Alaitz Armendariz
Publikoa kontsumitzera erakartzeko, teknologia berriak ezinbestekoak dira gaur egun. Berdin dio zein arlo izan: elikagaiak, autoak, arropa, filmak, musika… Guztiek beharrezkoa dute publizitatea arrakasta izateko, eta publizitate hori nagusiki telebista, ordenagailu eta sakelakoen bidez iristen zaigu gaur egun. Duela hamarkada batzuk, baina, ez zegoen halako baliabiderik. Filmen kasuan, trailerrak erabakigarriak dira zinemara joatea erabakitzeko orduan, baina, hainbeste pantaila ez zeuden garaietan, nola egiten zuten pelikulen publizitatea? Eskuko programen bidez.
Doan banatzen zituzten paper horiexek dira Paperezko Trailerrak erakusketaren ardatza. Bizkaiko Foru Liburutegian dagoen erakusketan, XIX. eta XX. mendeetan Bilboko zinemetako filmak iragartzeko baliatzen zituzten eskuko programak daude ikusgai. Paper horiek ikusleak erakartzeko erabiltzen zituzten, eta bertan azaltzen ziren filmaren izena, aktore nagusienak eta bestelako oinarrizko informazioa, marrazkiekin batera. Ohiko orri baten laurdeneko neurria izaten zuten. Industria zinematografikoari lotuta zeuden diseinatzaileak eta artistak arduratzen ziren paper horiek egiteaz. Gehienak ez dira ezagunak gaur egun, nahiz eta oso ekoiztetxe handientzat lan egin; besteak beste, Metro Goldwyn Mayer, Paramount, Fox eta Universal.
Ariadna Ruiz Gomez erakusketako komisarioak azaldu duenez, artista garrantzitsuenetako bat Josep Renau izan zen, gainerako guztien “aita” izan baitzen, nolabait. “Hura 36ko gerraren aurretik hasi zen kartelgintzan, eta ikurretariko bat da. Oso jakintza zabala zuen, Bilboko Arte Ederren museoko zuzendari izan zelako”. Hark eskatu zion Picassori Gernika margotzeko, 1937ko Parisko Nazioarteko Erakusketara eramateko. Espainiako Alderdi Komunistako kide zen, eta alderdi horretarako kartelak egiten zituen; gero, kartelgintza komunistaren estetika pelikuletara eraman zuen, Ruizek azaldu duenez. “Bera marrazkilaria zen, baina argi zeukan artista ere bazela, eta, horregatik, beti sinatzen zituen bere kartelak”. Komisarioaren ustez, hor dago koska: “Ez zen publizitatea bakarrik; artea ere bazen”.
Artisten kontratu “itzelak”
Egun artista horiek ezagunak izan ez arren, garai hartan eragin handia izan zuten. “Bildumagileentzat oso garrantzitsua da orduko eskuorriak edukitzea”. Fernando Albericio artistaren kasua aipatu du adibide gisa. “Ez da oso ezaguna, baina sekulako eragina izan zuen Hollywooden”. Izan ere, Alfred Hitchcock zinemagileak berak zoriondu zuen, Albericiok Psicosis filmaren Espainiako eskuorrirako egindako marrazkia “bikaina” iruditu zitzaiolako.
Zentsura ere jasaten zuten orduko eskuorrien egileek. “Atzerrian oso atsegin zituzten haien kartelak, eta zentsurarik gabe lan egin zezaketen, baina Espainian zentsurak eragin handia zuen”, argitu du Ruizek. Adibidez, Soligo marrazkilariaren kartel batean agertzen zen emakume bati bularraldea estali zioten Espainiarako prestatu zuen bertsiorako, baina Europako gainerako herrialdeetan jatorrizko marrazkia azaldu zen.
Artista horiek kontratu itzelak izaten zituzten sarritan zinema ekoiztetxe handiekin, Ruizen arabera: “Artista batek Paramountentzat bakarrik lan egin zezakeen, edo Metro Goldwyn Mayerrentzat”. Ekoiztetxeko kideek artistek irudikatutako aktoreen irudiak oso atsegin zituztelako egiten zituzten halako kontratuak. “Enpresa zehatz horren marka edo zigilu modura erabiltzen zuten horrela”. Esate baterako, Macario Ruiz Quibus MAC artistak The Ten Commandments filmerako egin zuen kartela zela eta, Charlon Heston aktoreak ezagutu egin nahi izan zuen.
