Natalia Salazar Orbe
Zein da argazkiko emakumea? Non dago? Zeri begira? Zeini begira? Zer ote du gogoan? Zer egin du justu argazkia atera aurretik? Zer egin du justu argazkia atera ondoren? (…)” Danele Sarriugarte idazle eta itzultzaileari Maria Concepcion, argazkilariaren alaba lanak sortzen dizkion galderak dira; argazkiko emakumeari begira jarri, eta hausnarketa sakon batek iradokitakoak. “Zer dela eta aukeratu du Eulalia Abaituak? Nola ezagutu zuten elkar?” Garaiari erreparatutako galderak ere sorrarazi dizkio. Eta hala helarazi dizkie irakurleei: “Zer giza osagai behar da garai horretan emakume izan eta erretrata zaitzaten? Zer giza osagai behar da garai horretan emakume izan eta erretratatzeko? (…) Zer uste duzu zuk, irakurle?”
Emakume baten ikusmirak jasotako hamasei argazkiren bilduma osatu du Euskal Museoak; beste hamasei emakumek irudiok iradokitako pentsamenduak eta sentimenduak gaur egunera ekarri dituzte. Horixe jasotzen du Estereoskopiak: 16+16 erakusketak. Bi eduki bat eginez osatu dute lagina. Eulalia Abaitua Euskal Herriko lehen emakume argazkilariak (Bilbo 1853-1943) ateratako argazkiak, batetik. Eta hark jasotakoei begiratuta, gaur egungo beste hamasei emakumek egindako hausnarketak, bestetik.
Duela ia ehun urteko egunerokoaren ondarea iritsi da gaur egunera, Abaituari esker. Iraganari buruzko ia begirada guztiak gizonen ikusmiratik aterata iristen dira, gehienetan. Gainera, sarri asko, begirada horien bidez historiako pasarte garrantzitsuak edo gertakari historiko handiak besterik ez dira islatzen. Horien bidez, ordea, zaila da arbasoen egunerokoari, haien lanari, esfortzuari eta aisialdiari buruzko daturik eskuratzea.
Protagonista ezezagunak
Eulalia Abaituaren lanak horixe eskaintzen du. Eta Euskal Museoak apustu egin du XX. mendearen hasierako pertsona ezezagunen keinuok jasotzeko. Harrituta begiratzen diote askok kamerari. Eta kamera horrek atzean zuen emakumeak begirada berezia eman zien. Horri guzti horri formatu bitxia eman diote museoan, ohikoarekin hautsita. Hiru dimentsiotan ikusteko argazkiak paratu dituzte hormetan. Erakusgai jarri dituztenak anaglifo kopiak dira. Alegia, erliebezko irudiak retro argiztatutako pantailen barruan erreproduzitzeko teknika baliatu dute. Hiru dimentsioko irudiok ikusteko, betaurreko bereziak erabili behar ditu bisitariak.
Hamasei idazleek ere betaurrekook jantzita osatu dituzte argazkien kontaketak. Irakurketok ez dituzte jaso idatziz. Bisitariak ez ditu aurkituko argazkien ondoan. Emakume baten ahotsean entzungo ditu, audiogiden bidez. Ahots bera erabili dute irakurketa guztiak ozen azaltzeko. Bakar bat da desberdina: Uxue Alberdiren hausnarketa. Egilearen beraren ahotsean kantatutako koplen bidez jarri dio musika Atsoa argazkiari.
Sarriugartez eta Alberdiz gain, ondoko beste hamalau emakume hauek jarri dizkiete berbak irudiei: Katixa Agirrek, Aurelia Arkotxak, Yolanda Arrietak, Leire Bilbaok, Itxaro Bordak, Tere Irastorzak, Karmele Jaiok, Mariasun Landak, Miren Agur Meabek, Laura Mintegik, Lourdes Oñederrak, Eider Rodriguezek, Ana Urkizak eta Arantxa Urretabizkaiak.
