Natalia Salazar Orbe
Espazio publikoa topagune, aisiarako eta hausnarketarako gune. Globalizazioak munduari egindako ekarpenari buruz hausnartzeko tartea eta txokoa, artearen eskutik, argazkien irudikapenetatik. Horixe eskainiko du Getxophotok aurten, Trantsizioak izenburupean abian jarri duen 11. jaialdian. Munduaren gehiengoari bizitza kalitate hobea ekarri diolakoan, globalizazioak baztertuta utzi ditu milioika pertsona. Txanponaren bi aldeak kontuan hartuta, hausnarketarako materiala eskainiko die ikusleei Getxophotok. Ingurumena, teknologia berriak, elikadura, turismoa, espaziorako bidaiak eta animaliekiko harremana ardatz duten irudiz josi dute Ereagako hondartzatik Portu Zaharrera bitarteko bidea. Urriaren 1era arte zabalduko dute erakusketa. Argazkilari ospetsuek eta etorkizun oparoa aurreikusten zaien gazteen lanek osatzen dute lagina.
Hainbat herritako artisten lanak iritsi dira Getxoko kaleetara, besteak beste, ondokoak: Italia, Mexiko, Ekuador, Japonia, Herbehereak, Belgika, Iran eta Suitza. Denak ala denak helburu argi batekin aukeratu ditu Monica Allende komisarioak: “Jaialdia elkarrizketen abiapuntu gisa planteatu dut. Hori da helburu nagusia: non gauden, nora goazen eta zeintzuk kezka ditugun hausnartzeko elkarrizketa soziala eta errealitatea sortzea”.
Narratiba bisualari heldu dio hiru urterako komisarioak, argazkilaritza marko barruko kontzeptutik aldentuta. “Homo sapiensa agertu zenetik daukagun zerbait da. Orduan labar pintura garatu zuen. Narratiba horrek jarraitu egin du historian, irudien bidez, momentu historiko bakoitzaren arabera”. Gaur egun, besteak beste, teknologia berriek eskaintzen dituzten baliabideak aprobetxatu behar direla deritzo.
Argazki ikusgarriek osatzen dute urrira bitartean ikusgai izango den erakusketa. Mezu sakonak eta hausnarketarako abiapuntua duten irudiak dira. Mandy Barkerren lanak dira horren eredu. Mundu osoko hondartzatan bildutako plastiko hondakinen irudiak jaso ditu. Ingurmenarekiko kontzientziazio soziala piztea du helburu haren lanak.
Hausnarketa sakonei bide ematen dieten gaien abiapuntu badira ere, irudiak eguneroko kontzeptuei lotutakoak dira. “Argudio kontzeptual ugari sakon daitezke gaioi buruz, baina egunerokoa dute ardatz: zer jaten dugun, nola mugitzen garen, nora goazen, garraioa, zer-nolako hirietan bizi garen, zer-nolako harremana daukagun animaliekin eta gainerako espeziekin, ingurumenarekin, etorkizunean zer-nola bizi gura dugun, zer-nola ari garen gizartea azkartzen, gizarte honen parte izan nahi ote dugun, haren barruan zer-nola sentitzen garen… eta hausnartu: asmoa ez da eredu hori errefusatzea, eguneroko bizitzaren analisi grafiko bat egitea baizik”.
Hitzez korapilotsu samarra dirudien asmo hori erraz ulertuko dute egunotan Getxoko jaialdira joaten direnek. Henk Wildschuten Food lanak, esaterako, elikadura industriari egiten dio aipamen. Zientzia aurrerapenek hobekuntza higienikoak ekarri dituzte. Hala ere, ekoizpen metodo berriak ere sortu dituzte. Metodo berri horiek eragin zuzena izan dute animalien ongizatean. Egileak lan horri ekin zionean, zantarra zeritzon industria horri, kaltegarria eta batere etikarik gabea. Bi urteko ikerketaren ostean, ordea, jabetu zen gai hori zabala eta korapilatsua dela, eta alde baterako zein besterako jarrera erradikalak hartzeak benetako konponbideak lortzeko oztopoak sor ditzakeela.
Bestelako lanak ekarri ditu Valentina Abenavoliren Anaesthesia-k. Torturak, hesiak, besarkadak, sufrimendua, leherketak, dantzak, paisaiak… Gaiztakeria eta enpatia jarri ditu aurrez aurre. Gatazka guneetan ateratako irudiak baliatuta, norberak besteen errealitatea zelan bizi duen zalantzan jartzeko fikziozko konposizioak eratu ditu. Pertsonak edozein nortasun nazionalen gainetik jartzearen garrantzia azpimarratu nahi du hark. Hausnarketa abiapuntu hartuta, beste eztabaida bat abian.
Gizakien eta boterearen arteko harremana ere eztabaidagai jarri dute begien bistan. Segurtasunaren eta askatasunaren arteko muga. Giulo Di Stucok hirietan aireportuek hartuko duten garrantzia eta horren eragina aztertu du. Portuek definitu zuten XIX. mendeko hirigintza, eta autobideek, XX. mendekoa. Aireportuak izango dira, Di Sturcoren ustez, XXI. mendean hiriak konfiguratuko dituztenak. 2011n ekin zion megalopolis horien handitasunaren irudiak plasmatzeari.
Argazki horiek beldurra ere sortu zioten. Izan ere, liluragarria iruditu dezakeen arren gizarteak norabide hori hartzea, eta herritarrak bidaiari bilakatzea negozio, merkataritza eta komunikazio arloei buruz ari da, kostu handia ere eragingo die norbanakoei. Herritarrak une oro zaintzapean izango dituzte agintariek, eta bakardade izugarrian barneratuko dira. Hala uste du Milanen sortutako argazkilariak.
Paolo Woodsek aztergai ditu Pepe lanean sistema kapitalista eta garatutako eta garapen bidean diren herrialdeen arteko desoreka eta horrek betikotzen dituen arazo ekonomikoak. Horiek eta beste eztabaidagai batzuek elkarrizketetarako abiapuntua emango diete Getxophotora joaten diren bisitariei. Ikusle guztiek izango dute egileek transmititu gura dituzten mezuak ulertzeko aukera. Izan ere, idatzizko azalpenez gain, bisita gidatuak ere prestatu dituzte. “Jarraipena duen elkarrizketa soziala sortzen ari gara, denentzako elkarrizketa soziala, eta integratzailea”.