Gaztetxoei zestak konpontzen irakasten

Gaztetxoei zestak konpontzen irakasten

Aintzina Monasterio Maguregi

Zesta da eta izan da bere pasioa. Gaur egun zestak konpontzen aritzen den frontoi berean hasi zen zestan jokatzen Juan Ramon Rementeria Remen (Bermeo, 1955), Gernika-Lumoko Jai Alain, 10 bat urtegaz, eta, besteak beste, bertan lortu zuen Munduko Txapeldun titulua, 1991n.

Garai batean hainbeste partida jokatu zituen lekuan, bestelako lanetan dihardu gaur egun. Arratsaldero zesta eskolako zestak zein pilotak konpontzen aritzen da. Horixe da bere afizioa, eta gaztetxoek behar hori zelan egiten den ikastea da bere nahia. “Nire ametsa gazteei erakustea zen; bakoitzak bere zestak konpontzen ikastea”. Markina-Xemeinen, Berrizen eta Mutrikun badaude zestak konpontzen dituzten artisauak, baina eskolan bertan horretan aritzen den norbait duen bakarra da Gernikakoa.

Zestak garestiak dira; 400 euro inguru balio dute, eta profesionalenek, ia 500 euro. 2014an, eskolako zesta asko hondatuta zeuden, “abandonatuta”, eta aprobetxatzeko moduan zeudenak konpondu zituen. “Birrinduta” zeudela kontatu du.

Umetan, Geronimo Garate saskigilearen eskutik ikasi zuen zestak konpontzen: “13 urtegaz hasi nintzen, eta, handik aurrera, ez Ameriketan eta ez hemen, inork ez dit konpondu zestarik”. Aurretik, artisau lana etxean ikusia zuen, aita ere saskigilea baitzen; hark itsasoko zestak egiten zituen, eta haren lana miresten zuen. Orain, Garatek hari erakutsi legez, Remenek herriko zesta eskolakoei erakusten die zestak zelan konpondu. Duela hiru urte hasi zen, eta ikastaroak ere eman zituen: “14 urtetik gorakoentzat ziren; gazteagoek ez dute pazientziarik. 2015ean, zestak konpontzen irakatsi nien, eta, 2016an, pilotak egiten eta josten”.

Esku ona duten ikasleak ditu. Batzuentzat aspergarria dela dio, lan nekeza baita, baina beste batzuek oso ondo ikasi dutela. Arratsalde pasa kontu kontari aritzen da ikasleekin zein zesta konpontzeko eskatzera joaten zaizkionekin. Gazteek profesional garaiko Miamiko anekdotei buruz galdetzen diote, eta gustura egoten dira. “Arratsaldea konturatu barik pasatzen zait. Gustuko dudana egiten dut; eurak ere pozik egoten dira, eta ilusioa ematen dit”.

Kantxara ere jaisten da sarritan. Zelan entrenatzen diren ikusi, eta aholkuak ematen dizkie. Zerbait txarto egiten dutenean sufritu egiten duela dio, eta zuzentzea “barrutik ateratzen” zaiola.

Kaltzada Klasikoan omena

Eskolako kideek asko estimatzen dute. Haren ibilbidea txalotu eta egun eskolan egiten duen lana eskertzeko, omenaldi beroa jaso zuen zapatuan Jai Alai frontoiko Kaltzada Klasikoa zesta jaialdian.

Udan AEBetatik Euskal Herrira jokatzera etortzen diren profesionalek ere haren esku uzten dituzte zestak. “Orain gehienak AEBetara doazenez, lasaiago ibiliko naiz. Zesta berriak egiteko ere esaten didate hemen, baina ez dut astirik; badut lana. Erretiratu arte itxaroteko esaten diet”. Orain, gainera, zeregin berria du: Herbehereetatik ekartzen dituzten futbol amerikar itxurako kaskoak eskolako gaztetxoentzat moldatzen ari da. Moztu, forma eman, pisua kendu… “Guk halakoekin jokatzen genuen Ameriketan, eta gaur egun ere erabiltzen dituzte. Gazteak hunkituta daude; zoratu beharrean naukate”.

Gaztetxoek poza ematen diotela nabarmendu du, eta ahal duen guztian laguntzeko prest da. Mexikon egiten dituzten plastikozko zesta batzuk eskolakoei ekartzea da orain Remenen desioa. Txikiagoak eta merkeagoak direnez, haientzat oso aproposak dira. Eta gehiago irauten dute.

