Goi tentsioko arrakalak

Goi tentsioko arrakalak

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Ia hamarkada bat lozorroan eman ondoren, abiadura biziz hartu dute Gueñes eta Itsaso arteko goi tentsioko linearen proiektua. Ez kasualitatez. Gatikatik Cubnezaisera (Frantzia) urpetik doan goi tentsioko kable sarea eraikitzeko egitasmoak indarra hartu duen momentu berean hasi dira Bizkaiko eta Gipuzkoako lurraldeak gurutzatuko dituen azpiegituraren eraikuntza prozesuari abiada ematen. Banatuta aurkeztu dituzte proiektu biak, baina REE Red Electrica Españolaren txostenetan argi azaltzen da egitasmo berari erantzuten diotela Gatika-Cubnezais eta Gueñes-Itsaso goi tentsioko lineek: Europako Batasuneko herrialdeak energetikoki lotu nahi dituzte.

Sei urte igaro dira REE enpresak Gueñes eta Itsaso arteko goi tentsioko linea eraikitzeko administrazio baimena eskatu zuenetik. 2011n egin zion eskaera Espainiako Gobernuko Energia Zuzendaritza Nagusiari, eta 2017ko azaroan jaso du erantzuna. Gauzak horrela, bi agiri eskuratzea besterik ez zaio falta REEri azpiegitura eraikitzen hasteko: proiektua “onura publikokoa” izendatzen duen dekretua, batetik; eta obrak abiatzeko baimena, bestetik. Red Electrica Españolak egindako aurreikuspenen arabera, udarako izango dituzte bi-biak esku artean, eta urtea bukatu aurretik abiatu nahi dituzte lanak. Orotara, 60 milioi euroko kostua izango du azpiegiturak, eta 2020rako bukatuta egotea nahi dute.

GUEÑES-ITSASO AZPIEGITURA

Bizkaia alde batetik bestera gurutzatuko du; 48,9 kilometroko ibilbidea egingo du lurraldearen mutur batetik bestera: Gueñesen hasi, eta Alonsotegi, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Ugao-Miraballes, Zeberio, Galdakao, Bedia, Igorre, Lemoa, Zornotza, Muxika, Iurreta, Garai, Berriz, Mallabia eta Zaldibar zeharkatu eta gero, Gipuzkoako lurretara sartuko da. 23,51 kilometro egingo ditu Elgeta, Bergara, Antzuola, Legazpi, Zumarraga, Gabiria, Ezkio eta Itsasoko lurretatik. Arabako lurretatik ere igaroko da; zehazki, Okondotik.

Baina herriekin osatutako zerrendaren antzeko bat sor liteke azpiegiturak zeharkatuko dituen mendiguneekin ere. Herriguneetatik kanpo jarri nahi dute goi tentsioko linearen azpiegitura, eta ingurumenean eta ekosisteman eragin zuzena izan lezake: Durango eta Arratia zeharkatzen duen Aramotz bailara, Ganekogortako mendigunea, Artxanda, Gorbeiako ingurunea, Usansoloko pagadiak, Upo eta Mandoia mendiguneak… Gueñes eta Itsaso herriak bereizten dituzten 73,5 kilometroetan, 132 dorre kokatuko dituzte; gutxi gorabehera, kilometro erdiko bat. 70 metro ingurukoak dira dorreak, Bilboko BBVAren egoitzaren parekoak, eta 90 metro zabaleko bidea egingo dute goi tentsioko linea doan toki beretik, baso eta larreak soilduz eta nekazaritza zein abeltzaintzarako baliogabetuz. Sektore ekonomikoari zuzenean kalte egingo lioke, beraz, goi tentsioko linearen azpiegiturak.

Ideia bat egiteko balio lezake Elgetaren adibideak: zazpi dorre jarriko dituzte, eta, egin dituzten kalkuluen arabera, 22 futbol zelairen pareko lur eremuari eragingo dio, zuzenean. Azpiegiturak ingurumenean eragingo dituen kalteak salatzeko eta egitasmoaren aurkako jarrera agertzeko mozioa onartu duen udalerrietako bat da Elgeta; Zaldibar eta Antzuola, Arrankudiaga, Lemoa eta Igorrerekin batera. REE epaitegietara eramateko aukera ere ez dute baztertzen kaltea jasandako udalek.

