Natalia Salazar Orbe
Kritika zorrotza, mezu arina zein sakona, umorea edota haserrealdia. Denetarik adieraz dezakete keinuek. Berbaz zein hitzik gabe, esan nahi dena ikus-entzuleei helarazteko gaitasuna dute clown-ek. Estilo anitz uztartuko dituzte asteazkenean hasi eta igandera bitartean Durangon hartuko dituzten VI. Topaklown topaketetan. Ikus-entzule guztientzako antzezlanak ez ezik, clown munduko profesionalentzako zein amateurrentzako ikastaroak ere antolatu dituzte, beste urtebetez, San Agustin kulturguneak eta Ganso & Cia antzerki konpainiak.
Clown-en alorrean trebatzeko bi ikastaro egiteko asmoz sortu zuten Topaklown duela sei urte. Aurten, bederatzi ikastaro eta beste horrenbeste ikuskizun eskainiko ditu bost egunetan. Hala azaldu du Arantza Arrazola San Agustin kulturguneko arduradunak. Topaklown herrian eta diziplina zehatz horretan ari direnen sektorean errotuta dagoen hitzordu garrantzitsu gisa finkatu dela dio. Horren adierazgarri, zenbait datu eman ditu. “Ikusleak zain izaten ditugu, eta 120 ikasle ditugu aurtengo ikastaroetarako. Iaz ere kopuru bera izan genuen”. Ez dute nahi zenbaki hori hazterik, gainera.Topaketen izaerari eutsi nahi diote. “Gure sabaira iritsi gara. Benetako topaketa bat izatea da gure filosofia. Alegia, ikasle, irakasle, artista eta ikus-entzuleek senti dezatela topaketa batean daudela. Eredu oso handia izango baliz, hori ezinezkoa izango litzateke. Gurea ez da jaialdi bat, topaketa bat baizik”.
Ikastaroei garrantzi handia ematen dio topaketak, baina ikus-entzule guziei zabalik dauden ikuskizunen arrakastak ere gora egin du azken urteetan. Antolatzaileek lau azpimarratu dituzte. Ganso & Ciak Babo Royal taularatuko du ostegunean: une honetan labean dagoen lanaren jendaurreko entsegua izango da.
Peter Shub artista amerikarra ikastaroetan zein oholtzan, bietan ariko da. Stand Up and Fall Down lana aurkeztuko du. Toi D’Abord konpainiak, Ti vivens! taularatuko du. “500 emanalditik gora eginda ere, era guztietako ikus-entzuleak harrapatzen dituen lana da”.
Cancamisa Teatro taldeak emango die hasiera saioei, asteazkenean. Imanol Ituiño magoak idatzi eta zuzendutako Rámper, vida y muerte de un payaso lanarekin altxatuko dute oihala. “Ikuskizun zoragarria da. Imanol Ituiñok harrituta utzi gaitu bere lehenengo lan honekin”.
Bost eguneko eskaintza zabalaren ale batzuk besterik ez dira horiek. San Agustin kulturgunea izango da Topaklowneko saio gehienen agertokia.
Topaketaren arrakastarako gakoetan hasieratik asmatu zuten antolatzaileek. “Aste Santu garaia aukeratzea asmatze izugarria izan zen. Antzerki konpainia profesionalek Aste Santuan ez dute egiten lanik. Eta antzokietan ere ez da egoten programaziorik. Beraz, oso une aproposa da trebakuntza ikastaroak eskaintzeko”.
Horrez gain, Euskal Herritik gertu zaila da horren eskaintza zabala ematen duten topaketak aurkitzea. “Guk ezagutzen ditugun topaketetan ez dute eskaintzen horrenbeste ikastarorik. Granadan, esaterako, egiten dute bat, baina lau ikastaro ematen dituzte. Zaragozan dago beste bat, eta hiru eskaintzen dituzte. Guk bederatzi izatea lortu dugu”.
Ez nolanahikoak, gainera. Nazioartean onenak diren profesionalak ekartzen saiatzen dira. Besteak beste, aurten Peter Shub ekarri dute Ameriketako Estatu Batuetatik. “Haren ikastarorako lekuak ordu laurdenean bukatu ziren”. London Physicall Theatre School-eko bi irakasle ere lortu dituzte Londrestik.
Nazioarteko eskaintza zabal horren barruan euskarari eta tokiko konpainiei lekua egiteko konpromisoari ere eutsi diote. “Beti saiatzen gara euskarazko clown ikastaro bat egiten”. Aurten Dejabu Panpin Laborategiak emango du. Bakarra izango da euskaraz.
Azken eguneko saioak ez ezik, gainerako aretoko ikuskizunek ere 8 euro balio dute. 30 euroko bono bat ere jarri dute aukeran. Horrekin ikuskizun guztietan sartu ahalko dute ikus-entzuleek. San Agustineko txarteldegian zein Arte eta Historia Museoan eskura daiteke. Sarrerak Internet bidez ere eros daitezke.
Durangon Topaklown egitearen arrazoia argi azaldu du Arrazolak: topaketak egiteko ideia izan zuen Ganso & Cia konpainiako kide Gorka Ganso Durangon finkatuta dagoelako. Berak eta Cecilia Paganinik osatzen dute taldea. “Areto honek hainbat proiektu gauzatu ditu Gorkarekin batera. Eta bera da Topaklownen asmatzailea; berak proposatu zuen. Topaketako zuzendari artistikoa ere bada”. Asmo haren seigarren edizioa abiatzear da.