Ruizek azaldu du zinemako eskuorrien “urrezko garaia” 1940ko hamarkada izan zela, baina, berez, 1920ko hamarkadan agertu zirela. “Zinema jaio zen garai hartan, eta zinemek beren burua ezagutzera eman behar zuten nola edo hala”. Bilbon “lehiakortasun” handia sortu zen zinema aretoen artean, 40 baino gehiago agertu baitziren bat-batean, eta argi zuten eskuorriak zirela herritarrengana heltzeko modurik onena, kaleetan jartzen zituzten kartelez gain. Filmaren, aktoreen eta zuzendariaren informazioaz gain, oso garrantzitsua zen eskuorrietan zinema bakoitzaren pantailen neurriak adieraztea, jendeak hori jakin nahi zuelako.
1970eko hamarkadan, irratia eta telebista agertzearekin batera, eskuorriak banatzeari utzi zioten. Dena dela, horrek ez zuen marrazkilarien lana bukatzea ekarri: kartel egileak izanda, kartelak egiten jarraitu zuten. Garai horretan hasi zen Bilboko zinemen gainbehera ere, teknologia berriak agertu zirenean. 1945etik 1970. urtera, Bilbon 44 areto egon ziren zabalik.
Bilboko handiena izateko xedearekin sortu zuten, 1916an: 3.000 ikuslerentzako tokia zuen. Bertan, antzerki, opera, zarzuela eta zirkuko antzezpen ikuskizunak egiten zituzten, baina, inauguratu eta hilabetera, zinema moduan estreinatu zuten antzokia, Falsa amistad filmarekin. 1929an soinua jarri zuen; lehenengoetarikoa izan zen. Coliseo Albia izan zen, 46 urtean, Opera Lagunen Bilboko Elkartearen (OLBE) denboraldiko agertokia, 2000. urtera arte. Eraikin horretan hotel bat eta kasino bat daude orain.
1925. urtean inauguratua, 2.000 pertsonarentzako espazioa zuen. Historian zehar, saio zinematografikoak eta Bilboko orkestra sinfonikoaren kontzertuak txandakatu zituzten bertan. Soinua 1929an ezarri zuten, baina, hasieran, areto horretara zihoan jendeak ez zuen atseginez hartu, garai hartan bikoizketa ez baitzen existitzen eta ikusleek ez baitzituzten elkarrizketak ulertzen. 1989ko irailean itxi zuten, zinemen krisiaren ondorioz.
Bilboko eraikinik dotoreena izateko diseinatu zuten XIX. mende amaieran, eta, antzokia izateko sortu zuten arren, mota askotako ikuskizunak egin dira bertan. Mugimenduko irudien lehenengo emanaldia 1886ko abuztuaren 8an egin zuten, kinetografo batekin. 1927an hasi ziren filmak proiektatzen; dena dela, antzokia gehienbat antzerkirako zenez, 1934ra arte ez zuten zinema soinudunera egokitu. 1970eko hamarkadan hasi, eta 1977an eraberritzeko itxi zuten arte, jarduera zinematografikoko aldirik oparoena izan zen bertan.
1913an eraikia, Bilboko jende dotoreena erakarri nahi zuen Colon de Larreategi kaleko antzokiak, eta hala adierazi zuten tokiko komunikabideek. Kinemacolor gailua erabili zuen inguruko lehen zinema izan zen. Proiekzio zinematografikoak eta antzerkikoak tartekatzen zituzten. Enpresa errentagarria zenez, 1940ko hamarkadaren hasieran jabeek Trueba SA de Espectaculos enpresa sortu zuten. Publikoa fidelizatzeko helburuarekin, abonamenduak eskaini zituzten.
Arriaga antzokia bezala, antzerki eta musika emanaldietarako eraiki zuten 1902an, baina beste mota batzuetako ikuskizunak ere antolatzen zituzten bertan, filmen emanaldiak barne. 1977an, monumentu historiko-artistiko izendatu zuten. Lehenengo proiekzioak 1915ean hasi zituzten, minutu gutxi irauten zuten filmekin, eta antzerki emanaldietako atsedenaldietan jendea entretenitzeko jartzen zituzten. 36ko gerra arte, erakusten zituzten filmek herri izaera zuten, historikoa eta abenturazkoa.
Manuel Allende kaleko antzokia zinemarako eta antzerkirako diseinatu zuten, eta 1943an inauguratu. 1955etik aurrera, Bilboko zinema garrantzitsuenetako bat bilakatu zen, Cinemascope ezarri zuen lehena izan zelako. 2002an itxi zuten, eta orain gimnasio bat dago bertan.