Sormenaren festa lehertu da

Sormenaren festa lehertu da

Natalia Salazar Orbe

Artea alde guztietatik eta denean. Itsasotik, larretatik, errepideetatik… Baita harrien azpitik ere. Agertokian zein handik kanpo. Horixe ekarri du, aurten ere, Marabilli jaialdiak. Sormena ardatz, ikuskizunek eta festa giroak herria astintzeko egunak iritsi dira Ondarroara. Omenduak nahiko lukeen bezala. Aitzol Aramaio zenak zuen indarrarekin jaiotako egitasmo honek laugarren jaialdia du. Idazleak, musikariak, zinemagileak, antzerkigileak, artista plastikoak, diseinatzaileak… Denetariko sortzaileentzako topaleku bihurtu da. Denek ala denek asmo batekin egingo dute bat kostaldeko herri horretan: gazte eta bat-batean hil zen zinemagile eta gidoilariari omenaldia egitea sormenari mugarik ezartzen ez dion jaialdi batean. Aurten, indar berezia egin dute euskal sortzaileengan. Manuelistak deritzen antolatzaileek “oraintxe bertan hazten ari den belaunaldi bikain baten testigantza” jaso nahi dute eta.

Luzea da jaialdian euren lanak erakutsiko dituzten artisten zerrenda. Han izango dira, besteak beste, Jon Maia dantzaria, Asier Altuna zinema zuzendaria, Ander Lipus aktorea, Pako Aristi idazlea, Miren Amuriza bertsolaria, Thierry Biscary Manez kantaria, Josu Goikoetxea gidoigilea, Zea Mays taldea, Oskar Alegria zinema zuzendaria, Iratxe Fresneda komunikatzaile eta gidoigilea, Giorgio Bassmatti eta Joseba Irazoki musikariak, Oier Ituarte argazkilaria eta Igor Zalakain sukaldaria. Horiekin guztiekin batera, herriko norbanako artista, talde eta elkarteak ere ariko dira. Lau egunetarako antolatutako jarduera guztietara joan nahi duenak lanak egin beharko ditu. “Nahiko gaitz izango du!”, Manuelisten arabera.

Filmen atalean, Elkarrekin together proiektua taularatuko dute, bihar, Abante zina Aitzol! saioaren barruan. Euskal arkeologoen espedizio batek AEBetako ekialdean hutsik dagoen irla urrun batera egiten duen bidaia erakutsiko dute. Antzinako agiri batzuen arabera, euskal balea arrantzaleen eta bertakoen arteko lankidetzarako elkargunea izan zen leku hura. Sekula esperoko ez zituzten aztarna eta istorioak topatu zituzten bertan. Bestelako mundu bat posible dela erakusten dutenak.

Antzerkian, Unai Iturriagak idatzi eta Ander Lipus eta Patricia Urrutia aktore dituen Hozkailua ikusi ahalko da, besteak beste. Maite eta Karlos herriz herri dabiltza hozkailu zahar batekin. Londrestik dakarten Jimmy lagunaren hilotza daramate han. Zin egin zioten jaioterrian lurperatuko zutela. Xehetasun txiki bat ahaztu zuten lagun fidelek, ordea: nongoa zen galdetzea.

Atzo hasi zen jaialdiko ekitaldietako bi besterik ez dira. Ikusmin handia sortzen du zitak urtero; horren adierazgarri, Amparanoia taldearen kontzerturako sarrerak, esaterako, hamar minutuan agortu ziren.

Gastronomiak ere izango du lekua Marabillin. Horixe izango du berritasunetako bat, sukaldaritzarekin lotutako jarduera bitxi bat: Jan artelan gastronomikoak, hain zuzen ere. Lau sukaldari ondarroarrek Aitzol Aramaioren lau lanetan oinarritutako mokadu, jaki edo koktel bana sortuko dute.

Bestalde, lehenengoz sari bitxi bat emango dute antolatzaileek: Euskal Herriko I. Sormen Saria. Sormenaren alorrean, orokorrean, nabarmendu den pertsona bat izango da saritua. Manuelistek, baina, ez diote dirurik emango. Sari ikusgarriagoa eta bitxiagoa prestatu dute: “Saria ez da dirua izango, horretarako badaude beste sari batzuk. Sarituaren itxurarekin egindako buruhandi bat egingo diogu. Maite ditugu-eta buruhandiak!”, iragarri dute.

Lehiaketa horretan ere, ardatza bera izango da: sormenezko lan oro. Jaialdiak horixe du oinarri, arrazoi sinple batengatik: “Jaialdi asko daudelako alor jakin bati buruzkoak, eta guri iruditzen zitzaigun alor desberdinetako jendea biltzea dibertigarriagoa zela. Baita ere, ez ginelako ados jartzen zein motatako jaialdia egin behar genuen”.

Omenaldia

IV. Marabilli Sormen Festibalak Jose Maria Argoitia San Martin jaialdiko kide izan zenari omenaldia egingo dio. Bi ekitaldi prestatu dituzte horretarako. Lehenengoa, bihar eguerdian. Itoiz taldeko Juan Carlos Perez eta Jose Garate Foisis izango dira bertan solasaldi batean. Beste ekitaldia gauean egingo dute, Zubi Zaharraren aurrean. Kantuak zein Dantzartekoen ikuskizuna iragarri dituzte. Unerik hunkigarriena horixe izango dela aurreratu dute.

Aitzol Aramaio presente egongo da, ohi bezala, Marabillin. Berak eman zion izena proiektuari, etengabe erabiltzen baitzuen berba hori: “Bixitxi marabilli re“, adierazten zuen ondarroarrez. Gaztelerazko mailegua herri hizkeratik hartu dute antolatzaileek, “herrikoitasuna eta mestizajea azpimarratu nahian”. Euren ustez, “artearekiko maitasuna, baikortasuna, bizizaletasuna adierazten ditu marabilli hitzak”. Jaialdiaren beraren filosofia.

Manuelisten jatorria

Ezohiko jarduerak eta bitxikeriak dakartza Marabilli jaialdiak, bata bestearen atzetik. Jaialdiaren antolatzaileek hartu duten izena da bitxikeria horietako beste bat: Manuelistak. Aitzol Aramaioren ideia batetik atera zuten hori ere. Kirmen Uribe bertako kidea da, eta Aramaioren lagun mina zen. Hark kontatutakoa da afari batean manuelistak izan behar zutela esan zuela Aramaiok. “Hau da, batzuk marxista edo leninista diren legez, gu manuelistak izango ginela. Ondarroan badago Manuel izeneko gizon bat. Jaiekiko lotura handia du, eta oso alaia da. Horrekin zera esan nahi genuen: gu ere Manuel bezain alaiak izango ginela beti”. Helburu horri helduta abiatu zuten jaialdia atzo. Eta, domekara bitartean, etenik gabe ekingo diote.