Natalia Salazar Orbe
Nazioarteko 43. Folklore Jaialdia antolatu du Elai-Alai elkarteak Portugaleten. Polonia, Mexiko, India, Errusia eta Ekuadorko taldeek egin dituzte emanaldiak jada herrian. Asteartean izango da denak batera ikusteko aukera berriz ere. Eta hainbat herritara ere eramango dituzte ikuskizunak.
Antzinako erritmoen taupadak, dantzarekiko pasioa, tradizioa, dantza tribalak eta naturarekiko loturak bat eginda. Munduko kultura askoren erakuslekua, eta bertakoaren agertokia. Horixe bihurtu da Portugalete egunotan: asteon abiatu da Nazioarteko 43. Folklore Jaialdia Portugaleten, beste herrialde batzuetako kultura ezagutzeko aukera emateaz gain bertakoak munduan ezagutarazteko baliagarria den jaialdia. Abian da herrialde bateko beroa besteko hotz handiarekin fusionatuta sortuko duten koktelaren dastatzea.
Astelehenean egin zuten lehen emanaldia; ikusgarrienetako bat izan ohi da: Portugaletera iritsitako talde guztiak leku berean ikusteko aukera izan zen. Canilla pasealekuan aritu ziren Polonia, Mexiko, India, Txuvaxia eta Ekuadortik iritsitako dantzari eta musikariak, Elai-Alai anfitrioiarekin batera. Gorka Mostajo bertako dantzaria da, eta antolatzaileetako bat. Hala laburbildu ditu lehen saioak: “Primeran joan dira. Aniztasun handia dago dantzetan. Jaialdi polita daukagu aurten”.
Aste osoa iraun du musika eta erritmo askotarikoak elkartu dituen jaialdiak. Eta oraindik bada aukerarik, bai herrian bertan, eta baita handik kanpo ere. Izan ere, jaialdiak Bizkaira hainbat talde ekarri dituela aprobetxatuta, herriz herri ibiliko dira erakustaldiak egiten.
Orain arte herrian ikusi ez diren zein beste urte batzuetan ere izan diren taldeen emanaldiak dituzte aurten. Ekuadorko eta Mexikoko taldeak dira esperientzia errepikatu dutenak. Azkenek bosgarren bisitaldia dute. “Maskaren erakustaldia eta gonen mugimendu handia erakutsi dituzte lehenengoek. Oinekin lurrari astinduak eman dizkiote bigarrenek”.
Txuvaxiakoak iruditu zaizkio berezienetakoak Mostajori. Izan ere, Errusiako federazio txiki batekoak izan arren, haien dantzek ez dute izan dantza errusiarrek izan ohi duten ezaugarririk. Euren kulturaren berezitasunak taularatu dituzte. “Oso saio dantzatuak ekarri dituzte”. Indiakoek ere aho zabalik utzi dituzte ikusleak: “Mugimendu anarkikoak egiten dituzte, ordena berezirik jarraitu gabe, estilo libreagoan. Jantziak ere bereziak dira, kolore bizikoak”.
Astearterako gorde dute jaialdiko unerik “ikusgarriena”: Munduko Dantzak. Azken urteetan gauzatu dute: “Sei agertoki jartzen ditugu Karlos VII.a kalean, eta aulkiz inguratzen. Hala, herrialde guztietako taldeak ikus daitezke, dantzariak batetik bestera igarotzen direlako”.
Bestalde, igandean eta astelehenean dantza saioetan ahaztuta geratzen diren musikarien kontzertuak entzuteko aukera izango da. “Herrialde bakoitzeko musika tradizionala entzun ahalko dugu”.
Urtero ehun boluntarioren lana eskatzen duen jaialdi honek bizirik jarraitzen duela erakutsi du. 43.a dute jada. “Eta badatoz belaunaldi berriak atzetik”.
1970ean abiatu zuen arte tradizionala hedatzeko ibilbidea Tungurahua talde folklorikoak. Kulturaren, tradizioaren eta bertako bizilagunen alaitasunaren eta edertasunaren arte bizia erakusten duen taldea bilakatu da. Hainbat alor jorratzen dituzte euren ikuskizunek: antzinako erritmo eta mugimenduak, herriaren samurtasuna eta maitasunaren pedagogia. Hori dela eta,Tungurahua taldea Ekuadorko kulturaren eredu eta lekukotzat hartzen da munduan.
Nazioarteko hainbat jardueratan Mexiko herriaren ordezkaria izan da Colimako Unibertsitateko ballet folklorikoa. 1980. urtean sortu zuen Rafael Zamarripa Castañeda koreografo eta eskultoreak. 2013an Colima estatuko kultura ondarearen altxor izendatu zuten ballet folklorikoa.
Herri kantak kantatzen zituen abesbatza izan zen, hastapenetan, Txuvaxiako konpainia. 1924an abiatu zuen ibilbidea. Abesti, dantza folkloriko eta jokoz osatzen dute erakustaldia.
Wisla musika eta dantza folklorikoko taldea iritsi da Poloniatik. 1995ean sortu zuten. Esperientziari esker, berehala hartu zuen maila artistiko handia. Poloniako dantza tradizionalek osatzen dute, bereziki, euren programa. Musikari bikainek osatutako orkestrarekin iritsi da Portugaleteko jaialdira.
Tradizio handiko eta kultura aberatseko herrialdea da India. Bertako kultura koloretsuaren eredua da Rangsagar taldea. Indiako dantza folklorikoz eta herrialdeko hainbat tributako dantzez osatutako bilduma dauka. Eta horren lagin bat aurkeztuko du Portugaleten eta Bizkaiko beste hainbat herritan.
Jaialdira gonbidatutako bost herrialdeetako folklore taldeekin batera ariko da Portugaleteko Elai-Alai anfitrioia ere. Zuberoa eta Lapurdiko inauteriak dantzatuko ditu Euskal Herriko ordezkariak.
Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdia aldatu egin da sorreratik gaur egunera arteko ibilbidean. Hasieran ordaindu egin behar ziren ikuskizunak, eta orain doakoak dira. Agertokiak ere aldatu egin dituzte. Eta, apurka, handituz joan da. “Talde eta herrialde berriekin harremanak egin dituen heinean haziz joan da. Jaialdiak izena lortu du. Ez Portugaleten bakarrik. Ekartzen ditugun taldeek beste herri batzuetan ere emanaldiak egiteak jaialdia sendotzen laguntzen du”.