Natalia Salazar Orbe
Paper zuriaren aurrean paratu. Begirada altxatu, eta paisaiak, herri baten ohiturek zein arkitekturak erakutsi eta iradokitzen dutena interpretatu. Arnasa hartu, gozatu. Errotuladoreari, boligrafoari edo denetariko lumei heldu, eta ikusi eta sentitutakoa koadernoan islatu. Prozesu hori gauzatuko dute bihar hainbat marrazkilari eta zalek Karrantzan. Han egingo dute World Wide Sketchcrawlen Euskal Herriko topaketa. “Marrazketa maratoi” gisa definitu du 55. topaketa hori Euskal Herrian antolatzeko ardura hartu duen Gorka Belaskok. San Frantziskotik (Kalifornia, AEB) egiten duten nazioarteko deialdiari erantzuten dio Karrantzakoak. Hala, mundu osoko hainbat txokotan ariko dira, Enkarterrikoan legez, beste herri edo hiri batzuetako elementu interesgarrien marrazkiak egiten.
Enrico Casarosa italiarraren ekimenez sortu zen Sketchcrawl topaketa. Munduko hainbat herri edo hiritan taldean marraztera ateratzeko hitzorduak egiten dira. Marraztutakoa Urban Sketchers blogean jartzen dute, eta Sketchcrawl foroan iruzkinak egiten. Beraz, munduko edozein txokotan dauden marrazketa zaleak egun berean aterako dira marrazketa jardunaldi bat egitera. Mundu mailan antolatutako topaketa horiek modu lokalean gauzatzen dira herri eta hirietan. Hala, talde txikietan egiten den jarduera bat komunitate oso baten jarduera bilakatzen da.
Euskal Herria ere horren parte izango da. Marrazkilarien begiradek zabalduko dute, beraz, Karrantzaren irudia munduan barrena. Azalera handiena duen Bizkaiko herriak horretarako aukera ugari eskaintzen ditu. “Askotariko arkitektura du, garai desberdinetakoa: monumentuak, hainbat tipologiatako baserriak, indianoen etxeak, elizak eta auzo ugari. Asmoa da jendea auzoetan barrena ibiltzea, bukaeran eremuaren ikuspegi orokorra izan dezaten”.
Pozalagua kobazuloan emango diote hasiera bisitari. Munduan estalaktita eszentriko gehien daukan kobazuloa da. Hura izango da marrazketarako lehen topagunea. Leku bitxia da, ikusgarria.
Lehenago, ordea, 30 inguru lagunek osatuko duten taldearen aurkezpena egingo dute. “Talde pluralak izan ohi dira, jatorriz eta adinez”. Elorrio, Santurtzi, Bergara, Arrasate, Deba… Hainbat lekutatik bilduko dira Enkarterrira. “Handik ibar osoa ikusten da. Eta elkartuko garen leku horretatik bertatik haran osoan zehar barreiatuko gara”.
Herria bertatik bertara ezagututa, topaketek ikusmira askerako uzten duten tarteari heltzeko aukera ere izango dute marrazkilariek. “Haraneko bizitza aurki dezaten da asmoa. Abeltzaintzaren inguruan antolatutako herri bat da, baina bizirik dago. Jendeari ez diogu esaten zer marraztu behar duen”.
Edozein une baliatuko dute marrazteko. Bazkalordurako ere, denak elkartuko dira. “Elkar ezagutzen jarraitzeko eta marrazteko beste une bat izango da”.
18:00etan dute azken hitzordua, Dolomitas museoan. Antzina lantegia izan zen hura Ambasaguas auzoan dago. Eraikin berezia da, tximinia eta guzti. Goizean abiatutako abenturari bukaera biribila emateko leku ezin hobea. “Lotura du Pozalagua kobazuloarekin. Haitzuloa han zegoen harrobiak ireki zuen. Harria zartatu, eta bat-batean zulo bat atera zen. Han ateratako harria Dolomitas lantegira garraiatzen zuten, eskegita zeuden kableen bitartez. Harri hori eho, eta beharrezko tratamendua ematen zioten. Eta, gero, labe garaietan erabiltzen zituzten adreilu erregogorrak egiten zituzten”. Eraikina bera ere oso adierazgarria da. “Aztarna industrial bat da. Eta hango tresneria ere oso aproposa da marrazteko”.
Karrantza ikusteko gonbidapen paregabea deritzo Belaskok topaketari. “Astebete eman daiteke han marrazten. Askotarikoa da, oso gauza desberdinak ditu”. Duela bi urte, Balmasedan elkartu ziren. Gustura ibili ziren. “Normalean, eguna labur geratzen zaigu. Hori esanguratsua da”.
Marrazketarako aukerak irekiak dira, erabat. “Koaderno bat erabiltzen dugu, eta zuzeneko marrazkiak egiten ditugu. Teknika, prozedura eta zer margotu bakoitzak erabakitzen du”. Abantaila deritzo horri: “Paisaia berean hainbat gauza izan daitezke erakargarri, eta teknika asko baliatuta islatzen ditugu paperaren gainean”.
Bertakoak badu berezitasunik. Hiri handietan ez bezala, egun osoko jardunaldiak antolatzen dituzte Euskal Herrian. Eta leku zabalagoetan. Hirietan, bizpahiru orduko jardunaldiak egin ohi dituzte, leku zehatz batean.
Karrantza munduko leku esanguratsu eta enblematikoen pare kokatu da egunotan sarean. Horrelako topaketen deialdiak jasotzen dituen foroan azaldu da jada, eta han ariko da bolo-bolo datozen egunetan ere, ekitaldiaren ostean jarriko dituzten marrazki eta kontakizunei esker. “Karrantza eta Euskal Herria, Johannesburgo, Paris, Tokio eta halako hirien ondoan azalduko dira, munduan zehar barreiatutako deialdien ondoan”. Biharko topaketan egindako haranaren marrazkiek ere agerian utziko dute tokiaren erakargarritasuna. Horretan ere trebeak dira antolatzaileak. “Izenak, lekuak… Jakin-mina sortzen dute. Interesa pizten saiatzen gara sareen bitartez: Facebook, Instagram eta Twitter erabilita. Blogean ere jartzen ditugu. Bisita ugari izaten ditu. Leku askotatik iristen dira bisitok, gainera”.
2011n sortu zenez geroztik, ibilbide oparoa egin du Euskal Herriko Sketchcrawl taldeak. Nazioarteko deialdia urtean lau aldiz egiten dute, hiru hilean behin. Euskal Herriko taldeak, horiez gain, tarteko batzuk ere antolatzen ditu. “Taldea indartsu dagoelako”. Horiek ez dute izaten nazioarteko foroak ematen dion oihartzunik. Baina balio du harremanak sendotzeko eta gustuko duten zaletasun hori lantzeko.