Aitziber Laskibar Lizarribar
Bizkaira iristen diren turisten joera aldatzen ari da pixkanaka. Kostaldea zuten jomuga nagusi duela urte batzuk, eta ohiko oporraldi sasoietara mugatzen ziren, ia osorik, bisitaldiak. Hori aldatzen ari da. Bizkaiko Foru Aldundiak kaleratu dituen datuen arabera, gero eta gehiago dira lurraldearen barrualdera jotzen dutenak. Uztailean, esaterako, %18 hazi zen lurraldeko mendi eta naturatik hurbil lo egiteko hautua egin zuten bisitarien kopurua, aurreko urtearekin alderatuta.
Bizkairako turismoak ez du halako igoerarik izan, ordea, eta, beraz, kostaldeak zein metropoli eremuak jaso dituzten bisitari kopuruek behera egin dute. %6,9 turista gutxiago jaso dituzte itsasaldeko herriek, eta hiriguneek %0,8 gutxiago. Bilbok zerbait behera egin du, baina oso gutxi: %0,1.
Opor sasoietatik kanpo
Uztailean Bizkaiak 154.466 bidaiari sarrera erregistratu zituela jakinarazi du aldundiak; %0,2 gora eginda, 2016ko uztaileko datuen oso antzera mantendu dela bisitarien kopuru orokorra. Ona da datu hori, Foru Aldundiaren ustez, baina bada baikorragotzat jotzen duen beste datu bat ere: urte osoan nabarmenago handitu da Bizkaira datozenen kopurua.
Hain zuzen, Asier Alea Bizkaiko Kanpo Sustapenerako eta Turismorako zuzendari nagusiak azaldu duenez, %7,5 inguru hazi da urte osoan iritsitako bidaiarien kopurua. Alegia, urtaroei hain lotuta ez egoteko joera hartzen ari da Bizkairako turismoa; ohiko opor sasoiak diren udara eta Aste Santuko egunetatik kanpo gero eta bisitari gehiago jasotzen ari da lurraldea, eta turisten jomuga izan diren ohiko lekuak ez direnetara joateko joera ezartzen ari da. Horiek dira azken azterketek utzi dituzten ondorioak. Bide horri eutsiko zaion ustea du aldundiak, eta, Turismorako zuzendari nagusiak azaldu duenez, 2017an datu oso onak espero ditu. Urtaroei hain lotuta ez dagoen turismorako joera horri eutsi nahi dio aldundiak, eta bide hori sustatzen saiatuko da.
Aldaketa jatorrian ere
Bisitarien jatorrian ere izan da aldaketa. Gaur egun, Frantziatik, Amerikako Estatu Batuetatik eta Erresuma Batutik datoz bidaiaririk gehienak, Espainiako estatukoez aparte. Alearen esanetan, Frantziako estatutik datozenak dira Bizkaiarentzat “merkatu nagusia”; 28.754 bidaiari etorri ziren bertatik aurtengo uztailan. AEBetatik etorritako 15.736 turista erregistratu zituzten, Erresuma Batutik iritsitako 14.603, eta Alemaniatik etorritako 11.119.
Oro har, gehitu egin da nazioarteko turismoa Bizkaian. Baina ez guztia. Espainiako estatuko herrietatik iritsitakoen kopuruak behera egin du; %3,3 gutxitu da, hain zuzen. Eremu horretatik kanpo iritsitako turismoa, berriz, %4,4 handitu dela jakinarazi du Kanpo Sustapenerako eta Turismorako zuzendari nagusiak.