Aitziber Laskibar Lizarribar
Bizkaiko hiriburua eta Euskal Herriko hiri handiena. 350.000 biztanle inguru dituena. Agerikoa da hiri izaera Bilboko kaleetan, hiritarren presazko ibileran eta bizimoduan oro har. Baita kontsumitzeko moduan eta elikaduran ere. Denda txikiak egon badauden arren, multinazional erraldoien menpeko saltokiak dira nagusi. Horiek merkaturatzen dituzten elikagaiak kontsumitzen dituzte gehienek, horiei buruzko informaziorik ia izan gabe. Non eta nola ekoitziak izan diren, pestizidarik ba ote duten, transgenikoak ote diren jakin gabe. Baina gehiago, merkeago eta kalitateari begiratu gabe kontsumitzeko joera bazterrean uzteko bidea egiten ari direnak gero eta gehiago dira. Gero eta gehiago, jatorriaren eta ekoizpen moduaren berri jakin nahi dutenak, tokikoaren eta ekologikoaren alde egiten dutenak.
Bilbon gehitzen eta hazten ari diren kontsumo taldeak dira horren adibide. Dozena bat inguru daude egun hiriburuan. Ia auzo guztietan. Bi ere bai zenbaitetan. Handiagoak batzuk, txikiagoak besteak. Inguruko baserrietako baratzeetatik zuzenean datozen barazkiz betetako saskiak banatzera mugatzen direnak gehienak, bestelako produktuak ere badituzten handiagoak, pare bat. Baina guztiek dute ezaugarri komun bat: tokiko produktu ekologikoen aldeko apustua. Gehienek, saskia astean behin pare bat orduko tartean hartzeko aukera ematen dute.
Elikadura burujabetzaren bidean urrats gehiago egin zitezkeela sinetsita, proiektu handizaleago bati begira jarri zen bilbotar talde bat duela pare bat urte. Tokiko produktuak eta ekologikoak eskuragarriago egon zitezkeela amesten hasi ziren. Irudikatzen, eta proiektu zehatza lantzen: tokiko elikagai osasungarriak prezio herrikoietan saldu eta erosi ahal izateko proiektua marrazten; denda itxura izango zuen kontsumo kooperatiba lantzen. Eta pare bat urteko lanaren ondoren, mahai gainean jarri dute proposamen zehatza: Labore.
Tokiko nekazari eta ekoizleekin harremanean jarri, eta agroekologiaren bidean dauden produktoreen sarea osatzen ari da taldea. Euskal Herriko ekoizleei eman diete erabateko lehentasuna. Baina ahal den neurrian. “Badakigu produktu batzuk ez ditugula hemen bertan”. Kafea edo banana ekologikoa dira adibide. Kasu horietan, ahalik eta gertuena dauden ekoizleengana joko dute, ekologiaren bideari eusten dietenengana, eta harreman sozial justuetan oinarritzen direnengana.
Nekazari eta ekoizleekiko harreman justua dute beste lehentasunetako bat. Kapitalismoaren dinamikak eraginda debaluatua dagoen nekazarien lana duintzea hartu dute helburu, eta, horretarako, dozena bat baserritar proiektuaren talde sustatzailean sartu dira. “Eurek dakite ondoen zein den produktu baten truke ordaindu beharreko prezio justua”. Salerosketetarako irizpideak ezartzeko giltzarri izango dira.
Agroekologia berpiztera
Agroekologiari dagokionez, ekoizpen modu hori sustatu nahi du Laborek; oso murriztua dagoen eredua berreskuratu. Horretako, produktu ekologikoak ekoizteko bidea hartzen duten nekazariei bultzada emango die.
Horrekin guztiarekin, natura zainduko duen bestelako ekoizpen eredura itzultzea lortu nahi du proiektuak; tokian bertan produktu ekologikoak ekoitziko dituztenen sare bat sortu, eta elikadura burujabetzaren bidean urratsa egitea. Horretarako, ordea, ekoitzitakoa kontsumituko duten bezeroak behar dira, eta horixe ziurtatu nahi du Laborek. Herritarrengan kontsumitzeko modua eraldatzea errazteko bidea sustraitu.
Horretara doa urrian zabalduko duten kontsumo kooperatibaren denda. Ehunka kontsumitzaile ziurtatzera, eta horiei tokiko produktu ekologikoak ohi baino merkeago eskaintzera. Talde handia izateak eta ekoizleekin bitartekaririk gabe lan egiteak ahalbidetuko du hori. Izan ere, gaur egungo produkzio sisteman, produktuengatik ordaintzen den prezioaren %85etik gora supermerkatu eta kate bitartekarientzat izaten da, eta %15 inguru nekazarientzat. Laborek irauli egin nahi ditu ehuneko horiek: salmentatik eskuratutako ia diru guztia ekoizleei ordaintzeko asmoa du, dendaren mantenurako behar dena kenduta.