Natalia Salazar Orbe
Adinez nagusi bihurtu da; heldua, erabat. Eta inoiz baino indartsuago iritsi da. Leioako XVIII. Umore Azoka erreferente bihurtu da bertako zein nazioarteko artisten artean. Horren adierazle, 50 konpainia izango dira azokan, atzo hasi eta domekara bitarte. Denera, 150 emanaldi eskainiko dituzte horiek guztiek; kalean, eta denen eskura, doan. Kaleko arte sorkuntzaren erakusleiho bilakatu da, berriz ere, Leioa. Nonahi, une oro, denetariko diziplinak nahasten dituen ikuskizunen bat aurkituko dute hara joaten direnek.
Sorkuntza artistikoaren ikuspuntutik, kalitatea eta aniztasuna dira antolatzaileek azpimarratu dituzten ezaugarriak. Hala azaldu du Ana Lopez Asensio jaialdiko zuzendari artistikoak. “Berrikuntzaren eta aniztasunaren aldeko apustua egin dugu, Leioako Umore Azokak programazio trinkoa eta kaleidoskopikoa eskaintzen duelako aldi berean, diziplina askotariko ikuskizunek eta genero askok osatutakoa”.
Denetarik taularatuko dute artista eta konpainiek: musika, bertsolaritza, magia, clown-ak, piroteknia, multimedia, txotxongiloak, automatak edota fakirismoa. Zer ikusi eta non parte hartu erabakitzeko aukera zabala eskaintzen die jaialdiak bisitariei. Modu librean egin dezakete ikuskizun edo ibilbide baten aldeko hautua; ala posible dute, baita ere, antolatzaileek proposatutako ibilbide artistikoei jarraitzea. Ibilbide horiek antolatzeko gida erabilgarriak dituzte eskura bisitariek, ikuskizunei buruzko informazio artistiko eta praktikoarekin.
Zaila da konpainia eta ikuskizun guztien artean bateren batzuk nabarmentzea. Zenbakiek agerian uzten dute azokaren tamaina: erabateko 21 estreinaldi izango dira. Euskal Herrian orain artean ikusi ez diren bederatzi ikuskizun taularatuko dituzte, eta kaleko beste bi estreinaldi aurkeztuko. Horrez gain, work in progress bat ere eramango dute Leioako kaleetara. Aukeraketa zaila izan arren, zenbait lan azpimarratu dituzte antolatzaileek.
Horien artean, Kukai dantza taldearen eta Brodas Bros Kataluniako konpainiaren Topa ikuskizuna aipatu dute. Umore Azokak berak eta Festival Sismograf de Olot delakoak ekoitzi dute, elkarlanean. Bertan, euskal dantza tradizionala eta hip-hopa uztartzen dituzte.
Antzeko estiloan eratuta dago Lekittoko Deabruak taldeak Leioan aurkeztuko duen Anabasa lana ere. Mediterraneoko correfoc delakoetan inspiratuta dago. Alegia, zezensuzkoetan. Musika eta piroteknia ikuskizuna sortu dute. Euskal tradizioen ikuspegitik begiratuta, euskal kulturarekin nahastutako lana izan da emaitza. Bestalde, Tetes de Mules ikuskizunak ere diziplina asko jorratzen ditu: Side-show delakoan inspiratuta dago. Karpa baten azpian antzerkia, zirkua eta magia erakusten ditu.
Euskal Herritik kanpoko taldeei dagokienez, Herrialde Katalanek presentzia handia hartuko dute. 11 konpainia iritsi dira bertatik. Frantzia, Uruguai, Hungaria, Suitza zein Herbehereak dituzte sorleku, besteak beste, gainerakoek.
Pudding Theatre da atzerriko konpainien artean azpimarragarrienetako bat. 17 urte daramatza lanean, ekin eta ekin. Eta ospe handia lortu du lan horri guztiari esker. Konpainia horiek guztiek orain arte estatuan ikusi ez diren zazpi ikuskizun eskainiko dituzte. Berezienetakoa Madam Kanibalek eskainiko duen antzerki, clown eta fakirismo nahasketa berritzailea izango da.
Euskal sorkuntzari, bultza
Euskal sorkuntzaren sektorerako zita garrantzitsua da Leioakoa. Hala uste du Lopez Asensiok ere: “Euskal Herri osoko artistek eta profesionalek euren agendan gorriz markatua duten jaialdia da Leioako Umore Azoka, ondoren kontratatuko dituzten profesional askoren artean euren lanak Leioan erakutsita lor dezaketen proiekzioarengatik zein beste lan batzuk ezagutzeko eta ezagutza partekatzeko aukerengatik”. Izan ere, Leioa euskal herritarrez zein atzerritarrez beteko da egunotan. Batzuek eta besteek arrazoi desberdinak izango dituzte jaialdira joateko. Batzuek zuzeneko ikuskizunez gozatuko dute. Beste batzuek euren lanak ikus-entzuleei eskaintzea izango dute helburu. Eta izango da egoera aprobetxatuko duenik ere Leioan ikusten duenetik bere azoka eta herrietara zer eraman aukeratzeko. Artistak egoera horren jakitun dira, eta aukera horri zukua atera behar diote.
Atzerriko artista ospetsuen lanak taularatzeaz gain, etxeko sortzaileei ere lekua egingo die azokak; alegia, herriko artistei. Udalerriko kolektibo artistikoek Tokiko Eszena izango dute euren lanak ezagutzera emateko. Bigarren urtez jarraian prestatu dute txoko hori. Mari Carmen Urbieta alkateak eman ditu arrazoiak: “Aukera paregabea da Leioarentzat, eta gure udalerriko sortzaileek ere erakusleiho bikain honetan parte hartzea gura dugu”. Bertako artisten sormen lanen kalitatea goraipatu du: “Leioan gure konpainien aldeko apustua egiten dugu, baina baita kalitatearen aldekoa ere, eta, zorionez, talentu izugarria duen sektore profesional eta artistikoa dugu Euskadin”.
Azoka profesionala
Arte ikuskizunen azoka bat baino gehiago da Leioakoa; ez da ikuskizun artistikoetara mugatzen. Programaren zati handi bat jarduera profesionalekin lotuta dago. Lopez Asensiok eman ditu xehetasunak: “Bere izenak adierazten duen bezala, azoka bat da Leioako Umore Azoka, artistentzako eta programatzaileentzako topalekua, bertan esperientziak partekatzeko eta joera berriak ezagutzeko. Baina, batez ere, merkatu bat da, Leioan euren programazioetarako ikuskizunak aukeratzen, akordioak ixten eta kontratuak sinatzen dituzten ehun profesional baino gehiago etorriko direlako”. Dela artista gisa, dela profesional zein ikus-entzule gisa, galdu ezineko zita dakar lau egunez Leioa herriak, antzoki erraldoi bilakaturik.