Ez da kontrakotasuna azaltzen duten lehen aldia. REEk Gueñes-Itsaso goi tentsioko linea aurkeztu zuenean berean, herri kaltetu gehienek helegiteak aurkeztu zizkioten azpiegitura eraikitzeko ardura duen REE enpresari. Erantzunik ez dute jaso zazpi urtetan, eta egitasmoa tiraderatik atera eta mahaiaren gainean jarri dutenean, proiektuak ingurumenean eragingo dituen kalteez ohartarazteaz gain, zalantzan jarri dute azpiegituraren beharra bera.

Gueñes-Itsaso Autopista Elektrikoaren Kontrako Koordinadora ere sortu dute hainbat herritarrek, eta azpiegitura gelditu dezaten lanean ari da tokian toki. Helmuga bakarra dute buruan: goi tentsioko linea bertan behera uztea.

“ESTRATEGIKOA”

2009. urtean aurkeztu zuen Red Electrica Española enpresak Gueñes eta Ezkio-Itsaso artean 400 kW-ko goi tentsioko linea eraikitzeko egitasmoa. “Estrategiko” gisa definitu zuen azpiegitura REEk orduan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sare elektrikoa “egonkortzeko” beharrezkoa den egitasmo gisa definituz, “gainontzeko lurretatik duen menpekotasun ekonomikoari aurre egiteko”.

Lurraldeak behar duen energia eskaera erabili du REEk behin eta berriz obraren aldeko argudio gisa. Baina azken hamarkadan beheranzko joera izan du argindarraren kontsumoak. EEE Euskal Energia Erakundearen arabera, 2016an %5,1 murriztu zen energia elektrikoaren kontsumoa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Eta, oro har, kontsumitzen dena baino energia gehiago sortzen dela baieztatu du REEk berak. Beraz, argudio horri tiraka, gaur-gaurkoz ez litzateke beharrezkoa izango azpiegitura eraikitzea.

PROIEKTUAREN ERROA

Gueñes-Itsaso goi tentsioko lineak Iberiar penintsularen iparraldeko argindar sarea indartuko duela azaldu zuen REEk 2009an kaleratutako txostenean. Baina bada bestelako arrazoirik ere; zehazki, Gatika herrira jo behar da zergatiaren bila, REEk bertan egin asmo duen azpiegitura erraldoira: goi tentsio bidez Bizkaiko Golkoa Frantziarekin lotzeko egitasmoa aurkeztu zuen iaz, eta argi azaltzen da Espainiako Gobernuaren 2015-2020 Energia Plangintzan bi egitasmoak lotuta daudela.

Hala dio Gueñes-Itsaso arteko goi tentsioko linearen eraikuntzari buruz: “Bizkaiko golkotik egingo den interkonexioa behar bezala ustiatu ahal izateko, funtsezkoa da Gueñes-Itsaso arteko goi tentsioko ardatza”. Ezbairik gabe, iaz aurkeztutako Gatika eta Cubnezais (Frantzia) arteko goi tentsioko lineaz ari da REE. 370 kilometroko kable bidez, urpetik lotu nahi ditu Bizkaia eta Akitania.

Orotara, gutxienez 1.750 milioi euroko kostua izango duela aurreikusi dute, eta Europako Batasunak 578 milioi euro jarriko ditu azpiegitura egin dadin —Europak argindar konexioak hobetzeko inoiz emandako laguntzarik handiena—. Europako Batasunak energiaren esparruan batasuna lortu nahi du, kide diren herrialdeen energia menpekotasuna gutxitzeko. Europako herrialdeen artean energia garraiatzea ahalbidetu nahi dute, eta horregatik Frantzia eta Iberiar penintsularen energia lineak are gehiago batzeko egitasmoa.

REEk osatutako txostenaren arabera, Gueñes-Itsaso goi tentsioko linea egin ezean Gatikatik Frantziara egingo den energia loturaren gaitasuna mugatuta egongo da, “arrisku egoerak” sortuz. REEren aurreikuspenen arabera, 2021ean abiatuko dituzte Gatika eta Cubnezais arteko goi tentsioko lineako eraikuntza lanak, eta 2025erako nahi dute martxan. Bada, aurreikuspenak betez gero, Gueñes eta Itsaso arteko linea eraikita egongo da ordurako.

