Natalia Salazar Orbe
Herritarrek sortu eta herritarrentzat egindako kultura eta proiektuen leherketa. Espazio publikoan, denen esku, doan. Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoen erraiak zabalduko dituzte bihar, festa eta aldarrikapen giroan. Seigarren Gau Irekia ospatzeko, dena dute prest Sarean elkartekoek. Goizean hasi eta ordu txikietara bitarte, hiru auzootako txoko guztiak astinduko ditu kultura eta gizarte jarduerak aldarrikapenarekin uztartzen dituen jaialdiak.
Auzo bereziak dira Gau Irekia hartuko dutenak. Bizitzaz beteak. Kultura eta aldarrikapen festa hori, hain zuzen, auzootan eragiteko asmoz sortu zen. Hala azaldu du jaialdia antolatzen duen Sarean elkarteko koordinatzaile Marina Urrutikoetxeak. “Auzootan dagoen jarduera kultural eta sozial erraldoia ikusarazi eta bertan lanean diharduten eragileen arteko harremanak sustatzeko sortu zen”.
Baita lortu ere. 2012an, egin zuten lehen aldian, hogei bat jarduerak osatu zuten egitaraua. Aurten, ehundik gora eskaintza izango dira 50 espaziotan baino gehiagotan.
Horietako lan batzuek feminismoak landu dituzte; beste batzuek, kultur aniztasuna; beste batek, birziklatzea… Horien artean koka daiteke Nerea Merinok eta Alba Saenz de la Cuestak egingo duten proposamena. Jarrera eta indarkeria matxistak sustatzen dituen gizartearen biktimatzat jo dituzte emakumeak. Hala, Bilboko emakumeek hiriko kaleetan bizi dituzten esperientziak ditu ardatz proiektuak. Kalean gertatzen diren eraso eta jazarpen matxisten egunerokoa ikusarazteko asmoz, itsasgarri batzuk prestatu dituzte. Emakume orok erabili ahalko ditu hiriko leku horiek identifikatzeko, norberak bizitako esperientzien arabera. Hala, arazoaren irudi kuantifikatzailea emango dute. Blog bat prestatu dute puntu horiek identifikatzen dituzten argazkiak igotzeko. Gau Irekian, horiei esker osatutako mapa proiektatuko dute. Mural bat ere egingo dute irudi horiek baliatuta.
Kultur aniztasunaren aberastasuna erakusteko, Babel instalazioa aurkeztuko du Sofia Balbontin arkitekto eta hirigileak. Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako herritarren hizkuntzen azterketa oinarri hartuta osatutako instalazio fonetikoa eramango du San Frantziskoko Geroarte Efimerart Gallery-ra.
Lanek espazio publikoa izango dute, bereziki, agertoki: Fleming doktorea, Bilbo Zaharra eta Mariaren Bihotza plazetan kontzertu, antzerki eta dantza saioak egingo dituzte, eguerdian hasi eta goizaldera bitarte. “Plazetatik harago ere ariko gara. Kaleak okupatzeko eskubidea defendatzen dugu, eta espazio publikoa kultur sormenerako espazio gisa aldarrikatzen”.
Aukera handia izango da. Eta hiru auzoetako herritar eta eragileen inplikazio handia goraipatu dute antolatzaileek. Agertoki ugarien artean, hauek aurki daitezke: Berreginen Museoa, udaltegiak, tabernak, dendak, saltokiak… Kultur kolektibo independenteek ere hartuko dute parte: Okela sormen lantegiak, Consonnik edota Pikara Magazine-k, besteak beste. Baita izaera sozialagoa dutenek ere: auzo elkarteen eta gobernuz kanpoko erakundeen lokalek, kasurako. Horri esker, jarduera erabat heterogeneoak atera dira: Gau Irekira joaten denak jarduera bat aurki dezake bertako ile apaindegi batean edota normalean bisitarientzat itxita egoten den margolari baten estudioan.
Aurten, bi ataletan bereizi dute egitaraua: ohiko jarduerak dituzte, batetik, eta sormen artistikoaren bidez gauzatzen diren prozesuak, bestetik. Jaialdian eskaintzen dituzten jarduerek iraupen laburrekoak dirudite, baina hilabete askoko lana dute atzean. Hori dela eta, artista edo talde batzuen prozesuak jarraitu dituzte, haien kontaketa sakon bat egin eta daukaten garrantzia azpimarratzeko.
Jarduerok, gainera, ez dira beste edozein jaialditan bezala programatzen. Auzoko eragile eta sortzaileen proposamenak dira denak. “Parte hartzetik, behetik programatzen da”.
Lan eta jardueretako asko gizartearen hausnarketa eragiteko asmoz sortu direla nabarmendu dute. “Hausnarketak berebiziko garrantzia du Gau Irekiarentzat. Ez dugu nahi kultur jarduera polit hutsetan geratzerik. Gau Irekia aldarrikapena da. Betidanik lan ildo oso garrantzitsua izan da hori guretzat”.
Urtetik urtera haziz doan jaialdia da Gau Irekia. Iaz 4.000 lagun inguru bildu ziren. Bisitariak adin guztietakoak dira, gainera. Umeentzako zein adinekoentzako jarduerak ere antolatu dituzte. “Beste auzoetako jendea ere etortzen da; ez soilik itsasadarraren lerroan geratu eta modan dagoen taberna batean kafesne bat hartzeko. Urtean zehar hemen egiten den lana ezagutzeko asmoz datoz. Horrek auzoan dagoen konplexutasunaren ikuspegi sakonagoa ematea ahalbidetzen du”. Sarean elkarteak duen filosofiari heldu dio, azken finean, jaialdiak. “Kultura eraldatzailean jarduten gara gu. Alegia, kultura baliatuta, eraldaketa soziala dugu helburu, elkarbizitza hobea lortzeko; betiere, txikitik abiatuta. Eta nahiko genuke justizia sozial handiagoa lortu”.