Aupa Athletiiic!

Igor Elordui Etxebarria

Kirolzaleak garenontzat aurtengo maiatzeko egunak agurrez beterikoak izan dira (onartuko didazue oraingoan kirolari, eta bereziki Athletici, tartea egitea iritzirako diren lerrootan).

Pilotan, profesionaletan hemezortzi urte egin eta hiru txapel jantzi eta gero, Abel Barriolak takoak erantzi zituen maiatzaren 7an. Bi aste geroago, bihotzeko arazoa dela-eta pilotari profesionala izateari behin betiko utzi behar diola adierazi zuen Juan Martinez de Irujo “pilotaren iraultzaileak”, igandeko BERRIAk ezin hobeto definitu zuen bezala, hamalau urte eta beste horrenbeste txapelen ostean. Bizkaira etorrita, Amets Txurruka txirrindulari etxebarritarrak ere agur esan du (gorputzez txikia baina erraldoia esfortzuan eta ausardian, kastako txirrindulari horietako bat); besteak beste, saiatuenaren saria 2007ko Frantziako Tourrean. Eta bere kirol-ibilbideari ez baina Athletici agur esan dio 10 urtez lehoien atea gorde duen Gorka Iraizozek, Iribar eta Carmelo Cedrunen ostean partida gehien jokatu duen atezainak. Egon(go) dira segurutik agur gehiago, sona gutxiagokoak izateagatik ez meritu gutxiagokoak; pilotariak, futbolariak, txirrindulariak edota gizonak ez diren kirolariak.

Neuk ere neurri batean men egin eta, iragarri legez, futbolari, zehatzago, Athletici erreparatu gura diot bereziki. Hiru futbolariren, hiru lehoiren, hiru emakumeren agurrari; izenburuko Athletiiic horren i banari: Ibarra, Iraia eta Irune.

Eli Ibarra, Iraia Iturregi eta Irune Murua. Ezin da ulertu Athleticen historia hiru jokalari hauen ekarpena aintzat hartu barik. Hiruren artean 1.125 bider jantzi dute elastiko zuri-gorria: Eli Ibarrak, 412tan; Iraiak, 400etan —Eli bakarrik dago aurretik— eta Irune Muruak, 313tan. Ibarra eta Iturregi dira 2002an klubak emakumezkoen taldea sortu zuenetik lehian jarraitzen zuten bakarrak. Gainera, Eli Ibarra ordutik jokatutako sasoi guztietan aritu da Athleticen eta klubak irabazi dituen bost tituluetan parte hartu duen jokalari bakarra da. Iraiak eta Irunek bat gutxiago dute —Iraiak urte batean AEBetan jokatu zuelako eta Irune Muruak 2003-2004 sasoian iritsi zelako—.

Esaten den bezala, Athleticen historia bizia. Athleticek youtuben daukan kanalean ikusi nuen pasa den astean hiru jokalariek elkarrekin, Josu Urrutia presidentearekin batera, eman zuten agurreko prentsaurrekoa. Eli Ibarrak kostata ahal izan zuen prestatutako idatzi bat irakurri. Iraiak behin baino gehiagotan eten behar izan zuen bere hizketaldia eta Iruneri emozioak gainezka egin zion eta berba bakar bat ere esateko ez zen gai izan. Guztiz hunkitu nintzela aitortu behar dut. Konpromisoa, Athleticenganako maitasuna, harrotasuna… Hori dena erakutsi zuten sentimenduz beteriko agerraldian. Ikusi eta atoan bidali nien hainbat laguni wathsappez bideoaren lotura, banekien eta hedabide gehienetan ez zela, preseski, lehen lerroko izenburua izango eta, merezi arren, Athleticzale askok ez zuela egingo ikusteko aparteko ahaleginik.