Natalia Salazar Orbe
Ur gainean hegan, pisurik ez balute legez, doinu lasai edo gogor baten erritmora dantzan dirudite. Zeinek harrapatu onena, zeinek iraun luzeen uhinaren gandorrean. Itsasoaren astinduek lagunduta, zein astindu horiek beraiek eroriarazita. Afizioa ofizio bilakatu dute batzuek. Eta kultura bat sortu da haren inguruan: surfaren mundua. Indar hori baliatuta, jaialdia antolatu dute Sopelan. Hainbat elementu uztartu dituzte herrian errotuta dagoen kirola ikusarazteko. Duela lau urte hasitako ibilbideari jarraipena emanez abiatu zuten atzo Sopela Kosta Fest. Igandera bitartean, lehiaketak, ikastaroak, gastronomia, musika, antzerkia, natura eta umeentzako jarduerak uztartuko dituzte.
Urtero jaialdian berrikuntzaren bat sartzeko ahalegina egiten du Sopelako Udalak. “Surfa, natura eta musika dira Sopela Kosta Fest jaialdiaren ardatz oraindik ere, bai. Eta, euskarri nagusi horietan oinarrituta, urtero egitarauan musika talde deigarriak eta ekintza berriak sartzen saiatzen gara. Era guztietako ikastaroak antolatzen jarraituko dugu aurten, eta, guztira, doako 450 plaza eskainiko ditugu”. Hala adierazi du Leire Basauri kultura zinegotziak. Musika eskaintza da jaialdiko jarduerarik erakargarriena. “Udaletxeko plazan egingo diren kontzertuek jarraitzen dute Sopela Kosta Festeko gutizi izaten, eta pentsatzekoa da Willis Drummond, Delorean eta gainerako taldeek jendetza ekarriko dutela”.
Doako hogei jarduera inguru antolatu dituzte aurten. Surfa ikasteko saioak dira horietako batzuk. Herriko bost surf eskola arduratuko dira kirol horretan hastapenak egin nahi dituztenei doako ikastaroak emateaz.
Taula gaineko abileziekin nahikoa izan ez, eta bestelako kirolak sortu dira surfaren inguruan. Kayak-surfa da horietako bat. Horri helduko diote, aurten, lehenengoz. “Askok ez dakite, baina gure hondartzetan munduko olatuetako kayak txapeldunak ditugu”. Kirolari horietako batzuen eskutik izango da haren oinarri nagusiak ikasteko aukera.
Euskal Herriko Surf Federazioak eta Peña Txuri surf eskolak egokitutako surf ikastaroak emango dizkiete, gainera, behar bereziak dituzten gazteei. Euren eskutik ezagutu ahalko dituzte olatuen gainean aritzeak eskaintzen dituen bizipenak.
Surfak Sopelan duen garrantzia ukaezina da. “Europako kostaldean dagoen hondartza ezagunenetakoa da, eta bertan aritzen diren surflariek ere nazioarteko maila dute”. Munduan 35 milioi lagun inguru aritzen dira surfean. Horien guztien ordezkari batzuek lekua izango dute herrian. Erakustaldiak eta lehiaketak ez dira faltako bihar eta etzi Arriatara, Atxabiribil eta Barinatxa hondartzetan. Zaleekin batera, profesionalak ere elkartuko dira olatuek prestatzen dieten agertokian erakustaldirik onena nork egingo lehian. Euskal Surf Zirkuituaren II. proba eta Euskal Herriko txapelketa lehiatuko dituzte, besteak beste. Beteranoak, surf elkarteen arteko lehiak, bodyboard zein kayak-surf zaleak ikusi ahalko dira uhinetan dantzan.
Horrez gain, herriko surfaren bilakaeran zeresana duen inguruneak gero eta indar handiagoa hartu du lau urteko ibilbidean. “Agerikoa da surfa egiten den hondartzetan itsaslabar ikusgarriak daudela, ondare historikoa dugula, beste hainbat zaletasun duen biztanleria… Surfetik abiatuta, haziz joan den jaialdia da, honenbestez”.
Askatasuna iradokitzen duten irudiz josiko da itsasertza. Egitarauak ere, askatasun hori bermatze aldera, aire zabalean eskainiko ditu ume eta gazteentzako jarduera mordoa. Hala nahi dutenek naturarekin eta itsas labarrekin lotutako saioetan aritu ahalko dute. “Gazteentzat, naturaren zaintzara bideratutako ekintza jolasgarriak antolatzen saiatu gara”. Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik, apo, arrabio edo sugeen inguruko tailerra prestatu dute; argazki erakusketa ere izango da, eta hitzaldiak eta eskulanak egingo dituzte. Aztarnategi baten indusketa nola egiten den erakusteko tailer bat izango da. Eta harriak margotuta egoera emozional asko islatzen lagunduko diete umeei.
Itsasoari lotuta, naturari eskutik helduta eta historiak utzitako aztarnak oroituta osatuko dute jaialdiaren eskaintza. Besteak beste, Burdin Hesiaren aztarnak ikusteko bisita gidatuak antolatu dituzte. “Bada Sopelan bizi eta ez dakienik inguruko muinoetan gerra zibileko defentsa lerroaren aztarnak daudela, edo, jakin arren, inoiz gerturatu ez denik”.
Jaialdiak, azkenaldian nagusitu direnen antzera osatua izan nahi bazuen, ezin zuen utzi alde batera gastronomia. Ogi likidoa, ogi solidoa jardueraren bidez, helduentzako garagardo eta ogi dastatzea egingo dute. “Euskal garagardo egile onenetako batzuek parte hartuko dute, eta haien eskutik eskainiko dugu jarduera hau”. Bertan parte hartzeko leku guztiak bete dira.
Ez dute izan zailtasunik jaialdiaren ildoa osatzen duten surfa, natura eta musika uztartzeko. Aurten ere, arrakasta izango dutela sinetsita daude: “Sopeloztarrek eta bisitatzen gaituztenek erraz hartzen dute Sopela Kosta Festen uhina. Jarduera batek beste batera eramaten zaitu, indarra baduzu, behinik behin”.