Alaitz Armendariz
Eraiki dute jada Getxoko portuko itsas-bidaia ontzi handietarako terminal berria, eta apirilean izango da erabiltzeko moduan. Portuko bigarrena izango da. Azpiegitura berri horren helburua itsas-bidaia ontziei eskaintzen zaizkien zerbitzuak “hobetzea” da, baita “bidaiarientzako irisgarritasuna eta ekipajeen kudeaketa” arintzea ere. Aurreikuspenen arabera, 50 egun ingurutan erabiliko dute terminal berria itsas-bidaia ontziek aurten. Baina gehiagotan erabiltzea da Bilboko Portuko arduradunen xedea. Horretarako, Getxoko Udalak eta Bilboko Portuak elkarrizketak hasi dituzte, herritarrek ere instalazioak alokatu eta eremu hori beste erabilera batzuetarako baliatzeko aukera izan dezaten.
Bilboko Portuaren Agintaritzaren arabera, Getxora iristen diren bidaiariak eraikin “moderno, dinamiko eta atsegin batera” helduko dira; “jasotzen dituen gizartea bezalakoa izango da”. Arduradunek diotenez, eraikina Europako terminalen “abangoardian” egongo da, kalitate eta itsas segurtasun maila “altuak” direla eta. Materialak aukeratzeko orduan, funtzionaltasun, iraunkortasun eta mantentze lanetarako erraztasunari erreparatu diote, baita segurtasunari ere.
Ontziratzea eta lehorreratzea era independentean funtzionatzeko moduan egituratuta egongo da eraikin osoa, eta horrek tramiteak arinduko dituela espero dute, bidaiariei zein haien ekipajeari dagokienez. Beirazko fatxada iragazkorra du, eta 90 metroko luzera, 30 metroko zabalera eta 16 metroko altuera. Guztira, 3.200 metro karratu erabilgarri ditu espazioak. Kaiaren ondoko inguruan 170 metro luzeko pasabide finko bat egongo da; hala, bidaiariak itsasontzira igo ahal izango dira pasabide mugikor baten bidez. Orain ari dira eraikitzen, eta milioi bat euroko kostua izango duela aurreikusten dute.
300 aparkalekutik gora
Barruko espazioa ekitaldi publiko zein pribatuetarako alokatu ahal izatea da portuko agintarien helburua. Prezioak zehazteke daude oraindik. Horri esker, eskuratutako diru sarrerak ez lirateke oso altuak izango, baina, hala ere, espazio hori hainbat modutara erabiltzeko “interesgarria” izango litzatekeela uste dute. Oraindik zehaztu gabe dago zein gune egongo diren publiko orokorrarentzako erabilgarri. Izan ere, batzuetan aduana eta kontrol gunea ezingo dira ibili, baina bai beheko eta goiko solairuetako bi espazio handiak. Eskailera mekaniko eta igogailu bidez lotuta daude bi gune horiek.
Autoak aparkatzeko ere ez da izango arazorik. Eraikinaren inguruan 300 aparkalekutik gora egongo dira. 222 erabili ahalko dituzte hiritarrek itsas-bidaia ontziak ez daudenean; 31 leku terminaleko langileentzat izango dira, zortzi mugikortasun txikia duten pertsonentzat, hamar taxientzat eta 40 autobusentzat.
Terminal berria eraikitzerakoan, “arreta berezia” jarri diete ontzi enpresa handiek emandako informazioari, nazioarteko segurtasun arauei eta munduko terminal onenen ezaugarriei. Eraikinak bi solairu nagusi eta erdiko bat ditu. Beheko solairuan sarrera egongo da, eta informazio turistikoko gunea; erdiko solairuan, berriz, OPI aretoa eta bulegoak egongo dira. Lehen solairuan honako hauek egongo dira: itxarongela, bidaiarien kontrol gunea eta baita irteera gunea ere.
Eraikinak kristalezko kontainer erraldoi bat imitatzen du. Oso argitsua da, laukizuzen erako itxura du, eta zinkezko sabai batek babestua dago. Sei argi-zulo ditu, argi irudipen are handiagoa emateko. Gainera, estalkia okertuta dago, eraikinari “dinamismo” ukitua emateko.
32 milioi euroko proiektua
2005 eta 2015. urteen artean garatu da proiektua, eta 32 milioi euroko inbertsioa behar izan du. 2016. urtean zehar 51 itsasontzi heldu ziren Bilboko Portura: horrek esan nahi du 2015ean baino %21 itsasontzi gehiago iritsi zirela Getxora, 43 izan zirelako urte hartan. Guztira, 85.000 turista baino gehiago jaso ditu portu horrek, eta 7,5 milioi euroko eragina sortu dutela kalkulatzen dute portuko arduradunek. Bisitarien artean, %58 britainiarrak izan dira, eta %14, estatubatuarrak.
Portuko arduradunen hitzetan, eragin baikorra izango du terminal berriak etorkizunean. Horri esker, 2040. urtean Bilboko Portura 101 itsas-bidaia ontzi iritsi ahal izango direla diote. Ordurako, urtero 140.000 bidaiari jasotzea izango da helburua: oraingo kopuruaren bikoitza.