Nolanahi ere, Bizkaiko golkoa gurutzatuko duen egitasmoaren nondik norakoak argitu gabe daude oraindik. Herri kaltetuetan egitasmoa aurkezten ari da orain REE, eta ez dago argi proiektua bururaino eramango duten ala ez, besteak beste, ingurumenean eragingo dituen kalteak ere zehaztu gabe daudelako aurkeztu duten lehen txostenean. Hortaz, Gatika eta Cubnezais arteko urpeko goi tentsioko linea egingo den ala ez argitu gabe ere, azpiegitura horri laguntzeko funtzioa duen Gueñes-Itsaso linea eraikitzeari ekingo diote.

INGURUMEN KALTEAK

Azterketa askok frogatzen dute goi tentsioko lineek ingurumenean eta osasunean kalteak eragin ditzaketela. Tentsio handiko lineek kutsadura elektromagnetikoa sortzen dutela frogatu dute nazioarteko hainbat ikerketak azken hamarkadan; tartean, OME Osasunaren Mundu Erakundeak egindakoa. Pertsonengan minbizia, migraina, ugalkortasun arazoak eta alergiak sor ditzakeela diote azterketek. Minbiziari buruzko Ikerketarako Nazioarteko Agentziak (IARC) eta Europako Ingurumen Agentziak (EEA) osatutako txostenetan ere eremu elektromagnetikoak minbizi eragileak izan daitezkeela baieztatu dute.

Ekosistemari dagokionez, agerikoak dira Gueñes-Itsaso goi tentsioko lineak eragingo dituen kalteak: naturgune ugari zeharkatuko ditu azpiegiturak, eta eremu horietan bizi diren hegaztiei ere kalte egin diezaiekeela salatu dute tokian tokiko herritarrek.

GOI TENTSIOAREN GATAZKAK

Itsasotik Deikaztelura doan goi tentsioko linea bertan behera utzi zuten iaz. Apirilean jakinarazi zuten Autopista Elektrikorik Ez plataformako ordezkariek Espainiako Gobernuaren Ingurumen Ebaluaziorako Zuzendaritzak jakinarazi ziela “ofizialki” bertan behera geratzen zela egitasmoa. Proiektua atzera botatzeko arrazoibide nagusietako bat haren kontra aurkeztutako helegite ugariak izan zirela azaldu zuten orduan.

Ez zen gutxiagorako izan. 2011n aurkeztu zuten Deikaztelu eta Itsaso artean goi tentsioko linea egiteko egitasmoa, eta berehalakoa izan zen erantzuna: 174 herri kaltetuetako alkateek, 220 udal eta kontzejutan onartutako mozioan adierazitakoa jasoz, akordio bat sinatu zuten. Idatziaren bitartez, proiektuaren tramitazioa geldiarazteko eskatu zioten Espainiako Industria eta Energia Ministerioari, sektore elektrikoko planifikazio berria onartu bitartean, eta 14.000 helegite ere bildu zituzten.

Autopista Elektrikorik Ez plataformak, berriz, goi tentsioko lineari buruzko herri galdeketak egin zituen 2013ko ekainean, Nafarroako 36 herritan eta Gipuzkoako Gabiria, Mutiloa eta Zerain herrietan. Orotara, 5.156 lagunek izan zuten botoa emateko eskubidea, eta %63k parte hartu zuten: herritarren %99,32 azaldu ziren azpiegitura egitearen aurka. Emaitzak jaso eta berehala, Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu zieten autopista elektrikoa bertan behera utz zezatela. Nolanahi ere, Espainiako Energia Sareko buruek erretiratutako proiektuaren ordez beste bat aurkeztuko dutela uste dute plataformako kideek, eta etor litekeenaren aurrean prestatuko direla azaldu dute.

Ez da izan bertan behera utzitako egitasmo bakarra: 2010ean, REEk bertan behera utzi zuen Muru Artederreta eta Gasteiz arteko goi tentsioko linea, “gizarte errefusa eta ingurumen kaltea” argudiatuta. 2008an aurkeztu zuten egitasmoa, eta proiektuaren aurkako sarea eratu zen berehala.