Erakusketa ikusteko ibilbide finkorik ez dago zehaztuta. Gerturatzen denak nahi duen norabidean abia dezake XX. mende hasierarako bidaia.
Ikusle ugari erakartzen ari da eskaintza bitxia. Museoak Eulalia Abaituari erakusketa bat eskaintzen dion zazpigarren aldia da ondokoa. Eta, hala ere, askok ezagutu ere ez du egiten Euskal Herriko lehen emakume argazkilaria izan zena. Formatuaren bitxikeriak harrapatu egiten ditu haur eta helduak. Begi batean kolore urdina eta bestean gorria duten betaurrekoak jantzi, eta, argazkietako pertsonak gerturatzen ikusita, irribarre urduriak ateratzen zaizkie iraganeko irudien ordez efektu bereziak ikustera ohituta dauden gazteei ere.
Hausnarketarako tartea
Deskribapen hutsak zein interpretazio eta irakurketa sakonak egin dituzte idazleek. Eider Rodriguezek eman dio azalpena Lurra lantzen laiekin argazkiari, eta gaur egungo egoerarekin ere parekatu du laian ari den taldeak iradokitzen diona. Gizon eta emakumeak ari dira bi ziriak lurrean sartu, oinarekin zanpatu eta soroaren barrunbeak ukitu ostean lurra altxatu eta biziberritzen. Denak elkarrekin. “Gu ez gara aldizkari femeninoetan agertzen den mundu murritz horretan kabitzen, ez gara txapeldunari lore sorta emateaz edo balkoiko geranioak ureztatzeaz arduratzen garenak, geure lur eremua loreontzi baten azalera baino askoz handiagoa baita, begira bestela lurraren izerdia gure besapeetan behera korritzen, errekatan, ur jauzietan”. Emakumeen egitekoak eta egunerokoak askotan zabaldu nahi diren estereotipoez harago doazela azaldu du hala. Ez gaur egun soilik; iraganean ere, oraindik aitortu ez zaizkien lan ugari eta nekezak egiten zituztela emakumeek. Abaituak irudiz jaso zuena berbaz azaldu du Rodriguezek.
Bi emakume errekan ageri dira beste batean. Haitzen gainean jarrita: bata, oihalez betetako otzara bat buru gainean duela, zutik; bestea, makurtuta, ura hartzeko itxuran. Gizonak protagonista dituen irudirik ere badago. Peoiak eremu basogabetu batean beharrean lana da horren eredu bat. Beharginak lanean ageri dira. Batzuk geldi, Abaituaren kamerari begira, harrituta. Itxuraz eraikitzen ari diren bidea gaur egungo herritarrek zapaltzen dutena balitekeela pentsaraztera bultzatzen du bisitaria Katixa Agirrek.
Idazleak aitzindaritzat ditu protagonistak. Bai beharginak eurak, bai Eulalia Abaitua. Argazkilariak merezi duen protagonismoa aitortu aldera, haren bizitza markatu zuten Bilboko lekuetan barrena ibiltzeko bisita gidatua antolatu du museoak, biharko. 11:30ean abiatuko da Eulalia Abaituaren Errepublika independentea, Begoñako katedraletik.
Argazkiek gaur egun sortzen duten jakin-mina nagusi da irakurketetako askotan. Hala transmititzen diote hausnarketek bisitariei ere. Nortzuk ote ziren, zehatz, Eulalia Abaituak erretratatu zituen protagonistok? Zergatik eta nola aukeratu zituen? Egindako argazkien kopiarik eramango ote zuten etxera? Argazkirako jarrita daude denak, ala batzuk benetan harrapatu zituen eguneroko eginbeharretan? Eta argazkiaren ostean, zer? Zer-nolakoa zen garai hartan bizitzea? Iragan hark sortu du gaur egungo ondarea; eta etorkizunekoa eraikitzeko bidea ere bada. Hausnarketarako eta gozamenerako irudi sorta zain izango du orok, martxora bitartean.