Aitziber Laskibar Lizarribar
Hilabete eta erdiko grebaren ondoren, bertan behera utzi dute protesta Bilboko TAO zerbitzuko langileek. Zerbitzua kudeatzen duen Eysa-Cycasa aldi baterako enpresa elkarteak eta langile batzordeak astelehenean adostutako akordiorako oinarriari baiezkoa eman zion langileen batzarrak. Baina liskar artean hartu zuten erabakia, eta desadostasunak izan dira nagusi. Bozketaren emaitzak argi utzi du hori: bileran parte hartu zuten langileen %57k babestu zuten akordioa, eta %43k kontrako botoa eman zuten. ELA eta LAB sindikatuen ustez, kaltegarria da sinatutako hitzarmena, eta langileen aldarrikapenak lortzeko aukera galdu da.
140 langile ditu Bilboko Udalarena den eta Eysa-Cycasak azpikontratatuta duen OTA aparkalekuen zerbitzuak. 43 egunez egon dira greban horietatik gehien-gehienak: sei langile ez beste guztiak. Langile batzordeak eta enpresa zuzendaritzak astelehenean akordiorako oinarria hitzartu, eta langile gehienek babestu egin zuten asteartean. Ondorioz, protestak bertan behera utzi, eta hurrengo egunean itzuli ziren langileak lanera.
Baina ez ohiko moduan. Udalak jakinarazi duenez, hurrengo astea amaitu arte, gutxienez, ez da zerbitzua normalizatuko. Txartelen makina gehienak hondatuta daude, edo itsasgarriz josita. Hilabete eta erdiz mantentze lanik ere izan ez dutenez, egunak beharko dituzte hiriburu osoan zehar dituzten 559 makinak konpondu eta martxan jartzeko. Erdigunekoak lehenbailehen konpontzen indar egingo duela adierazi du udalak, eta ondoren joko duela auzoetara. Hori guztia azkartzeko laguntza eskaini dio udalak enpresa azpikontratatuari, udalari berari milioi bat euro baino gehiagoko galera ekarri dion greba amaitu berritan. Lehenbailehen hasi nahi du berriro dirua biltzen.
Lorpena edo aukera galdua
Urtarrilaren 2an piztu zen protesta, zerbitzua kudeatzen duen Eysa-Cycasa enpresak zazpi langile kaleratu baitzituen. Langileen ordezkariak eta enpresa hitzarmen kolektiboa negoziatzen ari ziren garaia zen. Eta ez da kasualitatea, ELA eta LAB sindikatuen ustez: “Horrek bazuen helburu jakin bat: kaleratze horiek erabili nahi zituzten, lan baldintzak okertuko zituen hitzarmen kolektiboa sinatzera behartzeko”. TAOko langileen artean gehiengoa du ELAk, eta, sindikatuaren hitzetan, ez da lehen aldia Eysa enpresak “estrategia” hori erabili duena; lotsagarritzat jo du “xantaiaz baliatzen diren halako enpresak izatea kontratu publikoen esleipena lortzen dutenak”.
Enpresak, langileen “errendimendu txikia” argudiatu zuen zazpi langileak kaleratzeko. Baina bi sindikatuen ustez, akordioa erdietsi denean agerian geratu da hasieratik zuten susmoa.
Kaleratutako zazpi langileak berriz onartu dituzten arren, zigortu egin ditu enpresak: lanean eta soldatan bi hilabeteko suspentsioa ezarri die. Eta langile taldeak eztabaidaezintzat zuen berronartzea lortzearen truke, hitzarmen kolektiborako eskatzen zituzten hainbat onura galdu direla salatu dute. Hobekuntza batzuk lortu dituzte: oporraldia astebete luzatuko zaie langileei, eta larunbatetan lan egitea borondatezkoa izango da. Baina hitzarmen kolektiboa hobetzeko langileek oinarrizkotzat zituzten beste hainbat baldintza atzera bota, eta baldintzak okertu ere egin dira, sindikatuen esanetan. LABek ohartarazi duenez, “modu ezkutuan” lanaldia luzatzea dakar akordioak praktikan, soldatak bederatzi urtez izoztea, eta lan baldintzak ez blindatzea. “Aukera itzela galdu da joan den abenduan TAOko langileen asanbladak zehaztu zituen helburuak lortzeko”, ondorioztatu du.
Astelehenean bertan, enpresak eta langile batzordeak aurre akordioa aurkeztu zutenean, proposamenaren aurka egin zuen LABek, eta ezetz esateko eskatu zien langileei.
ELAk ez du hasieratik berdin jokatu; bere ordezkari guztiek ere ez. Sindikatuak hitzarmena salatu duen arren, ez zuen akordiorako oinarriaren aurka egin astelehenean. Asteartean, hitzarmena onartu zenean, langileen batzordeko presidente eta ELAren ordezkari Javier Escobarrek akordioa defendatu zuen: “Kaleratutako langileak berriz onartzea zen negoziatzen hasteko giltza, eta hitzarmen kolektiboa lehen genituen eskubideekin mantendu da, eta besteren bat gehitu da”.