Alaitz Armendariz
Egoera larri batean alaitasunez laguntzea: hori izango da abenduaren 29an Bilborock aretoan egingo duten ekitaldiaren xedea. Malas Compañias zirku taldeko kideek eta Karola Zirku Espazioko lagunek gala berezi bat prestatu dute, errefuxiatuekin lan egiten duten hainbat proiekturi laguntzeko. Bost euro balioko dute sarrerek, eta, hala, lortzen duten dirua Greziako Kios irlan errefuxiatuei laguntzen dieten elkartasun proiektuetara bidaliko dute.
Ikuskizunean, Malas Compañias antzerki taldeaz gain, Karola Zirku Espazioa osatzen duten beste zortzi bat taldek hartuko dute parte. Bi pailazok gidatuko duten saioan, eskujokoak, akrobaziak, uztai jolasak, aireko dantzak eta bestelakoak egingo dituzte, eta umorea ere izango da. Nabarmendu dutenez, haur zein helduentzat aproposa izango da emanaldia. Sarrerak Bilborock aretoko leihatiletan daude eskuragarri jada.
Errefuxiatuei laguntzeko ez ezik, ikuskizunak antzerki taldeetako kideek elkar agurtzeko ere balioko duela azaldu du Malas Compañiaseko kide Mikel Pikazak. “Urtarrilean eta otsailean aktoreen oporrak izan ohi dira, nolabait esatearren; hortaz, guztiok elkartzeko aprobetxatuko dugu”, azaldu du. Karola Zirku Espazioa ia hamar taldek osatzen dute, eta elkartzeko aitzakia bat ere izango da Bilborocken eskainiko duten ikuskizuna.
Pikaza izan zen Bilborocken ikuskizun bat egitea proposatu zuena. “Bi gauza elkartu dira: nire asmo bat, eta antzerki konpainia”. Azaldu duenez, urtarrilean Greziara boluntario moduan joateko asmoa dauka, errefuxiatuei laguntzeko. “Hainbat proiektutako kideekin harremanetan jarri nintzen, boluntario gisa lan egiteko eta zirkuko jarduerak eskaintzeko”. Orduantxe bururatu zitzaion Pikazari hemendik ere lagundu zezakeela, eta, hala, dirua biltzeko gala bat egitea proposatu zien beste antzerki konpainiei. Bere talde Malas Compañias da, beraz, ekitaldiaren bultzatzailea, baina guztira ia hamar taldek hartuko dute parte abenduaren 29ko ikuskizunean.
Asko egiteko oraindik
Urte osoan , aretoetatik at ez da izaten aukera askorik antzerki lanak ikusteko. Hala, Pikazaren hitzetan, Euskal Herriko antzerki taldeen ibilbidea beti izaten da “malkartsua”. Nolanahi ere, pozik dagoela esan du, azken hiruzpalau urteetan goranzko joera egon delako. Garai “gozoan” daudela aitortu du, nahiz eta oraindik “erresistentzia handia” topatzen duten zirkurako programazioa prestatzeko orduan.
“Zirku eskolatik atera ginenean, hasieran gure ikuskizunak oso umilak ziren, baina, pixkanaka, ikasiz joan gara, eta berezko estilo bat garatu dugu”, azaldu du Pikazak. Dena dela, adierazi du oraindik “asko” dagoela egiteko kale antzerkiaren eta zirkuaren alde. “Ematen zaion garrantzia ez da beste toki batzuetan ematen zaionaren parekoa”.
Errefuxiatuen egoeraz ere mintzatu da Pikaza. “Arazoa itzela da, gordina eta larria. Guk, ekitaldian, ikuspuntu baikor batetik jorratu nahi dugu: badakigu oso errealitate gordina dela, baina ez dugu gordinago egingo. Ez dugu inor gaizki sentiaraziko; justu kontrakoa”. Umorearekin gauza asko landu daitezkeela uste du Pikazak. “Saiatuko gara arazo latz horren inguruan umorez eta baikortasunez hitz egiten”.