Natalia Salazar Orbe
Lau gorputz airean zintzilikatuta. Lekeitioko basilikaren kanpandorretik behera, lau urtaroen antzezpena irudikatuko dute lau artistak: uraren jariakortasuna, haizeak eragiten dituen zoramena eta laztanak. Baita gizakiaren atalik basatiena kanporatzen duen suaren energia ere. Dena, eraikinaren goialdean; lurretik hainbat metrotara. Dantza bertikaleko Entre 4 tiempos ikuskizuna eramango du Laglo Zirko-Dantza taldeak herriko basilikako kanpandorrera. Kaleka Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiaren barruan asteazkenetik domekara bitartean egingo diren 35 ikuskizunetako bat besterik ez da. Saio nagusietakoa izango da hori.
Ikus-entzule guztiei begira dago prestatuta jaialdia. Denetariko diziplinek bat egingo dute bertan. Galiziako Cair Circo konpainiak Erori piezarekin aho zabalik utziko ditu euren akrobaziak ikustera joaten direnak. “Erorikoak eta kolpeak hartzeko orduan adituak dira. Akrobaziei lotuta dago euren lana”. Hala adierazi du Maider Illanak. Kaleka antolatzen duen lantaldeko kidea da hura. “Oso dibertigarria izango da”.
Herrialde Katalanetako Laitrum Teatre konpainiaren lana ere nabarmendu du. “Bost antzezlan txiki ekarriko dituzte: Mikro-Shakespeare saioak”. Uribarren parkean taularatuko dituzte, Isuntza hondartzaren parean. “Aktoreetako batek entzungailuak jarriko ditu, eta entzuten dituen jarraibideei egingo die kasu. Antzerkitxo horretarako prestatutako objektuak erabiliko ditu obra interpretatzeko. Beste aldean, ikus-entzuleek lan klasiko baten antzezpena ikusiko dute; Shakespeareren tragedia bat, hain zuzen. Formatu bitxia da”.
Iaz jaialdia eraldatzeko abiatu zuten prozesuari jarraipena eman gura izan diote antolatzaileek aurten ere. Ikus-entzule guztientzat prestatutako sail ofizialaz gain, beste bi nabarmendu ditu Illanak: Kaleka Scratch eta Kalekaz Blai, hain zuzen ere.
Lehenengoa profesionalei begirakoa da. “Lanerako aukera eskaintzen duen plataforma bihurtu da Kaleka Scratch; lanak garatzeko edo garatzen ari diren lanei babesa emateko. Sortze prozesuan egonik ikus-entzuleen aurrean aurkezteko beharra dutenentzako aukera ere bada”. Euren lanek jendaurrean sortzen duten eragina ikusteko modu bat da sortzaileentzat.
Sail horretan parte hartzeko deialdia zabaldu dute aurten. Sei talde aukeratu dituzte. Askotariko lanak taularatuko dituzte batzuek eta besteek Lekeitioko agertokietan. Calor konpainiak, esaterako, mikro-antzezlan bat aurkeztuko du. “Antzerki fisikoaren alorra lantzen duten bi emakumek osatzen dute. Federico Garcia Lorcaren Bernarda Albaren Etxea obra du oinarri. Oso dibertigarria da. Kabuki antzerkiaren zertzelada batzuk ditu. Flamenko taula baten estetika izango du. Pixka bat groteskoa ere bada. Dibertigarria izango da”.
Lekeitioko Muntu talde amateurrak euskarazko testu literarioetan oinarrituta eratu dituen antzezlan laburrekin borobilduko dute Calor konpainiaren Martirio y Adela lana. Muntu-k ordu erdiko iraupena dauka, eta, Martirio y Adela-k, ordu laurdenekoa.
Aisia alde batera utzi gabe, gizarteko hainbat errealitate islatzeko gaitasuna ere izango du aurtengo Kalekak. “Instalazio interaktibo bat eratu dute Ipar Irlandako, Kroaziako eta Nafarroako hiru emakumek. Europako hainbat leku eta herritako biziraupen istorioak jaso dituzte. Ikus-entzuleek entzungailu batzuen bidez entzun ahal izango dituzte istorio horiek. Etxean hartutako tratu txarrak, zaurgarritasun egoerak, etxebizitza falta, transgenero kontuak edota indarkeria politikoa dituzte ardatz”. Ibilbide labur batean, entzungailuak hartu eta istorio horiek entzungo dituzte ikus-entzuleek. “Talako bi lekutan jarriko ditugu. Herritarrek, pasatu ahala, audiobook deritzona har dezakete, eta, oinez doazela, istoriook entzun. Bukatzean, hurrengo puntuan utziko dituzte aparatuak”. Briedging the Silence Europako Corner proiektuaren barruan gauzatu zuten. Proiektua bukatuta, orain modu independentean hedatu gura dute.
Kalekaz blai
Jaialdiak herrian bertan duen oihartzunak zer pentsa handia eman die antolatzaileei. Hala, iaz ekin zioten jaialdiak irauten duen hiru egunetatik kanpo hainbat jarduera eta tailer antolatzeko lanari. “Bertako herritarrekin bestelako harremanik ere izan behar genuela pentsatu genuen”. Aurten, ekainean hainbat jarduera gauzatu dituzte ikastetxeekin elkarlanean.
Inguruko artistek bertako herritarrei euren lanak transmititzeko beste era bat planteatzen du Kalekaz Blai atalak. “Ez dute egiten soilik ikuskizunen bidez. Herritarrak, kasuotan, ez dira ikus-entzule huts”. Joan den astean, esaterako, uztailaren 9an taularatuko duten ikuskizun baten entsegu irekia egin zuten. “Ikasleekin landu zuten. Aktore zein zuzendariaren beraren lanak hartu zituzten. Era horretako lan bat zer den azaldu zieten, entseguak egin behar direla jakinarazi, lanak lekuetara egokitu behar direla azaldu. Ez baita gauza bera antzerki batean edo kalean antzeztea”.
Garrantzi handia eman diote aurten ikus-entzuleekiko interakzioari. “Formatu desberdineko lanak ekartzen saiatu gara. Baita alor estetiko edo arte proposamen askotarikoak ere”. 25 kolektibo eta konpainiak denetariko diziplinak landuko dituzte: clown-a, zirkua, erorketak, esku hartze espazialak, performancea, dantza garaikidea zein bertikala… Publikoaren eta artisten arteko harremanak lotuko dituen jaialdia abiatzear da.