Natalia Salazar Orbe
Nondik gatozen jakitea ezinbestekoa da nora goazen ulertu ahal izateko. Iraganak arrastoak utzi ditu munduaren eta gizakiaren beraren ibilbide zabalean. Aztarnon lekukotzak ahoz transmititu dira mendez mende; baita testu idatziak sortu ostean ere. Transmisio horren barruan, istorioek eta ipuinek garrantzi handia izan dute, fikzioaz gain kultura baten historia eta ohituren igorle ere bai baitira. Komunikaziorako elementu horien garrantzia azpimarratuko du Istorio Biziak programak, aurten. Astelehenean hasi zen programa. Haren barruan hainbat saio antolatu ditu Bilboko Udalak, martxoaren 4ra arte.
Afrika hartu dute gai nagusitzat aurten. Izan ere, ahozkotasunak nonbait bizirik badirau, kontinente horretan dirau. Hala ekarri du gogora programa osatzeko lanean diharduen Alabazan elkarteko kide Bego Alabazanek. “Afrikaren gaia aukeratu dugu ahozkotasunarekin oso lotura estua duelako, gaur egun oraindik ahozko lotura bizi-bizirik mantentzen baitute”. Arrazoi gehiago ere izan da, ordea. Sustraien bila azpititulua hartu du aurtengo programak, “gizaki guztiok kontinente horretatik gatozelako ideiarekin lotzeko”.
Gai horri helduta, 22 jarduera eskainiko dituzte Castaños eta Zurbaranbarriko udaltegietan eta barruti horretako beste leku batzuetan. Jarduera guztiak doakoak dira. Helduei zuzenduta daudenetan haurtzaindegi zerbitzua egongo da, gainera, astelehenetik ostiralera bitartean. “Bertaratzen direnek jarduera proposamen zabala eta askotarikoa aurkitu ahal izango dute. Ahots, estilo, modu, hizkuntza eta kolore anitzez kontatutako istorioak entzun ahalko dituzte ipuin saioetan”. Parte hartzera doazenek ere sortu ahal izango dituzte istorioak, horretarako antolatu diren tailerretan. “Badaude ahoz kontatutako ipuin saioak, danborrez kontatzekoak, janari eta edariekin lotutakoak, eta idatziz egitekoak”.
Jardueren erdiak, gutxi gorabehera, familia guztiarentzako proposamenek osatzen dute. Gainerakoa helduei soilik dago zuzenduta. “Aldarrikatu nahi dugu ipuinak nagusiontzako ere badirela”.
Familia osoarentzako jardueren artean, bi tailer nabarmendu dituzte antolatzaileek. Sorkuntza Esperientziak Familian deritzo horietako bati. Mama Crea konpainiak hainbat belaunaldi elkartuko ditu sorkuntza eta arte prozesu beraren inguruan. Aurten, istorioak kontatzeko zenbait bide izango dituzte aztergai. Bestalde, Sapali elkarteak perkusioaren jatorria eta horrek Afrikako herriaren historian izan duen garrantzia ezagutarazteko tailerra egingo du.
Herriko garraiobide mitiko bat izango dute protagonista beste bi jarduerak: Artxandako funikularra. Bi saio bereziren agertoki izango da. Bata, helduentzako beldurrezko ipuinena izango da. Ana Griot kontalariak gidatuko du.
Bestea, familia osoari zuzenduta dago: Bilbao Bizirik deritzo. Funikularreko langileek erakutsi eta kontatuko dute nola dabilen funikularra. Saio horretan bertan, Alabazan taldeko kontalariek erdi ipuin erdi egia diren istorioak kontatuko dizkiete bertaratzen direnei. Eta Arkaitz Estiballes bertsolariak bertsoak kantatuko ditu.
Helduentzako berrikuntzak
Bistakoa da helduentzako jarduerek pisu handia hartu dutela aurtengo programaren barruan. Berrikuntza gisa, narrazio eta askari saio bat antolatu dituzte. Bosteko T deritzon saio hori ere Mama Crearen proiektua da. Zenbait gastronomia produktu dastagai jarriko dituzte, eta Mama Creak berak sortutako eta argitaratu gabeko ipuinen narrazioarekin uztartu. Hala, dastatu beharreko osagaietatik, zaporeetatik sortuko dira, oraingo honetan, Afrikatik iritsitako ipuinak. Narrazio proposamenaren barruan keinu hizkuntza ere jaso dute.
Istorio Biziak egitasmoak mikro-kontakizun tailerraren sorkuntza espazioa antolatuko du berriz ere. Anabel Alonso ALFA idazkera sortzaileko tailerraren koordinatzaileak emango du. Saioa otsailaren 28an izango da, Castañoseko udaltegian. Beharrezkoa izango da aurretik izena ematea. Gauza bera egin behar da datozen egunotan izango diren beste hainbat jardueratan ere. Horretarako, Kultura barrutik webgunea eta 94-401 00 10 telefono zenbakia jarri dituzte erabiltzaileen esku.
Horrez gain, ahozko narrazioaren hastapeneko tailerra egin dute aurreko egunetan. Bertan parte hartu duten pertsonek istorio kontalari gisa lehenengo aldiz aritzeko aukera izango dute martxoaren 3an, ikus-entzuleentzat zabalik egongo den saio batean. Martxoaren 4an bukatuko dute programa. Istorioak partekatuta, musika eta istorioak entzunda, “ondo baino hobeto egingo dugu lo gau horretan, burua, arima eta tripa ipuinez beteta”.