Esfortzuaren saria ezagutaraziz

Esfortzuaren saria ezagutaraziz

Natalia Salazar Orbe

Itsasoaren erdi-erdian paraturik. Alde guztietara begiratu, eta uraren eta zeruaren urdintasuna besterik ez da ageri. Eta, ozeano zabal horren erdigunean, itsasontzi bat. Ingurumenaren edertasuna eta bortizkeria, aurrez aurre. Gizakiaren esfortzua, hobetzeko nahia eta talde lana erreminta bakartzat hartuta, aurrera doaz ontzia eta tripulazioa. Balio horiek agerian geratuko dira, beste urtebetez, Bilbon egiten ari diren Sail In Festival jaialdian. Atzo abiatu zen, eta, domekara bitartean, hainbat film, hizketaldi, erakusketa eta eskola magistral izango dira, besteak beste, hiriburuko hainbat gunetan.

Era horretako IV. jaialdia da aurtengoa. Gai jakin bat ez duela azaldu du haren zuzendari Urtzi Sagarribaik. “Denetarik dago: ez dago bideratuta gai bakar batera. Lehiaketa eta estropada asko ikusi ahalko ditugu”. Nahita izan ez bada ere, aldarrikapenerako jaialdia prestatu dute.

Emakumeek ohi baino askoz leku handiagoa hartu dute Sail In Festival jaialdian; itsasoan nora-ezean ari diren errefuxiatuen egoera gordinaz mintzatuko dira, eta aztergai izango dituzte plastikoek itsasoetan sortzen dituzten arazo eta kalteak. “Interesgarri deritzogu era horretako gaiei heltzeari, bela bidezko nabigazioa beste era batera ikus dadin. Gure jarduera aberaskumeekin lotu ohi da. Honek lagun dezake ikusarazten beste ikuspuntu bat duela”.

Hiriko hainbat gunek hartuko dituzte dagoeneko Bilbon finkatuta dagoen ekitaldiko jarduerak. BBK aretoak Sail In Films filmen emanaldiak hartuko ditu. Abentura, lehiaketa eta hezkuntza ardatz dituzten filmak, film laburrak eta dokumentalak ikusi ahalko dira han. Aurten hainbat estreinaldi izango dituzte, gainera.

Protagonistekin hizketan

Filmotako protagonistetako asko aretora bertara joango dira. Ikus-entzuleek euren ahotik entzun ahalko dituzte haiek bizitako esperientziak. Sail In Talks atala prestatu dute horretarako. Halako proiektuak zelan prestatu eta garatzen diren bertatik bertara jakiteko aukera paregabea.

Alor horretan, berritasunak izango dituzte aurten. Haurrentzako jarduera hezitzaile bat antolatu dute. Lau ikastetxetako Lehen Hezkuntzako ikasleentzat propio prestatutako saio berezi batean, belaren jarduerak eskaintzen dituen balioak ezagutaraziko dizkiete, eta elkarrekin landuko dituzte.

Elkartasun balioak dira, bereziki, txikienekin landuko dituztenak. Barcelona World Race lehiaketan ari diren Ana Corvella eta Gerard Martin nabigatzaileek Vicente Ferrerren fundazioko neskatxa batzuk ezagutu zituzten munduari bira ematen ari zirela. Entzumen arazoak zituzten neskok. Lasterketa bukatu zutenean, fundaziora jo zuten, eta audifonoak eraman zizkieten. Nabigatzaileak eurak presente izango dira Bilbon. “Kontatuko dute zer nolako harremana egin zuten haiekin Indian, eta nola lasterketa bukatzean lortu zuten diruarekin hara itzuli ziren talde hari laguntzera”.

Emakumeen esperientzia

Gaurko beste saio batean, itsasontziz munduari bira eman dioten emakumeen lekukotasunak hartuko dituzte. Zehatzago, Tracy Edwards ingelesak bere esperientzia kontatuko du. 1990ean egin zuen Whitbread Round the World Yacht Race. 27 urte zituela, ontzian beste 11 nabigatzaile hartu —denak ziren emakumeak—, eta 32.000 miliako bidaian barrena murgildu ziren. Burmuina muskuluak baino garrantzitsuagoa dela sinetsita dago Edwards bera. Maiden itsasontziarekin historia egin zuten emakumeok. Lasterketako etapetako bi irabazi zituzten, eta bere klasekoen artean bigarren sailkatu ziren.

