Terrazak arautzeko deia

Terrazak arautzeko deia

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Kaleari tokia kentzen ari zaizkio terrazak Bilboko Zazpikaleetan; berez publikoa den espazioa berenganatzen ari dira. “Oztopo lasterketa” bihur liteke hainbat kaletan dauden mahai eta aulkiak zeharkatzea, Javier Rodriguez Bihotzean Zazpikaleetako auzo elkarteko kidearen hitzetan. “Eremua saturatuta dago”. Bada, desordena ordenatzea nahi dute auzokideek. “Ez gaude terrazen aurka. Are gehiago, guk ere gustuko dugu tabernetako terrazetan egotea, eta gure artean bisitariak egotea ere maite dugu. Zazpikaleek zerbait baldin badute, horixe dute: bertan elkartzen garela denak, bazkaltzeko ala erosketak egiteko. Ororen gainetik, herritarren bilgune bat da auzoa, eta hala izan dadin nahi dugu; horregatik da beharrezkoa neurriak hartzea eta espazioa ondo antolatzea. Guk horren alde egingo dugu lan”. 2018ko urtarrilaren 24an manifestaldia egingo dutela iragarri dute, auzoan bizitzeko baldintza duinak eskatzeko.

Zazpikaleetan auzo bizitza gailentzea nahi dute, eta ez jarduera ekonomikoa. Argi dio Rodriguezek: “Eskubide bat da”. Irisgarritasuna Sustatzeko Legeaz gain, Espazio Publikoaren Ordenantza ere badu Bilbok, eta, Bihotzean elkarteko kidearen arabera, terrazen erabilerari buruzko hainbat araudi jasotzen dira bertan. “Arazoa da ez direla betetzen, eta udalak ez du bermatzen ikuskaritza”. Adibide argi bat ere jarri du. “Pernil denda bat ireki berri dute auzoan, eta neoizko argiak jarri ditu; berez, halakoak jartzea debekatzen du araudiak. Ez hori bakarrik: garagardo txorrota ere jarrita daukate dendan, kalera begira. Berez, pernil denda bat da, eta ez ostatua. Non dago hor Bilboko Udala?”.

Onartuta dagoen araudia betetzeaz gain, beren beregi terrazen auzia konpontzeko ordenantza egin dezala eskatzen diote auzokideek udalari. Eta Ricardo Barkala Hirigintza zinegotziak berriki azaldu duenez, datozen hilabeteetan kaleratuko dute terrazak antolatzeko legea.

Orotara, 1.400 terraza daude gaur egun Bizkaiko hiriburuan sakabanatuta, eta, horietatik, 130 daude Zazpikaleetan. “Mahai eta aulkiez gain, bestelakoak ere ateratzen dituzte denden ala tabernen kanpoaldera: lorontziak, izozki makinak, behi formako eskulturak, sofak… izugarria da. Oinezkoentzako, mugitzeko arazoak dituzten herritarrentzako, haurren karroentzako eta suhiltzaile zein anbulantzien autoentzako oztopo dira horiek denak, eta herritarren segurtasuna ere jokoan jartzen da”.

Orotariko terrazak

Taberna bat irekitzeko ezartzen dituzten baldintzak eta terraza jartzea ez dira bateragarriak; are gehiago, kontrajarriak direla azpimarratu du. “Terraza bat jarri ahal izateko, lokala hotsgabetuta egon behar da, eta, usainei zein zaborrei dagokienez, hainbat baldintza bete behar ditu. Baina barruan baldintzak bete arren negozioari terraza jartzen diozunean, horien guztien aurka egiten duzu de facto; taberna barruan araututa dagoena kalera eramaten da eta; tartean, zarata eta zaborra”.

