Natalia Salazar Orbe
Suaren gainean dantzan. Garrek argitutako urteko gaurik laburrena. Egunaren argi izpiek ezkutatu nahi ez duteneko unea. San Joan gaua. Magiaz, festa giroz, dantzaz eta musikaz betetako ospakizuna. Zornotzan tradizio handia izan du, betidanik, San Joan suak. Eta, aspalditik, kaleko musikari lotuta egon da. Berebiziko garrantzia izan zuen, batez ere, 1913. urte inguruan. Hori dela eta, herrian musika jaialdi bat antolatzea pentsatu zutenean, argi zuten egun horri lotuta egon behar zuela. Hala jaio zen Haizetara jaialdia. Fanfarreen, banden eta kaleko musikaren nazioarteko lehiaketa. Gaur hasi eta domekara bitartean, herriko kaleak astinduko dituzte munduko hainbat txokotatik Zornotzara gerturatutako bederatzi taldek.
Berezitasunik izango du XII.ena den aurtengo jaialdiak. Antolatzaileek emakumeei eman gura izan diete protagonismorik handiena, horiek kaleko arteetan duten presentzia indartzeko eta ikusarazteko. Miriam Arrigorriaga antolakuntzako kideak eman ditu azalpenak: “Beti egon dira emakumeak bandetan, baina ez portzentaje handietan. Horri eman nahi izan diogu indarra”. Horrela, kideen erdiak baino gehiago emakumeak dira talde guztietan.
Belgika, Japonia, Frantzia, Danimarka, Erresuma Batua, Argentina, Herrialde Katalanak, Madril eta Euskal Herriko ordezkariak hartuko ditu lehiaketak. “Musika estilo anitz ekarri ditugu: fanfarreak daude, ahots musika egiten dute gehienek, swing estiloa lantzen dutenak ere baditugu…”.
Gaur 19:00etan hasi eta igandeko 13:00etara arte izango da musika jaialdiaz gozatzeko aukera. Lehiakideentzat, hiru sari aurreikusi dituzte: epaimahaikideek bandarik eta musika tresna jolerik onena aukeratuko dute, eta herritarrek ikusleen saria emango dute.
Aurten, 28 taldek eman dute izena, “ohi baino gutxiagok”. Bada horretarako arrazoirik: “Taldekideen erdiak baino gehiagok emakumeak izan behar zutelako”.
Bestalde, lehiaketatik kanpo ariko da Sound de Seca talde katalana. “Batukada taldea da. Iaz ere izena eman zuten. Batukadak ez ditugu hartzen, ordea”.
Jaialdian izango da bestelako jarduerarik ere, musika emanaldiez gain. Serbiako Guca eskualdeko Urrezko Tronpeta jaialdiari buruzko Balkaneros argazki erakusketa ikusgai dago Zelaieta zentroko erakusketa gelan. Atzo ireki zuten, eta uztailaren 7ra arte izango da han.
Bestalde, bi jam session antolatu dituzte gaurko eta biharko. Girls Band emakumez osatutako laukotea ariko da Harrison hotelaren terrazan. Elsa Lizundia saxofonista bizkaitarra izango da buru.
Jaialdia egin duten urte guztietan, oso harrera ona izan dute ikus-entzuleen aldetik. “Denak egoten dira irrikaz zein talde ekarriko ditugun jakiteko”. Ikuskizun ikusgarriak bermatuta daude. “Ez dugu ekartzen edozein. Kalean duten esperientziari begiratzen diogu asko. Ez diogu erreparatzen musikari soilik, baita eszenaratzeari ere”. Udako solstizioaren ongietorria abiatzear da.