Oihana Cabello
Hondotik azalera, denok batera. Bou Sarea izeneko anezka sortu dute Busturialdean, langabeei lana bilatzen laguntzeko. Gizarte berrikuntzarako programak garatu dituzte, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Ezkerraldean, Nerbioi Ibaizabalen, Uribe Kostan, Meatzaldean, Durangaldean eta Busturialdean sortu dira taldeak.
Oiane Luna koordinatzailearen gidaritzapean, Bermeoko Behargintza zentroan batzen da Busturialdeko taldea. Azaroaren 3an egin zuten aurkezpena, eta guztira hamalau pertsona batu ziren. Oraintxe, baina, hamabi laguneko taldea da Busturialdekoa, bi pertsona lanean hasi direlako. “Hemen, lana bilatzen dugu, denen artean, eta horretarako konpetentziak garatu. Horrez gain, ateratzen diren lan eskaintzetara aurkezteko prestatzen gara”, azaldu du Lunak.
Adin eta profil ezberdinetako pertsonak batu dira Busturialdeko lan taldean. “Orain arte, gehienbat, taldea antolatzean jarri dugu arreta, elkarrekin lan egitera ohitzen”, dio Lunak. “Pertsona heterogeneoak gara, eta bakoitzak formakuntza bat du. Gazteenak 23 urte zituen, eta Londresera joan da lan egitera. 50 urtetik gorakoak ere badaude taldean. Horregatik, elkarrekin lan egitera ohitzea izan da lehen egin beharrekoa”.
Lanik gabe, taldean parte hartzea erabaki duten bi kide dira Jesus Jodar eta Monika Kapanaga. Hasieran, “apur bat galduta” zeudela aitortu dute. “Autoezagutza eta autoestimua lantzeko saioak egin genituen hasieran, bakoitza nolakoa den eta zein balore dituen identifikatzeko. Programaren oinarria hori da, baina, hasiera batean, ez nuen oso argi ikusten zertarako balioko zidan horrek niri”.
Programaren koordinatzaileak azaldu du parte hartzaileek zerbait “anbiguo” legez hartzen dituztela lehen hilabeteetako saio horiek. “Gogorra egiten zaie, batzuek hasiera-hasieratik curriculuma landu, aztertu eta hobetu nahi izaten dutelako. Baina hori aurrerago lantzen den zerbait da, programaren bigarren hilabetean. Gurea ez da ikastaro bat, gizarte berrikuntzarako programa bat baizik”, zehaztu du Oiane Lunak.
Enpresetan aurkeztu
Programa hasi zenetik hiru hilabete joan dira, eta elkarrekin egin duten bidearen balorazio positiboa egin dute. Kapanagaren esanetan, nork bere erritmoa duen arren, talde gisa egin behar dute aurrera. Orain, hiru departamentu sortu, eta horietan banatuta daude: komunikabideak eta sare sozialak, pertsonen garapena eta ekitaldiak. Lanpetuta daudela dio Kapanagak: “Nork bere zeregina du, eta argi daukagu nora heldu nahi dugun”.
Lana bilatzeko ekinean ari dira egunero, baina Bizkaian dauden beste taldeekin solidarioak ere izan behar dute. “Departamentuetan lan merkatura sartzeko egin beharrekoak lantzen ditugu, baina lan eskaintza baten berri izanez gero, Bizkaiko gainontzeko taldeekin konpartitu behar dugu”, azaldu dute.
Enpresetan aurkezteko esku orriak prestatzen ai dira, gainera. Bou Sarea osatzen duten pertsonen profilak jasoko dituzte esku orri horiek, Bou Sarea bera zer den aurkeztuko du, eta haiekin nola harremanetan jarri ere azalduko du. Blog bat ere badute, www.lanzaderasdeempleo.es atariaren baitan.
Euren profil profesionala aurkezteaz gain, Lunak dio garrantzitsua dela nork bere hautagaitza aurkeztea. Zein enpresatan lan egin nahiko lukeen aukeratu, eta dituen hutsuneetatik zein eta nola bete dezakeen definitu.
Beldurra kendu beharra
Beldurra aipatu du Bou Sareko kide den Jesus Mari Zelaiak, eta beldur hori kentzea beste biderik ez dagoela aurrera egiteko, geldiarazi egiten zaituelako. Adinez, taldeko nagusienetakoa da Zelaia. Eskarmentu handikoa, enpresa handientzako lan egin du. Hala ere, gaur egun langabezian dago. “Beldurtuz gero, ez dugu lanik aurkituko sekula. Eta beldur hori kentzeko ideia hau, programa hau, primerakoa da”, dio.
Giza baliabideetako departamentuetan ardurak izan ditu Zelaiak, eta jende mota askorekin lan egitera ohituta dago. “Programa hau izugarria da ikasketak dituztenentzat, ez dituztenentzat, ekimena dutenentzat edo ez dutenentzat… Hemen lantzen ditugun dinamikak barneratu eta enpresatan aplikatuz gero, oso ondo baloratuko dituzte”.
Bere esperientziatik, Zelaiak ere asko lagundu izan dio taldeari, eta laguntza hori eskainiz, bere arloan berrituz joateko baliagarria izan zaiola aitortu du. Bou Sarean jendea konfort gunetik kanpora dagoela dio, langabezian, deseroso, eta lanerako gaitasunak lantzen ari direla. “Ekimena hartzen ari dira, eta beren ikuspuntua azaltzeko gai dira. Enpresa askok hori lortu nahi izaten dute”, adierazi du.