Oro har, zesta eskolek erakunde publikoen aldetik laguntza gutxi dutela dio, eta zuzendaritzakoek babesleak topatzeko egiten duten lanari txalogarria deritzo. “Laguntasunik ia ez dago, hori da tristeena. Esku pilotak duen laguntza izatea izugarria litzateke. Ea denon artean egoera hobetzea lortzen dugun; gazteentzat laguntza topatu behar dugu. Gernikarentzat zesta izen denagaz, eta inork ez du laguntzen”.

17 urtegaz Ameriketara joan zenetik 46 urtegaz erretiroa hartu arte, zestaren garairik oparoenak zein latzenak bizi izan ditu. 1972an Miamira joan, eta Floridan World Jai Alairen frontoietan jokatu zuen. Miamin bederatzi urte egin zituen, eta gero Connecticuten hamar bat urte. 1991n bueltatu, eta Munduko Txapelketa irabazi zuen. “Orduan ostera ere zesta gogoz hartzen hasi nintzen. Gero, beste bost bat urte egin nituen jokatzen; buruak bai, baina hankek ez zidaten laguntzen; ez zuten ondo erantzuten, beti motz geratzen nintzen. Hankak baldartu zitzaizkidan; lehenagoko bizitasuna falta nuen”.

Semea ere herriko frontoian hasi zen zestan, eta, pare bat urtez Ameriketan egon ostean, beste bide bat hartu zuen: “Nire ametsa semeagaz jokatzea zen, toreroen moduan alternatiba emateko”, dio barrez. “Uste dut neurria altutxo ipini niola. Berak nahi izan balu jarraituko luke orain ere; modu onak eduki zituen”.

Munduko Txapelketaren ostean, Ameriketara bueltatu, eta hiru bat hilabete egon zen han. Greben ostean pilotarien artean “giro eskasa” zegoela eta frontoietan ikusle gutxi batzen zela dio. Garai oparoenekin alderatuta, “alde itzela” igarri zuen. Egunero-egunero haiek ikusten gutxienez 2.500-3.000 pertsona egotera ohituta zeuden, eta, bueltatu zenean, 200 bat pertsona batzen ziren frontoian. Eta soldatak ere ez ziren garai batekoak. “Pena ematen zuen. Gainera, pilotarien artean ere giro txarra zegoen. Ilusioa galdu nuen, eta hona etortzea erabaki nuen”.

Euskal Herrira itzuli, eta 1996an erretiratu zen. Azken lau partidak Gasteizen, Markina-Xemeinen, Durangon eta Gernikan jokatu zituen. Urri bueltan Jai Alain jokatu zuen azkena, eta agur omenaldi bat egin zioten.

Esperantzaz

Zestaren etorkizunaz galdetuta, itxaropentsu dago; azken urteetan egoera hobetu dela uste du: “Pilota nire bizia izan da beti, eta orain zesta hilda dago; pena da. Orain dela urte batzuk txarrago egon zen, baina eskolan ere gaztetxo asko hasi dira, eta Ameriketan, Miamin izan ezik, hobeto ikusten dut. Mexikon ere nahiko denboraldi ona egin dute”. Apurka egoera hobetzen ari dela dio, eta garai bateko distira berreskuratzea nahiko luke. Azken hiru urteetan sekulako aldea igarri du: “Esaterako, hemen udako Grand Slam txapelketan frontoia bete zen, eta gazte asko zeuden”.

Kontatu duenez, 1968-1970ean Jai Alain astean lau funtzio egoten ziren, eta lauretan bete egiten zen frontoia. Nostalgiaz gogoratzen ditu garai haiek. Orain frontoiaren inguruan dauden etxebizitzen lursailetan zegoen frontoiko aparkalekua; handia zen, eta ez zen nahikoa. Gero, greba eta akziodunekiko gorabehera batzuk tarteko, frontoia itxi egin zuten. “Uste dut 1982tik 1991ra egon zela itxita. Gernikako diruagaz eraiki zen; herritarrek erositako akzioekin. Akziodunekin gorabeherak egon ziren, eta gero Miamiko frontoiak erosi zuen. Gero, 90eko hamarkadan, aldundiak eskuratu zuen”. Gernikako frontoia “munduko onena” dela deritzo. Jende gehien sartzen dena izan ez arren, egitura aldetik, altuera, kantxa zein bestelako ezaugarriengatik, bakarra dela argi du: “Mundu guztian ez dago halakorik, ez Mexikon, ez Kuban, ez Filipinetan, ez inon. Horietan denak antzekoak dira, Ameriketako modukoak, industrialak”.