Fikziozko irudien iraultza

Fikziozko irudien iraultza

Natalia Salazar Orbe

Iraultza piztu da Manor etxaldean. 1950eko hamarkada da, Ingalaterran. Jones baserritar basatiak ematen dien tratu txarraz nazkatuta, abere guztiek bat egin dute, eta, gizakiak alde batera utzita, iraultza abiatu dute. Hasierako poza berehala itzaliko da, ordea. Txerrien taldeak, Napoleon diktadorea buru duela, iraultzaren kontrola hartu du. Txakur hiltzailez osatutako armadaren laguntzarekin tirania eta beldurra ezarriko dituzte sortu berri duten errepublika txikian. Horra hor George Orwellen Animal Farm eleberrian oinarrituta Joy Batchelor zuzendariak 1954an pantaila handira eraman zuen animaziozko filma. Aitzindaria izan zen andre ingeles hura: animaziozko film luze bat zuzendu zuen lehenengo emakumea izan zen Lotte Reinigerren ostean. Atzo egin zuten bezala, gaur ere, filmaren emanaldia egiteaz gain, haren atzera begirakoa eskainiko dute, Animakom Fest jaialdiaren barruan. Bigarren aldia jarri dute abian. Igandera bitartean, filmik onenaren saria lortzeko lehian ariko diren 100 lan eta lehiaketatik kanpoko beste hainbat ikusteko aukera izango da. Bilbao Berrikuntza Faktoriako Dock espazioa izango da jaialdiaren egoitza nagusia.

Joy Batchelorren atzera begirakoa izango da jaialdiko jarduera garrantzitsuenetakoa. Emakume horrek eta, berak bezala, beste askok egin duten lanari ikusgarritasuna eman nahi dio, aurten ere, jaialdiak. Hala azaldu du bertako zuzendari Pedro Riverok. “Deigarria eta esanguratsua da historiako liburuek ahaztu egin dutela bera, agian, lanaren zati handi bat senarrarekin elkarlanean egin zuelako. Badirudi, beraz, emakumeen lana soilik azpimarra daitekeela bakarrik lan egiten dutenean. Hala ere, garrantzitsuena norbaitekin elkarlanean aritu ahal izatea da”.

Ia 40 urteko ibilbide profesionalean, zuzendari, idazle, ekoizle eta diseinatzaile lanetan jardun zen Batchelor zena. Animal Farm lanik ezagunenaz gain, Ruddigore film luzea eta film laburren aukeraketa bat ere ikusgai jarriko dituzte egunotan. Leioako Arte Ederren fakultatean emango diote Animakom saria, gaur. Bibianne Halas alabak jasoko du.

Bi lehiaketa

Batchelorren lanez gain, film laburren bi lehiaketatara aurkeztutako lanak ere ikusi ahalko dituzte bisitariek: profesionalen lanak lehiatuko dira, batetik, eta ikasleenak, bestetik.

Jaialdia sona handia hartzen ari den seinale da aurten jaso duten lanen kopurua. 1.500 film labur iritsi dira antolatzaileen eskuetara. “Iaz, 600 jaso genituen. Ikaragarria da. Mundu mailan garrantzitsuenetakoa den Zagrebeko jaialdian, esaterako, 1.800 jasotzen dituzte”.

Bistan da, beraz, animazioaren sormen industria goraka doala. Hala ekarri du gogora Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak. “Zinebi eta FANT jaialdietan areagotu egin da animaziozko filmen kopurua. Horrez gain, kalitate handiko lanak dira. Besteak beste, Zinebiko iazko sari nagusia animaziozko film frantses bati eman zioten. Eta euskal zinemarentzako sari nagusia ere animaziozko film batentzat izan zen”. Genero zaila da, eta aurrekontu handia behar du, baina oso maila altura iritsi dela sinetsita dago Alonso.

Hala, lanak aukeratzea zaila izan dela aitortu du Riverok: “Kalitate handiko lanak iristen dira. Eta 100 film labur inguru lehiatuko dira”.

Nazioarteko epaimahaia

Epaimahaia ere bi ataletan banatu dute: profesionalen lanak epaituko dituzte batzuek, eta ikasleenak besteek. Lehenengo sailean kokatu dituzte Yves Nougarede Annecyko Animaziozko Zinemaren Nazioarteko Jaialdiko programatzailea, Priit Tender Estoniako zuzendaria eta Kim Keukeleire jaialdia inauguratu duen zuzendaria. Ikasleen lanak saritzeko lanetan ariko dira, bestalde, Britt Raes iazko jaialdian zuzendari onenaren saria lortu zuen zuzendaria, Olatz Beobide aktorea ikus-entzunezko sektoreko emakumezkoen (H)emen taldearen izenean, eta Petrit Gora Kosovoko Anibar jaialdiko zuzendari artistikoa.

Lehian ariko diren obrez gain, Annecyko jaialdiko eta Zinebiko lanak ere emango dituzte. Horien artean, haurrentzako lan bat izango da. Igande eguerdian emango dute, Otxarkoagako udaltegian.

Espazio eta agertokiei dagokienez ere dibertsifikazioari ekin dio-eta jaialdiak. Arte Ederretako fakultateko eta Campos Eliseos antzokiko espazioak ere bere egin ditu.

Esku-argien tailerra

Umeentzako filmez gain, bestelako jarduera hezitzaile edo trebatzaile bat ere prestatu dute jaialdirako: animazioa esku-argiekin egiteko tailerra, hain zuzen ere. EHUko irakasleek koordinatuta eta SGAE fundazioak lagunduta egingo dute saioa, bihar. Campos antzokiko Cupula aretoan ipini dute ordua, goizeko hamaiketan. Gainerako jardueren modura, doakoa izango da hori ere, eta lekuak bete arte hartuko dituzte parte hartzaileak. Parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute aurretik, info@animakom.com helbidera idatzita, eta pilak kargatuta dauzkan esku-argi bat eraman beharko dute. “Campos antzokiko Cupula aretoan egingo dugu dena ondo atera dadin iluntasun baldintza jakin batzuk behar ditugulako”.

7 eta 14 urte arteko ume eta gazteentzat da tailerra, eta Begoña Vicario irakasleak emango du. Animazioaren oinarriak azalduko dizkiete tailerraren hasieran. Ostean, parte hartzaileek keinu batzuk egin beharko dituzte esku-argiak baliatuta. Antolatzaileek filmatu eta editatu egingo dituzte jarduera horiek, ikasleek prozesua zer-nola gauzatzen den uler dezaten.

Ondoren, parte hartzaile bakoitzak aukeratu duen irudi geometrikoa irudikatuko du, eta norberak erabakiko du zer-nola eraldatuko duen, tamaina aldatuz edo beste irudi bat eratuz. Argiz egindako irudiak jaso eta editatu ostean, pantailan erakutsiko dituzte. Lan hori bukatzean bi taldetan bereiziko dituzte tailerreko kideak. Besoak gora altxatu eta batera eta bestera mugitzeko aginduko diete. Bien bitartean, beste ilara batzuetan egongo diren parte hartzaileek euren siluetak marraztuko dituzte esku-argiekin.

Jaialdia igandera arte aurreikusita badago ere, apirilaren 18an eta 19an Joy Batchelorren atzera begirakoaren bi emanaldi egingo dituzte Bilbao Berrikuntza Faktorian, “EHUren Arte Ederretako Leioako fakultatera joan ezin daitezkeenek ikusteko aukera izan dezaten”. Marrazkien eta animazioaren iraultzaren agertoki bihurtu da hiria.