Asier Arrate Iruskieta
350 egun baino gehiago daramatzate greban Bizkaiko zahar etxeetako langileek. Irailaren 27an, Gesca patronalarekin aurre-akordioa hitzartu zuten, baina momentuz, ez dute adostasunik lortu Lares eta Elbe patronalekin. Gatazkari irtenbidea emango dion “bultzada berri bat” lortzeko asmoz, lurraldea gurutzatuko duen martxa egiten ari dira.
Martitzenean abiatu ziren Bilbotik, eta bost egunez Bizkaiko hainbat eskualdetatik pasatu ostean, bihar itzuliko dira Bilbora. Gaizka Miguel ELAko zahar etxeetako ordezkariaren esanetan, martxaren helburua da gatazka “gizarteratzea”, eta martxa igarotzen den herrietako erakundeei, eta “akordioa galarazten” duten patronalei, “dei egitea”. Lares patronalak kudeatutako zahar etxe batzuetako zuzendari-batzarretan tokiko erakundeak daude.
Miguelek adierazi duenez, egun, zahar etxeen gatazka, “lan arlotik arlo sozialera” igaro da, eta, horregatik, martxaren helburua Bizkaiko herritarrak eta eragileak langileekin bat egitera deitzea ere bada. EH Bilduk, Podemosek, Pentsionistak Martxan-ek eta Bizkaiko talde feministek euren babesa eman diete zahar etxeetako langileei.
Gatazka piztu zenetik, orain hogei hilabete pasatxo, greban dauden langileek beraien egoera erregulatu eta arreta kalitatea hobetuko duen hitzarmen sektoriala eskatu dute. Zahar etxeetako langileen eskariak dira, 35 orduko lanaldia izatea eta 1.200 euroko soldata, pertsonal handiagoa izatea zentroetan eta arreta kalitatea hobetzea, eta aldi baterako ezintasunen estaldura eta plusak hobetzea.
Irailaren 27an, Gesca sektoreko patronal nagusiarekin akordiorako oinarri bat hitzartzea lortu zuten, baina Lares eta Elbe alorreko beste bi patronalek ez dute bat egin. Miguelek salatu du bi patronalek ez dutela “borondaterik” agertu lan gatazka bukatzeko. “Espero dugu Laresek eta Elbek, Gesca patronalarekin lortutako akordioarekin bat egitea”.
Nahiz eta Gesca sektoreko patronal nagusia izan, gutxienez beste baten akordioa ezinbestekoa dute zahar etxeetako beharginek gatazkari behin betiko konponbidea emateko. Miguelentzat, “bereziki larria eta onartezina” da Lares patronalaren jokabidea. ELAko ordezkariak salatu duenez, Lares irabazi asmorik gabeko erakundea da, baina “milioi eurotik gorako” etekinak izaten ditu urtero. Laresek zahar egoitza handiak ditu Bizkaian; besteak beste, Portugaleteko Aspaldiko Fundazioa, Barakaldoko Miranda Fundazioa, Bilboko eta Durangoko Aita Meni egoitzak eta Bilboko Conde Aresti eta Erruki Etxea.
Miguelek azaldu duenez, Laresek kudeatutako egoitza askotako zuzendaritza-batzarretan alkateak daude. Hori dela eta, martxa baliatu nahi dute zuzendaritza batzarretan kide diren alkate eta ordezkari politikoak “interpelatzeko”. Bilboko Erruki Etxeko egoitzaren kasuan, esaterako, Bilboko alkate Juan Mari Aburto eta Gizarte Ekintzako zinegotzi Isabel Sanchez zuzendaritzako kideak dira.
Aldundiak ere gatazkan “eginkizun aktiboagoa” izatea nahi dute zahar etxeetako langileek. Egun, Bizkaiko Foru Aldundiak zahar etxeetako oheen %70 finantzatzen ditu. Oheen kontzertazioen azken luzapenaren ostean, aldundiak kontzertazio berria atera behar du azaroaren 2an. Miguel kritiko agertu da aldundiarekin: “Nola itundu ditzakete kontzertazio berriak, gatazka amaitzeko akordiorik egiteko batere asmorik ez duten egoitzekin?”. ELAko ordezkariak Bizkaiko Foru Aldundiari “itopuntutik ateratzeko neurriak” eskatu dizkio.
Eskari eta aldarrikapen horiek guztiak oso presente egon dira zahar etxeetako langileek oraingo honetan osatzen ari diren bost eguneko oinezko martxan. Martitzenean abiatu ziren Bilboko Erruki Etxea egoitzatik Barakaldorantz. Ezkerraldea eta eskuinaldea gurutzatu ostean, gaur, Zornotzatik Durangorako tartea egingo dute. Bidean, 350 egunez greban daramatzaten zahar etxeetatik pasatu dira. Bihar emango diote amaiera martxari Bilboko Foru Jauregiaren aurrean.