Auzoan duten egoera azaltzeko adibide zehatzetara jo du Rodriguezek. Plaza Barrian jarri du arreta, bertan jazo baita aldaketarik nabarmenena: plazaren inguruan zeuden denda txikiak desagertuz joan dira azken hamarkadan, eta, gaur-gaurkoz, hogei taberna daude zabalik. “Plaza Barria ez da inoiz ostalaritzara mugatu; are gehiago, lehen ez zegoen ia tabernarik ere”. Guztiz irauli da egoera. “Orain, tabernez gainera, ez dago ia ezer”. Euskaltzaindiaren egoitzaren aurrealdea besterik ez dago mahai eta aulkirik gabe, Bihotzean elkarteko kidearen hitzetan. “Ohitura aldaketa ekarri du horrek. Gaur egun duen ezaugarria ostalaritzari begirakoa da, eta merkataritzaren aldetik hilda dago. Bertan ziren denda txiki guztiak desagertu egin dira”.

Bide batez, gogora ekarri du azkenaldian ateak ireki dituen taberna mota. “Gero eta taberna txikiagoak zabaltzen dituzte, barruan egoteko apenas tokirik dutenak. Zer esan nahi du horrek? Halabeharrez, kaleko espazioa ere tabernaren parte gisa hartu behar dutela”. Horregatik, tabernen kanpoaldean barra txikiak, kupelak edo bestelakoak jartzen dituzte, bezeroek edaria eskatu eta kalera jo dezaten.

Baina lege guztiek dute tranpa. Eta tabernariek legeari izkin egiteko erabiltzen dituzten trikimailuetako bat ekarri du ahora, arazoari umoretik heldu nahian-edo. “Berez upel bakarra besterik ezin dute jarri tabernaren kanpoaldean, udal legearen arabera. Bada, taberna batek upel bat baino gehiago zuela ikusita, kexa egin genuen behin, eta, gure eskaeren eraginez, udalak esku hartu zuen. Hori ikusirik, tabernakoek zer egin zuten? Kupela erditik moztu eta erdi biak jarri zituen kanpoaldean, barra txiki gisa”. Tabernariek bilatzen dituzten trikimailuen arteko bat da hori, baina ez bakarra.

Nolanahi ere, arazoa ez da Plaza Barrira mugatzen. Unamuno plazan kokatutako tabernek jartzen dituzten moduluak ere izan ditu Rodriguezek hizketagai. “Bunker izenez ezagutzen ditugu bertan jartzen dituzten estalpeak, plastikoa erabilita lau aldetatik estalita dauden terrazak baitira, eta itxita daude guztiz”. Ironiaz heldu dio terraza moten gaiari, eta, “bunker” motakoez gain, beste sei ere aipatu ditu jarraian, erosketa zerrenda ozen irakurtzen arituko balitz bezala.

Hasi da, batetik seira doan zerrendarekin. “Orotariko terrazak daude aukeran. Bat: akordeoi formakoak, hazi besterik egiten ez direnak. Bi: tapoi motakoak, etxeetako atarien aurrean edo plazen igarobideak ixten dituztenak. Hiru: kurrikak, bi aldeetan jartzen dituztenak, kaletik igarotzeko pasabide estu-estua utziz. Lau: terraza merkeak, Coca Colak oparitzen dituen mahai eta aulki jokoez osatutakoak dira. Bost: estalki erraldoiak dituztenak. Eta sei: pilatutako terrazak, hormaren kontra kokatuta egote direnak; euria egiten duenean, kalean gora eta behera doan herritarra bustitzeko”.

Ereduaren araberako izaera

Jardines kalea ere aipatu du. “Kalearen bi aldeetan taberna eta jatetxeak daude eta terraza dute guztiek; bada, bertatik igarotzea “abentura” izan litekeela dio. “Menuen prezioei begira geratzen dira asko, eta, eguerdi aldean, kalearen alde batetik bestera mugitzea lan zaila izan daiteke”. Errealitate bi agerian uzten ditu horrek, Rodrigezen hitzetan: terrazek oinezkoei kentzen dieten espazioa, batetik; Bilboko Zazpikaleetan turismoak duen eragina, bestetik. Argi du lotuta daudela bi-biak.

“Hirigintzan dagoen desordena erabatekoa da”. Hausnartu eta auzoa ahalik eta ondoena antolatu nahi dute Bihotzean elkarteko kideek; betiere elkarlanean. “Premiazkoa da ostalaritzako ordezkariak, auzokideak, merkatariak eta udaleko ordezkariak elkartu eta gaiaz hitz egitea”.

