Bizkaia, goi tentsioari lotuta

Bizkaia, goi tentsioari lotuta

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Orrialde bakarra 156 orriko txostenean. Toki hori hartzen du Bizkaiko golkoa eta Frantzia goi tentsioko kable bidez lotzeko dauden arrazoien zerrendak. Azpiegitura berri bat egitean, azpiegitura hori egiteko justifikazioan jarri ohi da fokua. “Interes orokorreko egitasmo” titulua jarri dio Europako Batasunak Bordeletik gertu dagoen Cubnezais herria (Akitania Berria, Frantzia) eta Gatika, 370 kilometroz, urpetik lotzeko egitasmoari eta 1.750 milioi euroko kostua izango duela aurreikusi du. Herrialdeen arteko energia konexioa bermatzea du helburu azpiegiturak; Europako herrialdeak energetikoki lotzea. Egitasmoa beharrezkoa den zalantzan jarri dute herritarrek zein Gatikako Udalak, eta energia ereduaren auziari buruzko gogoeta mahai gainean jarri dute. Europako Batasunaren esanetan, “estrategikoa” da lotura. 2021ean hasi nahi dituzte lanak, eta 2025ean amaitu. Hona proiektuaren gakoak, atalka azalduta:

Bizkaiko sei udalerri hartuko ditu egitasmoak, REE Red Electrica Española enpresak zabaldutako txostenaren arabera: Lemoiz, Bakio, Gatika, Laukiz, Maruri-Jatabe eta Mungia. Tokian-tokian proiektua herritarrei aurkezten ari da REE orain, hark baitu, Frantziako energia sareen kudeatzailearekin batera, azpiegitura hedatzeko ardura.

Nolanahi ere, bi enpresak elkartu, eta, beren-beregi, Iberiar penintsularen eta Frantziaren arteko interkonexio egitasmoetarako enpresa sortu dute: Inelfe. 2015ean, Santa LLogaia (Girona, Herrialde Katalanak) eta Baixas (Frantzia) artean goi tentsioko 64,5 kilometroko lineako lanak egin zituen Inelfek, Pirinioak zeharkatzeko 8,5 kilometroko tunela zulatuz. Eta Bizkaiko golkokoa da orain esku artean duen hurrengoa.

GATIKA-LEMOIZ AZPIEGITURA

Lemoizko zentral nuklearrerako azpiegitura erabiliko dute Gatikatik kostara bitarte marraztu duten goi tentsioko linea hedatzeko. 10 kilometro luze da bidea. Hala dio REEk, egitasmoa azaltzen duen txostenean. “Gatikako azpiestazio elektrikotik Lemoizko zentraleraino erabiltzen ez den energia elektrikoa garraiatzeko, 400 kW-eko aireko bi linea daude”. Aipatzekoa da Lemoizko zentral nuklearrerako egindako azpiegiturak ez direla sekula erabili, eta 35 urte joan direla zentralaren egitasmoa behin betiko gelditu zutenetik.

Bestalde, goi tentsioko kablearen mutur bakoitzean, Gatikan eta Cubnezaisen, transformazio estazio bana eraikiko dute, bertatik iristen den korrontearen eraldaketa prozesua ahalbidetzeko. Bost hektareako hedadura izango dute, eta 20 metro izango dira, gutxi gorabehera. Goi tentsioko linea non itsasoratuko den erabakitzeke dago oraindik. REEren arabera, hiru aukera dituzte aztergai: Bakioko hondartza, Armintzako hondartza eta Lemoizko zentral nuklearraren ingurua. Itsasoan, 280 kilometroko ibilbidea egingo du, Frantziako kostaldean dagoen Medoc eskualdera iritsi arte. Lurreratu egingo da goi tentsioko kablea han, eta Cubnezaisera iritsiko.

Egitasmoa gauzatzeko epeak ere zehaztuak dituzte bi enpresek: 2018ko martxora bitarte bilerak egin dituzte herri kaltetuetan, azpiegiturari buruzko informazioa emateko asmoz. Ingurumenean izango duen inpaktu azterketa egingo dute gero, eta, 2020an baimen teknikoak eskuratu ondoren, 2021ean abiatuko dituzte eraikuntza lanak. REEren aurreikuspenen arabera, 2024ko urritik 2025eko maiatzera bitarte jarriko dute martxan.

ERABAKIAK, EUROPATIK

Iberiar penintsularen eta Frantziaren arteko argindar konexioa hobetzea da, Europako Batasunaren eta REE Red Electrika Española enpresaren arabera, egitasmoaren xedea. Edonola ere, urrunagokoa da sorburua, Bruselan hartu baita sare elektrikoa eraikitzeko erabakia. Energiaren esparruan ere batasuna nahi du Europako Batasunak, eta, Europako herrialdeen energia menpekotasuna gutxitzeko xedearekin, plan bat du osatua, “bermatzeko, kide diren herritarrek eta enpresek energia hornikuntza segurua izango dutela […] eta Europa ahots bakarrarekin ager dadin mundu mailako auzi energetikoen eremuan”.

Europako Batasunetik kanpoko herrialdeekiko mendekotasuna murriztu dadin nahi dute, eta, horretarako, EBko kide diren herrialdeen artean energia garraiatu nahi dute. Kopuruak ere zehaztuta daude: 2030erako Europan sortzen den energiaren %30 herrialde batetik bestera garraiatzeko baliabideak izatea da EBren asmoa. Herrialdeen arteko joan-etorri hori ahalbidetzera dator, besteak beste, Bizkaitik Akitaniara egin asmo duten itsaspeko goi tentsioko kablea.

