Aitziber Laskibar Lizarribar
Langabezian daudenei begira, enplegua bultzatzeko bost gune ditu martxan Bizkaiko Foru Aldundiak, enplegu anezka deiturikoak: Bilbon, Barakaldon, Muskizen, Erandion eta Basaurin. Datorren hilean beste enplegu-anezka bat hasiko da lanean Bilbon, seigarrena. Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren DEMA enpresa garapenerako agentziak langabeek enplegua lortzeko duen programa da, eta formakuntza zein norberaren arlo emozionala lantzen ditu. Emaitza onak lortzen ari da esperientzia, aldundiaren hitzetan. Sara de la Rica EHUko Ekonomia katedradunak Bizkaiko lehen saioei buruz egindako azterlan baten arabera, %20 hobetzen dute lanpostua aurkitzeko aukera.
Taldekako lana sustatzea da arrakastaren giltza, sustatzaileen esanetan. Metodologia berritzaileetan oinarrituta, hogeinakako taldeetan formatzen dira parte hartzaileak. Eta hona berrikuntza: “Hogei pertsonak denek batera bilatzen dute lana, guztiek guztientzat”. Hala, hasieran elkarren artean ezezagunak diren horiek “talde bihurtzen dira”, arduradunen esanetan; “sarea sortzen dute, eta sinergiak eta motibazioa jorratzen dituzte”.
Norbere egoera eta kanpoko errealitatea aztertu eta horietara egokitzeko ahalik eta hobekien prestatzea da metodologiaren helburua. Horretarako, autoezagutza eta autoestimua lantzen dituzte, eta larritasunen aurreko egoerak kudeatzen ikasten dute, besteak beste.
Langabezian dauden pertsonek autoestimu arazoak izaten dituzte sarri, lanik gabe luzaro daudenak errazago jausten dira depresio prozesuetan, eta gizarte bazterketa sentitzen dute euren baitan. Horregatik arlo emozionala lantzeko hautua. Gainera, psikologikoki indartsu eta baikor dagoenak errazago aurkituko du lanpostua, adituen arabera.
Lan merkatuaren ikuspegi errealistak ere aztertzen dituzte programan, eta unean uneko lanbide joerak ere bai. Halaber, lan elkarrizketetarako prestatzen dituzte taldeetako kideak: balizko hautaketa batean nork bere burua gainontzekoen gainetik nola kokatu erakusten diete, eta bakoitzaren alde onak nola nabarmendu, besteak beste. Horretarako, elkarrizketetarako gaitasunean zein keinu bidezko komunikazioan egiten dute indar. Hori guztiori, talde lana ahaztu gabe.
Hainbat arlotan adituak direnen hitzaldiak ere jasotzen dituzte programa horretako kideek: proiektuak lantaldeetan kudeatzeari buruzkoak, curriculum vitae egokiak egiteari buruzkoak, lan elkarrizketetara bideratutako irudi pertsonalari buruzkoak, eta abar.
Bestetik, lan azoka zein jardunaldietara eta enpresen topaketetara joateko aukera eskaintzen die programak, eta enpresekin bitartekaritza lana ere egiten dute sustatzaileek.
Ezkerraldeko arduradunaren esanetan, bere eskualdeko taldearen ibilbideak frogatzen du programaren arrakasta. 25 kiderekin hasi zuten lantaldea urrian, eta hamazazpik jarraitzen dute: hamarrek lana aurkitu dute edo formazio ikastaroetan ari dira, eta bik lana eta anezkako formakuntza uztartzen dituzte. Eta ez da ikasketa arautura bideratutako formakuntza, partaide guztiek baitituzte goi mailako ikasketak.