Ainhoa Larrabe Arnaiz
Turismoaren gaia hedabideen lehen lerroetan izan da azken hilabeteetan. Ezbairik gabe, Donostiako egoerak eman du zeresan handiena, Gipuzkoako hiriburuan biltzen den bisitari kopuruaren aurrean hainbat kexa egin baitituzte herritarrek. Beste neurri batean bada ere, Bizkaian gaia mahai gainera ekarri dute hainbat sektorek: Gernikan, esaterako, protesta egin zuen Ernai gazte antolakundeak abuztuaren hasieran, Zuen turismoa, gure miseria lelopean. Gaztelugatxen ere, This is not Invernalia, you are now in Euskal Herria! zioen kartel erraldoia jarri zuten Game Of Thrones telesaileko agertoki izan ondoren bertan biltzen den bisitari kopurua salatzeko. Turismoaren eraginarekiko kezka egon, badago. Horren adibide da joan de apirilean EH Bilduk Bilboko Udalean alde zaharraren gentrifikazioari buruzko ikerketa eskatu izana. Legez kanpoko etxe turistikoak itxi dituztela azaldu berri du Juan Mari Aburto Bilboko alkateak. Hala ere, turismoaren inguruan sortu den eztabaidari buruzko iritzi argia du Aburtok: “Bilbok ez duen arazo bat hona inportatu nahi dute askok”. Datozen asteetan Bizkaiko hiriburuan turismoak duen eragina eta gaur egungo auzoen errealitatea zein den aztertuko du Bizkaiko Hitza-k.
Elkarri mokoka azaldu dira eragile politikoak turismoaren gaia mahai gaineratu eta berehala. EAJko bozeramaileek ezker abertzaleari leporatu diote azken hilabeteetan turismoaren aurka jo izana. Hala azaldu zuen Alfredo Retortillo Jaurlaritzako Turismo kontseilariak. “Gurea ez den eztabaida bat ekarri duzue”. Ildo beretik jo du Bilboko alkateak ere. Aburtok ez du, inondik inora ere, arazo gisa ikusten, eta sektorearen defentsa irmoa egin du. “Turismoa Bilboko barne produktu gordinaren %6 da. Hirian duen eragina garrantzitsua da, eta zaindu egin behar da horregatik. Gaur egun turismoak garrantzi hori baldin badu, lan ona egin delako da eta erakargarria den hiri bat sortu delako”. Hiriburuaren sorkuntza hori da, hain zuzen, Ernaik jomugan jarri duena: Euskal Herria “turistentzat moldatutako postal” bihurtzen ari direla salatzeko mobilizazioa egin zuen ekainean Bilboko Guggenheim museoaren aurrean dagoen urmaelean; hainbat gaztek bainua hartu zuten turistaz jantzita.
Aldarrikapen bera egin dute Lekeition ere. Uda sasoian bikoiztu egiten da Lea-Artibaiko herriak duen biztanle kopurua, eta herriaren nortasunean eragin zuzena dute turisten joan-etorriek. Lekeitio “turismora bideratutako herri” bihurtu nahi dela salatu zuen gazte erakundeak uda hasieran egindako parodia batean. Gazteak gero eta lan prekarioetara bideratzeaz gain, turismoaren eraginez herrian euskarak gero eta presentzia gutxiago duela azaldu zuten gazteek, eta etxebizitzen alokairuak gero eta garestiago direla nabarmen.
Turismo eredua erdigunean
Turismo eredua dago eztabaidaren muinean, eta halako arazoak dituzten hiriburuetan bi izan ohi dira kezka eragiten duten hausnarketak: hiriguneek bere izaera galduko ote duten ala ez, batetik, eta hainbat zonatan biztanle baino turista gehiago izango ote diren ala ez, bestetik. Bartzelona, Venezia eta halako hiriak dira muturreko prozesu horren adibideak; izan ere, bertako hainbat zonatan turista gehiago dira, gaur egun, bertako auzokideak baino. Errealitate horretatik urrun dago Bizkaiko hiriburua.
Baina, ezbairik gabe, turismoak gero eta indar handiagoa du Bilbon, eta baita haren jarduera ekonomikoan ere. 1990eko hamarkadan Bilboko itsasadarrean industriak zuen indarrak eta gaur egungoak ez dute antzik: gaur egungo Abandoibarra ez da lantegi eta trenbidez jositako aspaldiko Abandoibarra hura. Hiriaren eraldaketa prozesuaren oinarrian izan da beti Bilboko Udalean adostu diren Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO). Alegia, udalak hiriaren diseinuan egiten dituen apustu eta inbertsioek marrazten dute, hein handi batean, hiriburuaren izaera.
Etxebizitza ilegalak
Turismoak Bizkaiko hiriburuan har lezakeen tokiaren adibide ere izan litezke Airbnb eta etxe eta logelen alokairurako bitartekari lanetan aritzen diren antzeko plataformen zabalpena. Inside Airbnb plataformak kaleratutako azterketaren arabera, 877 egoitza turistiko zegoen Bizkaian 2017ko apirilean, eta Bilbon zeuden horien erdiak baino gehiago: 456 inguru. Bizkaiko hiriburuaren ondoren, kostaldeko herriek dute eskaintza handiena: Getxok, Lekeitiok, Bakiok, Bermeok eta Mundakak. Guztira, 2.874 etxebizitza turistiko zenbatu ditu ikerketak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: azken lurralde hori da egoitza gehien biltzen dituen lurraldea: 1.666 pisu.
