aparkaleku kopurua gehitzeko lanak egingo dituzte. 2020ko udarako 1.200 aparkaleku gehiago izango ditu aireportuak, eta 12,7 milioi euro erabiliko dira horretarako.
Aurreko astean aireportuan izan zen kaosaren ondotik iritsi da erabaki hori. Egun erabiltzaileentzat prestatuta dauden 2.800 aparkalekuak erabat bete ziren ezustean, eta, ez atzera ez aurrera, ilara luzeak sortu zituzten ehunka autok. Aireportura joandakoen urduritasuna, hegaldia galtzeko beldurra eta haserrea nagusi, langileek aparkaleku inprobisatuak sortu behar izan zituzten. Aurrera begirako erabakiak ere egun batetik bestera hartu zituzten: aparkalekuek gainezka egin eta hurrengo egunean bertan iragarri zuten aparkaleku gehiago egiteko asmoa. Astebete ere igaro aurretik, planaren ildo nagusiak zehaztu zituzten: mila aparkaleku berri baino gehiago egingo dituzte 2020ko udarako.
12,7 milioi aparkalekuetara
Aenako presidenteak astelehenean baieztatu ditu Cristina Etxeberria Loiuko aireportuko zuzendariak aurreko egunetan esandakoak, harekin bilera egin ondoren. Garcia-Legaz: “12,7 milioi euro izango dira Loiuk 2020rako 1.200 aparkaleku gehiago izan ditzan”.
Terminalaren aurrean dagoen parking nagusiari 500 aparkaleku inguru gehitzea da asmoa. Industrialdera dagoen eta denbora luzerako uzteko den aparkalekuan beste 600 bat autorentzako lekua egin daitekeela diote. Lanak bi fasetan egingo dira, eta bitarte horretan egungo aparkaleku kopurua ez gutxitzeko neurriak hartuko dituzte, egoera gehiago ez korapilatzearren. Horretarako, zatika arituko dira. Lehen lanak 2019ko otsailean hasteko asmoa dute, abuzturako amaituta egoteko. Orduan hasiko dira beste zatiko lanak. Obra guztia bi urte barru amaituta espero dute: 2020ko udarako.
200 aparkaleku hilabetean
Aurrez beste 200 aparkaleku prestatuko dituela iragarri du Aenak. Hilabetean amaituta eduki nahi ditu lanak, eta ohiko aparkalekuek gainezka egiten duten kasuetan soilik erabiltzeko izango dira. Parking nagusiaren gaineko teilatua egokituko dute horretarako. Aurreko asteko kolapso egunetan ere erabili zuten eremu hori; ehun bat biribil bideratu zituzten hara.
Taxientzako aparkalekua, aireportuaren ondoko industrialdea eta autobusen geltoki bat ere prestatuta, ohi baino 400 biribil gehiagorentzako tokia egokitu zuten aurreko astean. Gaur egun, 2.800 aparkaleku ditu aireportuak bezeroentzat. Beste 900, autoak alokatzen dituzten enpresek eta aireportuko langileek erabiltzen dituzte.
Ilara luzeen ondoren, salbuespeneko neurriak hartu eta nolabait bideratu zuen egoera aireportuak. Baina hainbat galdera eragin ditu gertatutakoak: aurreko astea ez zegoen goi denboraldi gisa hartua; ez zen oporraldien puntako garaia. Bizkaian datozen hil eta urteetan aurreikusita dauden nazioarteko ekitaldi handirik ere ez zen egun horietan. Nolatan, orduan, horrenbesteko auto pilaketak?
Hiru faktore aipatu ditu aireportuko zuzendariak gertatutakoa azaltzeko: batetik, Ipar Euskal Herritik zein Okzitaniatik auto asko etorri direla azaldu du. Miarritzetik eta Baionatik pertsona asko etorri direla Bizkaira hegaldia hartzera, eta baita Bordeletik ere, adibidez. Haurren opor egunak ziren eremu horietan, eta horregatik ohi baino bisitari gehiagoren etorrera. Etxeberriaren esanetan, ezustekoa izan da, eta “zaila” izango da beste garai batean halakorik errepikatzea.
Bestetik, aireportuan aparkatuta egon diren autoak ohi baino denbora luzeagoz egon dira. Zuzendariaren ustez, Pazko astearen eta maiatzaren bateko zubiaren arteko gertutasuna izan da arrazoia. Loiuko aireportua izaten ari den bidaiari hazkunde etengabea du beste arrazoitzat.
Bi urte barrurako 1.200 aparkaleku gehiago agindu ditu Aenak. Orain geratzen den zalantza da lehenago Bizkaian izango diren nazioarteko ekitaldi erraldoietarako nahikoa izango diren salbuespen egoeretarako sortuko dituzten 200 aparkalekuak.