Bilboko etxe turistikoen jabeak, haserre, eta auzokideak ere bai

Bilboko etxe turistikoen jabeak, haserre, eta auzokideak ere bai

Aitziber Laskibar Lizarribar

Bilboko hiri ereduari buruzko eztabaida mahai gainean dago, azken egunetan, berriro. Turismoari begirako neurriei buruzkoa, zehazki. Mugatzeko premia ikusten dute batzuek, eta gehiegi mugatu nahi dela iruditzen zaie besteei. Bai batzuk eta bai besteak haserre daude, eta jarreraz aldatzeko eskatu diote udalari. Eta tentsioa kaleratu da. Etxebizitza turistikoen jabeen elkarteak euren negoziorako askatasun handiagoa eskatzeko egindako agerraldian, aurrez aurre izan dituzte SOS Alde Zaharra taldeko kideak. Turistei begirako alokairu horiek salneurriak garestitzen ari direla aurpegiratu diete, eta, ondorioz, bertako gazteentzat ezinezko dela bertan bizitzea. Manifestazioa ere egin dute aste honetan bertan auzokideek, Bihotzean Zazpikaleetako auzo elkarteak eta SOS Alde Zaharra taldeak deituta.

Udalak azken udalbatzan onartu du etxe turistikoentzako araudia. Hiri Antolaketarako Plan Orokorra moldatu, eta etxeetako lehen solairuetan etxe turistikoak jartzeko aukera baimendu du. Zazpikaleetan eta Bilbo Zaharrean, atari bakoitzean halako etxebizitza bakarra jarri ahalko da. Etxebizitza osoak alokatu gabe alokairuak gelaka eginez gero, baimenek ez dute mugarik izango. EAJ, PSE-EE, PP eta Goazen Bilbao udal taldeen aldeko botoekin onartu du neurria udalbatzak.

Asovitur etxe turistikoen jabeen elkarteak agerraldia egin du biharamunean ez dagoela ados esateko. Neurriak “konpetentzia askearen aurka” egiten duela argudiatu du, etxebizitzen jabeek bizitokiak nahi duten bezala alokatzeko eskubidea dutela, eta horrek ez diela kalterik eragiten auzokideei.

“Inkongruentzia” bat ere salatu du Asoviturrek. Alvaro Crespo presidentearen esanetan, udalak onartutako araudiaren arabera posible da etxebizitza bateko lau logela banaka alokatzea, esate baterako, baina ez etxebizitza osoa. “Ez du zentzurik”. Hori guztia dela eta, Crespok jakinarazi du udalaren erabakia inpugnatuko duela.

Auzokideak ere ez daude gustura. Zergatia argi erakusten du aste honetan egin duten manifestazioa iragartzeko Bihotzean auzo elkarteak eta SOS Alde Zaharra plataformak kaleratu duten kartelak: Auzokideok auzoan bizi nahi dugulako, turistifikazioari stop! Auzoa ez dago salgai.

“Ez dugu gure auzoa turistei begirako parke bihurtzerik nahi”, adierazi dute bi elkarteek. Ohartarazi dute azken urtean etxebizitza turistikoak nabarmen gehitu direla, eta horrek eragin zuzena duela bertako bizilagunengan: “Turistak prest daude ohiko merkatuko prezioa baino gehiago ordaintzeko, eta, ondorioz, jabeek nahiago dute etxeak haiei alokatu epe luzerako alokairuak egin baino”. Turistek gehiago ordaintzearen ondorioz, ohiko alokairuak ere garestitu egin dira. “Hemen bizitzen jarraitu nahi dugu”, aldarrikatu dute auzokoek; “eta gure seme-alabek, nahi badute, etorkizunean ere hemen bizitzeko aukera izan dezatela nahi dugu”.

“Kolonizatuta”

Ez da auzokideen elkarteek asteazken iluntzeko protestan salatu duten gauza bakarra. Zazpikaleetako zenbait gune “kolonizatuta” daudela ere salatu dute. Ez dagoela oinez ibiltzerik. Taberna eta jatetxeek gero eta gehiago jartzen dituzten terraza gero eta handiagoei buruz ari dira auzokideak; itxitura eta guzti ia etxolak diruditen estalguneei buruz, espazio publikoa okupatzen duten altzariei buruz, kaleko mahaien ondoan eta estalkien azpietan dauden sugarrezko berogailuei buruz, besteak beste.

Nekatuta daudela diote auzokideek. Eta bai, turistak bertan esertzeari begira atondutako gune horiek eragiten diete. Auzokideak espazio publikorik gabe geratzen ari direla diote, eta, sustatzen ari den ereduaren eraginez, auzoko bizimodua galtzen ari dela. Horrekin batera, denda txikiak ere desagertzear direla salatu dute, eta gehitzen ari diren bakarrak jatetxe eta taberna handiak direla.