Sarean azaltzen diren egoitza turistiko guztiak ez dira legezkoak, ordea. Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Sailak emandako datuen arabera, Bizkaian 544 pisu daude erregistratuta, eta horietatik 297 daude Bilbon. Nolanahi ere, legez kanpoko pisu turistikoen arazoa konpontzeko neurriak hartzen ari da udala, Aburtok azaldu duenez. Ez du zehaztapen handirik eman, ordea. “Dagoeneko itxi da legez kanpoko etxe turistikoren bat; kezkatzen gaituen gaia da, eta jarraipen estua egingo diegu pisu turistiko guztiei”.
Hain zuzen, gaur egun, gehiago dira legez kanpoko etxebizitzak legezkoak baino. Airbnb plataformak Bilbon dituen 459 iragarkietatik 385 erregistratu gabe daude; hau da, etxebizitza turistikoen %16 soilik dira legezkoak. Egoera horren aurka neurriak hartzen ari diren arren, zigorrekin “kontuz” ibili beharra dagoela azaldu du Aburtok, jabeek fede ona erakutsi eta Jaurlaritzan erregistratuta daudela esan dezaketelako, baina, aldi berean, jabeek udal araudia bete behar dutelako, eta ez etxearen erregistro hutsera mugatu.
Jaurlaritzak iazko abuztuan berritu zuen Turismoaren Legea. Etxebizitza opor egonaldietarako alokatzen duten jabeen egoera arautzea izan zen araudiaren berrikuntzarik nabarmenena. Baina Jaurlaritzakoaz gain, Bilbok bere araudi propioa du turismora bideratutako etxebizitzei dagokienez.
Bilboko udal ordenantzaren arabera, soilik lehen solairuan jar liteke etxebizitza turistikoa; edo beste solairu batean, baldin eta azpian etxebizitzarik ez baldin badu. Horretaz gain, alde zaharrean eraikin bakoitzeko turismorako etxebizitza bat besterik ezin liteke egon. “Zazpikaleak babesten ari gara, pisu turistikoen ugaltze bat egon ez dadin, eta, oro har, hirigune osoa babesteko pausoak ematen ari gara udaletik, pisu hauek ez daitezen auzokideentzat arazo bihur”. Hain zuzen, Bilboko Zazpikaleetako etxeei buruzkoak dira gaur egun Airbnb plataforman dauden iragarki gehienak: 95; San Frantzisko eta Bilbo Zaharrekoak, ondoren.
Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko zinegotziaren arabera, etxebizitza turistikoen erregistro publikoa sortzea beharrezkoa da, hiriburuko bizilagunek ostatu turistikoei buruzko informazioa izan dezaten. “Ostatu turistikoen inguruko araudia berandu iritsi da bai udal mailan eta baita erkidego mailan ere. Horrelako negozioak ugaritu egin dira Bilboko zenbait zonatan eta inguruko bizilagunak babes gabe sentitzen dira inolako informaziorik ez dutelako. Ez dakite inguruan dituzten ostatu turistikoek araudia betetzen ote duten”.
Foru Ogasunak ere begiak jarrita ditu etxebizitza turistikoetan. Ekainean azaldu zuen Interneteko plataformetan alokatutako egoitza turistikoen sarrerak aitortu ez dituzten 323 zergaduni eskakizunak bidali dizkiela. Aurtengo errenta aitorpenetan aztertutako kasuen %85ek ezkutatu egin dute jarduera, aldundiak emandako datuen arabera.
Ogasun eta Finantzetako Sailak azaldu duenez, Bizkaiko ehunka zergadun mozkinak lortzen ari da etxebizitza turistikoen jarduerarekin, eta zergadun horietako bakoitzak 10.000 euro inguru uzten ditu ogasunean aitortu gabe. “Hainbat kasutan, 60.000 eurora ere iritsi da zenbatekoa”. 323 jaberi eskakizunak bidali dizkie Foru Ogasunak, lortutako mozkinak borondatez aurkezteko aukera eman die, eta aurrerantzean ere halako kasuak aztertzen jarraituko dutela azaldu du.
Balorazioen garaia
Hotel eskaintzarekiko lehiakortasuna legezkoa izan dadin ari dira egoitza turistikoak kontrolatzen. Hala azaldu du Aburtok behin eta berriz. Izan ere, Eustatek emandako azken datuen arabera, Bizkaian gora egin du hoteletako bezeroen kopuruak 2013tik hona: 790.550 bisitari zenbatu dituzte, aurten, guztira. Zenbakien dantza hasita dago jada, eta ikasturtea hasi orduko jaso diren bisitari kopuruen balorazioa egiten hasi dira museo zein ostalarien enpresak. Turismo eta bisitari kopuruei dagokienez, “historikotzat” jo ohi dira datuak urtetik urtera. Baina gora egiten duten bezala behera ere badoaz hainbat zenbaki. Hala gertatu da langabeziarekin, esaterako. Turismoak prekarizazioa bultzatzen duela salatu du Ernaik azken hilabeteetan. Eta, hein handi batean, arrazoia eman die langabezia tasari buruzko azken azterketak: kaleratu berri dituzten azken datuen arabera, uztailetik abuztura 840 langabe gehiago dago Bizkaian.