Jakina da Zazpikaleetako izaera aldatuz joan dela; hau da, bertan kokatutako denda txikiak itxi eta bestelakoak ireki dituztela. Gentrifikazio prozesuarekin eta turistifikazioarekin lotu dute aldaketa gizarte eragile eta alderdi politiko hainbatek, eta etxebizitzaren prezioa zein alokairuena bizkoiztu dela ere salatu dute azken hilabeteetan. Bat dator auzo elkarteko kidea ere. “Gentrifikazioaren lehen urratsa da ostalaritza areagotzearena. Pixkanaka, eraikinak berrituz eta giroa aldatuz, bestelako jendea erakartzen hasten da. Etxebizitzen prezioak igo egiten dira, hainbat herritar baztertuz. Bilbo Zaharrean ere gauza bera geratzen ari da, eta beharrezkoa da zerbait egiten hastea, egoerari aurre hartzea”.

Etxebizitza sozialaren beharrizanean egin du indar. “Zazpikaleetan ia ez dago herritarren beharretara egokitutako etxebizitza sozialik, eta eremu horretan ere lan egiten ari gara”. Auzoko gazte asanbladarekin harremanetan jarri direla azaldu du Rodriguezek. “Auzo bizitza berreskuratu nahi badugu, gazteekin lan egin behar da. Beraiek dira hemen bizi, hazi eta hezi direnak eta etorkizunean ere auzoa eraikiko dutenak”.

Egin du diagnostiko txiki bat ere. “Emakumeen Asanbladaren egoitza dugu auzoan, baina ez dago emakume talderik. Berdin Ekoetxearekin ere: Ekologistak Martxan elkarteak auzoan du egoitza, baina ez dugu ekologista talderik. Zer gertatzen da hor?”. Hirigintza antolatzeko moduak eragin zuzena du espazioen izaeran, eta turismoari begirakoa baino, auzokideei begirako Zazpikaleak aldarrikatuko dute datozen asteetan. “Kanpaina bat egingo dugu herritarren kontzientzia astintzeko. Bide seinaleak jarriko ditugu, terrazak eramaten dituzten auto garabidunekin. Umoretik heldu nahi diogu gaiari”.

Urtarrilaren 24ko manifestazioarekin bukatuko dute kanpaina. “Nork bere auzoan bizitzeko eskubidea aldarrikatuko dugu. Ez dugu bizi nahi jarduera ekonomikoak baldintzatutako bizitzarik”. Hortxe baitago, Rodrigezen arabera, Bizkaiko hiriburuan nagusitzen ari den joera: “Dena bihurtzen da salerosketagai, baita hiriko espazioa ere. Urteak eman ditugu autoaren aurka borrokatzen eta autoak hiriguneetatik ateratzea eskatzen. Baina edozein bide oinezkoentzako bihurtzen denean, pribatizatu egiten da, berehala: merkataritzak eta ostalaritzak okupatzen du lehen autoek hartzen zuten tokia, eta ez herritarrek”.

“Eskubidea da”

Oreka hitza erabiltzen dute askok auzokideen eta ostalaritzaren arteko harremanaz aritzeko. Baina ez dator bat Bihotzean elkarteko kidea. “Ez dugu orekarik nahi, arautzea nahi dugu”. Lan gatazken adibidera jo du, argitasun bila. “Langileen lan baldintzei buruz ari garenean eskubideaz eta justiziaz ari gara, eta ez esplotazioaren orekaz. Gu auzokideak gara eta horixe da nahi duguna: bertan bizitzeko eskubidea”.

Farolek argitzen dutenetik harago begiratzeko deia egin du, eta, datozen egunetan, Gabonetako testuinguruan, auzora gerturatuko direnei errespetuz eta erantzukizunez jokatzeko. “Begiratu itzazue faroletako argiek argitzen dutena baino gehiago: etxeak daude, eta baita auzokideak ere”.