Orotara, 1.750 milioi eurora iritsiko dira azpiegitura gastuak, Espainiako eta Frantziako argindar sareen kudeatzaileen arabera, eta kostuaren herena bere gain hartu du Europak. Inoiz Batasunak argindar konexioak hobetzeko emandako laguntzarik handiena emango dio Gatika eta Cubnezais arteko obrari: 578 milioi euro.

ARGITU GABEKO DATUAK

REE enpresak emandako datuen arabera, gaur egun dagoen energia konexioa bikoiztuko luke egitasmoak: 2.800 megawatteko gaitasuna du oraingo sareak, eta 5.000 megawattera iritsiko da. Are, lehen, interkonexioa %6koa zen, eta, aurrerantzean, %10ekoa izango da. Baina gaitasuna handitu arren, eskaera nahikorik ez dago: gaur egun, Iberiar penintsulan zein Frantzian, kontsumitzen den energia baino bi aldiz gehiago sortzen da; hortaz, ez batek ez besteak ez du energia gehiago behar.

Bi lurraldeen interkonexioaren bidez energia berriztagarriak “gehiago integratuko” direla dio REEren txostenak: “bere sisteman lekurik ez duena aldameneko sistemetara bidaltzeko aukera emango du, alferrik galdu beharrean”. Baina kontrakoa diote datuek: Bizkaia eta Frantzia elkartu nahi ditu goi tentsioko lineak, baina, gaur egun, Frantziak apenas sortzen duen energia berriztagarririk; kontrara, ekoizten duen energiaren %75 nuklearra da. Eta, kasualitatez ala ez, Gatikarekin lotuko den Cubnezais herriaren aldamenean dago zentral nuklearretako bat: Blayais.

Bizkaiari dagokionez, txikia da ekoizten den energia berriztagaren ehunekoa. EEE Euskadiko Energia Erakundearen azken txostenaren arabera, %7koa da berriztagarrien tasa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Ingurumenean ekarriko dituen kalteak ez dituzte aurkeztu oraindik, ezta Gatikan egin nahi duten transformazio estazioaren eragina ere. Beraz, ekologikoki azpiegiturak izango duen eraginari buruzko balorazioak egitea zaila da oraindik. Baina osasun kalteei buruzko hainbat datu daude jada. Tensio handiko lineek kutsadura elektromagnetikoa sortzen dutela frogatu dute azken hamarkadan nazioarteko hainbat ikerketek OME Osasunaren Mundu Erakundearenak barne—. Pertsonengan osasun kalteak eragiten ditu; tartean, minbizia, migraina, ugalkortasun arazoak eta alergiak.

Pertsonengan ez ezik, ekosisteman eragina izan dezake goi tentsioko lineak.

EZTABAIDA JAURLARITZAN

Espainiako Gobernuak erabakitzen ditu Hego Euskal Herriko energiaren kudeaketari buruzkoak. Baina Eusko Legebiltzarrera ere iritsi da azpiegituraren eztabaida. EH Bilduko Mikel Otero legebiltzarkideak eskatuta, egitasmoaren onurak azaldu zituen Arantza Tapia Azpiegitura sailburuak otsailaren erdialdean. “Zergatik iruditzen zaigun positiboa dela? Europako Batasuneko kideen artean energia libreki eta inolako mugarik gabe garraiatzea ahalbidetuko duelako; prezioen jaitsiera ekarriko duelako eta enplegua sortuko duelako, bai azpiegitura eraiki bitartean eta bai ondoren ere”.

Bada, azpiegitura hedatzeko ardura duen REE enpresak berak kaleratutako txostenen arabera, interkonexio sareak ez du lanposturik sortuko azpiegitura bukatutakoan. Iragartzen den prezioaren jaitsiera ere zalantzan jar liteke; izan ere, arrazoi bera erabili zuten Santa LLogaia eta Baixas interkonexioa justifikatzeko. 2015ean jarri zuten martxan goi tentsioko linea hura, eta, gaur arte, ez dute argindarraren fakturan inolako aldaketarik nabaritu. Bada bestelako aldagai bat ere; gauzak ondobidean, REEk 500 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egingo luke, gutxienez, azpiegituraren eraikuntzan, eta epe motzean ala luzean, kostu horrek herritarren fakturetan eraginik izango duen ala ez ez dago argi.

Posizioa argitzeko eskaera egin zion Oterok Tapia sailburuari joan den hilabetean. Jaurlaritzak egitasmoaren aldeko jarrera hartua badu ere, haren kontra egin baitu Gatikako Udalak: EAJk du agintea han ere, eta legebiltzarkidea ere bada Leixuri Arrizabalaga alkatea. Gatikako herritar talde batek proposatutako mozioa ere onartu dute aho batez Bizkaiko udalerrian, kontrakotasuna agertzeko. Arrizabalagak Bizkaiko Hitza-ri azaldu dionez, proiektuaren aurkako jarrerari eusten dio udalak. Alkatearen hitzetan, argitu gabeko hainbat ertz ditu egitasmoak, eta, horiek denak argitu bitartean, udalak ez du adierazpen publikorik egingo, ez bada, gatikarren aurrean.

Madrilen hartzen dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoari dagozkion energiari buruzko erabakiak, baina horrek ez du Jaurlaritzaren jarduera guztiz mugatzen. Fracking-arena izan liteke horren erakusle, Legebiltzarrak haustura hidraulikoari muga jartzeko araudia onartu baitzuen 2015ean. Edonola ere, joan den hilabetean baliogabetu egin zuen legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, argudiatuz legean ezartzen diren neurriekin “gainditu” egiten dela autonomiei onetsitako eskumenen esparrua.