Era horretako probetan emakumeen presentzia areagotzeko lanean ari dira hainbat lasterketaren antolatzaileak. “Nabigatzaile gisa oso onak direla ikusten da; baina zailtasun gehiago aurkitzen dute mundu horretara iristeko. Esperientzia handia behar da halako probak egiteko. Aukerarik ez baduzu hor egoteko, ez daukazu esperientziarik. Beraz, espiral bat da: esperientziarik ez duzunez, ez zatoz, eta, ez zatozenez, ezin duzu esperientziarik hartu”.

Gaurkotasun handia duten krisi humanitarioak ere ez dituzte utzi gura izan alde batera. Mediterraneoan noraezean dauden errefuxiatuei leku egingo diete igandean. Itsasoaren eta nabigazioaren zale gisa, jaialdia ezin zen geratu arazo horren aurrean ezer egin gabe. “Gu itsasoan ari gara, bai. Baina han jendea itotzen ari da”. Egoera horren aurrean, pertsona horiei laguntzen ari diren gonbidatu batzuk izango dituzte. Guillermo Cañardo mediku eta nabigatzailea eta Oscar Camps Proactiva Open Arms gobernuz kanpoko erakundeko zuzendaria ariko dira han. Saio horretan ateratzen duten dirua GKE horri emango diote.

Bestalde, plastikoaren erabilerak itsasoan dituen ondorioak azalaraziko ditu Across the Salty Peaks filmak. “Plastikozko oso partikula txikiak dira, baina itsasoa horiez beteta dago. Hori zabaldu behar dugu jendeak ikusteko plastikoa gero eta gutxiago erabili behar dela. Ibaien bidez itsasora joaten dira, eta hori oso arazo larria da”.

Argazki ikusgarriekin osatuko dute jaialdia: Sail In Photos sailarekin, hain zuzen. Hiriko hainbat gune erakusketon agerleku bilakatu dira.

Omenaldia aitzindari bati

Mike Birch izango da aurten Sail In Film jaialdiko protagonista nagusia. Hari egingo diote omenaldia. Lehenengo Ronaren Itsasbidearen irabazlea izan zen, 1978an. Bela nabigazioaren legendatzat dute. Horrez gain, aitzindaria izan zen gaur egun ontzi horiekin egiten diren lehiaketa guztietan erabiltzen diren krosko anitzeko belaontziak erabiltzen. “1970eko hamarkadan iraultza hasi zuen krosko anitzeko ontziekin. Garai hartan konturatu zen belaren munduan askoz azkarrago ibiltzeko aukera emango zutela. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu hari omenaldia egitea. Eta espresuki etorriko da Kanadatik Bilbora”.

Sail In Festival belan interesa duen jendearentzat egina dago. “Baina ez horientzat bakarrik: abenturazko istorioak gustatzen zaizkienei eta naturan ibiltzea gustuko dutenei zabaldu nahi dizkiegu gure emanaldiak. Istorioak kontatzen saiatzen gara. Asmoa ez da estropada bat zelakoa den kontatzea. Horren atzean nolako istorioa dagoen erakusten dugu gurean”. Dena itsasoaren eskutik, eta hura babestuz.

Egitaraua

Gaur
11:00etan. Ikastetxeentzako saioak. Ana Corbella eta Gerard Marinekin. BBK aretoan.
17:00etan. Film emanaldia: Across the Salty Peaks, Hard ship eta Sea gypsies.
19:30ean. Film emanaldia eta hizketaldia: The maiden voyage eta Journey of change. Han izango dira Tracy Edwards, Abby Ehler eta Alicia Ageno.

Bihar
12:00etan. Sail In Class, Didac Costaren eskutik. Itsas Museoan.
17:00etan. Film emanaldiak eta hizketaldia protagonistekin: Le piano de la lady Flow, The man who sails the stars eta Latitud 80º N. Albert Bargues, Guille Cascante, Javier Arguello eta Kenneth Perdigon. BBK aretoan.
19:30ean. Omenaldia Mike Birchi. Christian Fevrier. L’oeil Marin eta Mike Birch, Le Cow-boy des mer filmen emanaldia. Birch eta Fervier izango dira BBK aretoan egingo duten saio horretan.

Igandean
12:00etan. Sail In Class: nabigazio modernoari buruzko tailerra, Gonzalo Infanteren eskutik. Itsas Museoan. Izena eman behar da.
17:00etan. Film emanaldia, protagonistekin: Guirec soude et sa poule Monique eta La ultima aventura del gandul. BBK aretoan.
19:30ean. Bon voyage eta Astral. Guillermo Cañardo, Oscar Camps eta Iñigo Mijangosekin. BBK aretoan.

Erakusketak
Hiru erakusketa daude ikusgai: Maria Muiñarena, metroaren zenbait geltokitan; Beken of Cowes, Uribitarten; eta Mirabaud Yatch Racing Image 2016, BBK aretoan.