Natalia Salazar Orbe
V. Berdeago Azoka bigarren asteburuari ekiteko prest dago. Berdeago Nature abiatuko dute gaur: kontsumo ekologikoarekin eta kontsumo naturalarekin lotutako 50 enpresa baino gehiago izango dira azokan. Elikadura, kosmetika, eskulangintza eta garapen iraunkorraren araberako moda landuko dituzte, besteak beste.
Klima aldaketa, kutsadura, goseteak… Gaur egungo kontsumo eta bizitzeko eraren ondorio zuzenak dira. Denen eta norberaren esku dago, egunerokotasunetik hasita, aldaketarako hazia ereitea. Zaila da, sarri asko, keinu txikiek zenbaterainoko aldaketak eragin ditzaketen ohartzea. Zeintzuk ohitura aldatu behar diren jakitea ere ez da lan erraza, eguneroko bizitza erritmo azkarrak kontuan hartuta. Erantzukizun handiagoa duten erakundeen eginbeharra alde batera utzi gabe, bada-eta norbere egunerokoan alda daitekeen ohiturarik. Bide hori errazte aldera, eten bat egin, eta hausnarketarako zein ezagutzarako tarte bat zabaldu du aurten, berriz ere, Berdeago Azokak, Durangon. Joan den asteburuan hasi zuten, baina gaurko, biharko eta etziko ere hainbat jarduera prestatu dituzte. Juan Zubiaurre da zuzendaria: “Ezinbestekoa da gure ekintza bakoitzaren ondorioez ohartzea. Kontsumitzen dugunaren jatorrian, prozesuan eta bestelakoetan pentsatzea. Informazio horretan interesa eta ardura izatea”.
Berritasunekin dator V. Berdeago Azoka. Nagusia, bi asteburutara luzatu izana da. Aurrekoan Berdeago Energy egin zuten, eta, gaur, Berdeago Nature zabalduko dute. Ekologiarekin lotutako esparru anitzentzako bi espazio bereizi sortzearen beharrizana ikusi dutelako antolatu dute era horretan: “Iaz, elikadura eta produktu ekologikoak lantzen zituzten hainbat enpresak agertu zuten azokara etortzeko nahia. Hala ere, gurea enpresak ardatz dituen azoka bat zen. Bi produktuok ez nahastearren, ez genien etortzeko aukerarik eman”. Produktu ekologikoen azoka ugari dago, eta, gehienetan, bi mundu horiek nahastu egiten dira. “Guk ez genuen elkarren ondoan ikusten gazta saltzen eta isolamendu energetikoa lantzen dituzten erakusleak “. Hala ere, jakitun ziren bisitariek bestelako produktu eskuragarriak nahi zituztela. Halaxe sortu zuten Berdeago Nature.
Berdeago Energyk eraginkortasun energetikoa, mugikortasun iraunkorra eta zaborren kudeaketa landu zituen joan den astean. 8.700 bisitari izan ziren. Tesla autoa, lastozko etxeak, kondentsazio galdarak eta geotermia eta aerotermia sistemak izan zuten, bereziki, arrakasta handiena. Asteburu honetan, elikadura, kosmetika eta higiene ekologiko eta naturala, garapen iraunkorraren araberako moda, terapia alternatiboak eta artisautza izango dira nagusi.
Alde teorikoa eta praktikoa
Hitz Berdea eta Zirkulo Berdea guneetan bereizita, teoria eta praktika eskainiko ditu azokak. Hitzaldi sorta bat prestatu dute lehenengorako. Biztanleria kontzientziatzeko rol garrantzitsu bat jokatzen du oraindik Berdeago Euskal Ingurugiro Iraunkortasun azokaren plan ludiko-didaktikoan. Eta ondoko gaiok landuko dituzte: uraren garrantzia osasunean; elikadura eta laborantza ekologikoa; kosmetika ekologiko eta naturalaren onurak; eta plastikorik gabe bizitzeko iradokizunak.
Azokak iraungo duen sei egunetan, 32 hizlari arituko dira azokako agertokian. Hizlariok, berriz, ingurumen iraunkorraren inguruko esperientziak, ezagutzak eta ikuspuntuak entzuleekin partekatuko dituzten ordezkari publiko, ekintzaile berde, elkarte eta pertsona anonimoak dira.
Zirkulo Berdeak, bestalde, tailerrak planteatuko ditu. Aktiboki parte hartu eta ikasteko gunea da. “Jarduera praktikoagoak izango dira. Esaterako, garagardo artisauaren dastatze bat antolatu dugu, eta argindarraren faktura ulertu eta horretan aurrezteko gakoak emango ditu Goiener energia kooperatibak, besteak beste”.
Denetariko bisitarientzako izango da zabalik azoka. “Nerabe, heldu, adineko, langile, langabeentzako… Naturarekin konpromiso handia dutenentzat zein oraindik ez dutenentzat. Guztiak izango dira ondo etorriak”.
Umeentzako ludoteka
Etxeko txikienentzako eremu bat ere gorde dute azokan. Arratsaldero jarduera interesgarriak gauzatu ahal izateko, ludoteka bat ere prestatu dute haientzat.
Eta, aurten, lehenengoz, janari eta edari natural eta ekologikoak izango dira dastagai. Landako Gunera hainbat foodtruck agertuko dira hiru egunetan.
Urtez urte indarra hartuz joan da Berdeago. 2012an abiatu zuen ibilbidea. Urte horretan, bi eguneko azoka antolatu zuten. “Orduko hartan, 30 enpresa egon ziren, eta 6.000 bisitari gerturatu. Aurten, 110 enpresa elkartu dira, bi asteburura luzatu dugu, eta espero dugu gainditzea iaz izan ziren bisitarien marka (11.500)”.
Hitzaldi eta jarduera praktikoez gain, Gutik zura pelikula emango dute, Film Berdea atalean. “Egurraren eta euskal gizon-emakumeen arteko harremanaren iraganari, orainari eta etorkizunari begiratzen dio”. Mari Jose Barriolak zuzendu du, Jon Maiaren eta Juantxo Sardonen laguntzarekin. Dokumentalak basoarekin lotutako hainbat pertsonaren eta adituren iruzkinak jasotzen ditu. Plateruena kafe antzokian egin dute domekarako hitzordua.
Kontzientziazioa ardatz
Biztanleria kontzientziatu, eta ingurumen iraunkortasunaren inguruan merkatuan dauden aukera askotarikoak ezagutaraztea du helburu. “Aukera asko dago ingurugiroarekiko errespetua duten elikagai, jantzi eta eguneroko produktuak kontsumitzeko eta erabiltzeko. Aukera zabal horien berri emateko bozgorailu izan nahi dugu, ozen esateko beste era batera aritzeko modua badela eta beharrezko bilakatzen ari dela”.
Izan, sentitu da indartuta iritsi den aurtengo Berdeago azokaren leloa. “Gelditzeko deia egiten dugu. Indarberritu eta ekintzarako garaia dela sentitzeko. Ingurugiroaren alde egiteko”.